Aholkularitza Zerbitzua

Zerbitzu honen bitartez, Burujabetza eta Udalgintza proiektu eraldatzaileen inguruko laguntza eta aurreproiektuak garatuko dira Partzuergokideentzat, baita bestelako hautetsientzat laguntza eta zalantza arinak eskaini ere.

Euskal Herriko udalerri ezberdinek udalgintza proiektu eraldatzaile eredugarriak burutzen dihardute edo gauzatzeko konpromisoa hartu dute, bereziki, burujabetza sektorialetan oinarrituta, oinarrizko zerbitzuen azpiegituretan demokratizaziorako, deskarbonizaziorako edo herritarren ahalduntzerako bidean. Proiektu hauek gauzatzea ez da batere erraza, zailtasun teknikoaren osagaia hor dago eta maiz udal
antolamendu edo marko juridikoaren osagaiak ere beste zailtasun batzuk dakartza. Izan ere, XIX. mendeko udal antolamendua baliatzen ari dira XXI. mendeko erronkei aurre egiteko. Hortaz, Udalbiltza Partzuergoa eragile eta adituen sare bat josten ari da, aditu hauen eta Partzuergoko teknikarien bitartez burujabetza proiektuen eta proiektu eraldatzaileen inguruko aholkularitza eta laguntza eskaintzeko Euskal Herriko hautetsi eta udalei, eta era sendoago eta zehatzago batean Partzuergoko kideak diren udalei.

Hauek dira Aholkularitza Zerbitzua jaso duten adibide batzuk:

  • Leitza:  sortze bidean dagoen proiektu bati bultzada emateko eskatu du aholkularitza. Mimukai du izena proiektuak, eta Larraun-Leitzaldea eskualdearen garapena eta elikadura burujabetza sustatzeko zentro bat irekitzea dute helburu. Udalbiltzak proiektuaren ekintza plana bideratzeko txosten bat egingo du, Mimukai guztiz osatzeko bultzada emateko.
  • Amoroto: energiaren burujabetzaren bidean plangintza bat diseinatzeko eskaera egin dute. Eurekin egindako lehen bileran udalerriaren beharrak eta nahiak aztertu dira, eta horren arabera egitarau bat zehaztuko da, udalak berak energia burujabetzarako bide hori jorratu dezan.