Ikerbiltza

Hamaika modu daude herri bat eraikitzeko eta garatzeko. Sarritan, gainera, oharkabean igarotzen diren lanketa edo jarduera horiek bihurtzen dira garapenaren giltzarri. Helburu horrekin jaio zen Ikerbiltza proiektua; batetik, Euskal Herriko unibertsitateetan sortzen den ezagutza eta jakintza herrien garapenerako mesedetan jartzeko eta, bestetik, gaurko eta biharko euskal herritarren ibilbide profesionalean bultzada bat emateko.

Garatzen ari diren ildoak

Garapenaren iparrorratzari jarraiki, 2018an Udalbiltza Partzuergoak Ikerbiltza programa indartzea erabaki zuen. Horretarako, udalen sarea osatzen duten herriekin jarri zen harremanetan, euren agendatan lehentasunezkoak diren gaiak ezagutzeko xedearekin. Hala, hiru gai nagusitu ziren:

Energia burujabetza

Proiektuaren helburua da Euskal Herrian zehar energia diagnostikoak abiatzea, berriztagarrien itzalean: batetik, baliabide energetikoen azterketak eginen dira, hots, tokiko baliabideen azterketak eginen dira, eta, bestetik, eraginkortasun planak eginen dira; hain zuzen, lekuko baliabideak eta beharrak ezagututa, eraginkortasun plana diseinatu eta abiatuko da. Horiek horrela, 2018-2019 ikasturtean, bi lanketa abiatu dira Nafarroako Foru Komunitateko Aezkoa ibarrean (Piriniotan) eta Euskal Autonomia Erkidegoan (Aiaraldea eskualdea). Hirugarren hankari dagokionez, Ipar Euskal Herriari, aukera ezberdinak aztertzen ari dira bertan ere lanketa egiteko.

2. Aiaraldea.jpg

Gizarte ekonomia

Sarritan, Euskal Herria Gizarte Ekonomia eta Eraldatzailea lantzen den eremurik nagusienetako bat dela esaten da, inolako datu zehatzik eman gabe. Baina, zertan da, zehazki, errealitate hori? Zenbateko pisua du Gizarte Ekonomiak Euskal Herriko ekonomia orokorrean? Zergatik da eraldaketa sozialerako giltzarria? Galdera horiei erantzuteko xedearekin, diagnostiko bat egingo da Euskal Herri mailan, gizarte ekonomiaren benetako errealitatea ezagutzeko helburuarekin. Ostean, ikerketaren datuak mahai gainean izan eta gero, etorkizuneko proiektuak eraikitzen hasteko ezinbesteko oinarria izango da.

Elikadura burujabetza

Mundua etengabe aldatzen ari den honetan, gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari dira jasangarritasunean oinarritzen diren politikak: Lurrari lotutako ekonomia, ingurumenarekin bat egiten duten jarduerak, tokiko produktuen kontsumoa xede duten ekintzak eta abar. Gero eta gehiago dira, beraz, Elikadura Burujabetzaren gaia euren agendatan sartzen ari diren udalak, euren herrien eta eskualdeen garapenaren lanabes modura.

Mundua etengabe aldatzen ari den honetan, gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari dira jasangarritasunean oinarritzen diren politikak

Hori dela eta, Ikerbiltza programak Partzuergoa osatzen duten herrietako errealitatea ezagutu, eta ekintzak diseinatzen ari da. Beraz, lehen lanak egiten hasteko, hiru eskualde identifikatu ditu: Nafarroan, Leitza-Larraun (Mendialdea) eta Sakana eskualdeak; Bizkaian, Lea-Artibai eskualdea. Hirurak oso proiektu ezberdinak dira euren artean. Lehenengo ibarrean, adibidez, parte hartze prozesu bat abiatuko da eskualdeko herritarren artean, etorkizuneko ekintzak eta proiektuak sustatzeko. Bigarrengoan, lur komunalen azterketa bat abiatuko da; eta hirugarrengoan, tokiko produktuek bertako merkataritzan duten lekua aztertuko da. Ipar Euskal Herrian ere aukera ezberdinak aztertzen ari dira proiektuak abian jartzeko.

3. Leitzaldea.jpg