Hauspotu 2.0

Hauspoturen bigarren edizioak ekosistema kooperatibo propioak sortzea izango du helburu, aurretik identifikaturik dituen “Hauspotu-eskualdeetan”. Olatukoopekin batera abiatzera goazen prozesu honen bitartez, pertsonak eta taldeak hezte eta heltze bidean jarri nahi ditugu, lurraldearen beharrei eta ezaugarri territorial eta kulturalei lotutako proiektu kooperatibo, sozial eta kolektiboak garatzeko gune, espazio eta testuinguruak sortzeko helburuarekin; betiere, tokian tokiko beharrak eta balio kultural nahiz sozialak kontutan izanez eta horien gainean sortuz aktibitate sozio-ekonomiko berriak edo berrantolatuak/eraldatuak.

hauspotu 2.0 enkarterri

Eraldaketa honen ipar filosofiko zein politikoa, “bizitzaren iraunkortasuna edo bizigarritasuna” deituriko proposamenean oinarritzen da. Ikuspegi honen arabera, tokiko garapena bizitza sostengatzen duten jarduera produktibo zein erreproduktiboak indartzera bideratu beharko litzateke, baina ez edozein moduz: jarduera horietan herritarrek kontrola berreskuratzea litzateke paradigma berri honen funtsa.

Modu honetan eraikitzen da, beraz, “Lurralde Burujabe” gisa izendatzen dugun lurralde estrategia: helburu nagusia lurraldearen beharrizanei erantzungo dien jendarte eta garapen eredu bat sustatzea litzateke, kapital metaketan baino bizitzaren sostenguan oinarrituko dena, eta bitarteko (eta helburu) gisa pertsona eta komunitateen ahalduntzea bilatuko duena, horiek eurei eragiten dieten egitasmo sozioekonomikoen benetako jabe eta protagonista bilakatuz.

Bi ekintza-ildo nagusi finkatzen lagunduko genituzke lurralde burujabe horietara gerturatzen joateko, epe ertain batean: udalgintza eraldatzaile baterako oinarriak proposatzea da bat, eta, bestea, burujabetza sektorialetan egitasmo erreferentzialak garatzea.

Hartzaileei dagokienez, profil ezberdinetara iritsiko ginateke:

  • Norbanakoak / Taldeak: enpresa jarduera berriak abian jarri nahi dituzten taldeak eta norbanakoak edota beraien jardueran ekonomia sozialaren eta kooperatiboaren eredura eraldaketa bat egin nahi dutenak.

  • Herrigintza eragileak (elkarteak, sindikatuak, herri-plataformak...): beraien jarduera sozio-ekonomikoa sendotu, hobetu ala berritu nahi duten elkarte eta kolektiboak. Betiere, bere jardunaren baitan enplegua sortu eta soldatapeko langileak dauzkaten ekimenak.

  • Udalgintzan dabiltzan teknikari eta bestelako langile edo ordezkariak

Prozesua Enkarterrin (Aiaraldeak ere parte hartuko du) eta Lizarran (Izarbeibar, Tafallaldea eta Estellerria) abiatuko dugu. Bi eskualdetan 5 lan-saio eskainiko ditugu, uztaila eta abendua bitartean. Formazio saioekin Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarritzen diren proiektuak sustatzeko lanabesak eskainiko ditugu, eskualdeko ekosistema komunitarioa indartzeko.

Hauspotu 2.0 Lizarra