Ekonomia Soziala

Uztarrotz

Lurralde desoreka ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hiriak eta metropoliak handitzen ari diren neurrian, Euskal Herriko landa eremuko argia itzaltzen ari da emeki-emeki. Neurririk hartzen ez bada, egoerak ez du atzera bueltarik izanen. Hori dela eta, Udalbiltzak Euskal Herri mailako arazo larri horri, Euskal Herri mailako erantzuna ematea proposatzen du. Bide honetan, Koop 57 eta OlatuKoop izango ditugu bidaide. Hala, Ekonomia Sozial Eraldatzailean (ESE) oinarritzen diren proiektuak sustatuko dira Euskal Herrian. Batarekin, 250.000 euro arteko funtsa osatu da, beharra duten proiektuei laguntza finantzieroa eskaintzeko, eta, bestearekin, formazio saioak ematen dira, proiektuek euren bidean aurrera egin dezaten.

Konpromiso horren adibidea da, esaterako, 2013-2015 urteen artean Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak garatu zuen 'Euskal Pirinioetan lan eta bizi' programa. Egitasmo horren barruan, Nafarroa Garaiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrek, eragileek eta erakundeek sustaturiko hainbat proiektu diruz lagundu ziren. Datuen arabera, eremu hori baita euskal lurralderik baztertuenetakoa: despopulazioa, zerbitzuen irisgarritasun eskasa, eta biztanleriaren zahartzea pairatzen duten eremuak, alegia.

Esperientzia hartatik, oso emaitza baikorrak bildu ziren, eta horrenbestez, programa lurralde gehiagotan zabaltzearen aldeko hautua egin du Udalbiltzak.

Eskualdeak

Lanketa hau egiten hasteko, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako Gaindegia behategiak lanketa bat egin zion Udalbiltzari. Azterketa honen bitartez, Partzuergoak gertutik ezagutu nahi izan du lurraldea osatzen duten eskualdeen errealitatea, hiru ardatz kontuan hartuta: zerbitzuen irisgarritasuna, despopulazioa eta langabezia tasa.

Argazki orokorra egin eta datu guztiak mahai gainean izan ostean, Udalbiltzak premia eta desoreka nabarmena duten eskualdeak identifikatu zituen eta proiektua eskualde horietan garatzea erabaki zuen:

  • Pirinio Kontinentala: Nafarroa Beherea eta Zuberoa

  • Pirinio Penintsularra: Auñamendi, Pirinio Aurrea, Erronkari, Zaraitzu, Zangotzaldea eta Irunberri

  • Nafarroa Erdigunea: Tafallaldea, Lizarraldea eta Izarbeibar

  • Araba: Araba Mendialdea, Trebiñu eta Arabako Ibarrak

  • Enkarterriak

hauspotu mapa

Proiektuak

Hauspoturen baitan Ekonomia Sozial Eraldatzailearekin lotura duten proiektuak sustatuko dira, modu autonomoan eta ekarpen sozial positiboak eginez jarduten duten egitasmoak. Bereziki:

  • Etxebizitza, lur eta eraikinen erabilerarako lagapen komunitarioetarako proiektuak.

  • Zaintzaren alorrekoak.

  • Agroekologiari lotutakoak.

  • Herrietan bizi ahal izatea laguntzen duten egitasmoak edota herri kooperatibak.