Kontratatzailearen profila

IKERKETA DEIALDIA:

UDALBILTZA PARTZUERGOAK BERE JARDUNEAN ERABILTZEKO IKERKETA BAT EGITEKO LAGUNTZA TEKNIKOA PROZEDURA IREKI BIDEZ KONTRATATZEKO BALDINTZA TEKNIKOEN AGIRIA

 

icono-PDF.pngDeskargatu PDF gisa

LEHEN KLAUSULA.- XEDEA

Agiri honen xedea Udalbiltza Partzuergoak bere jardunean erabiltzeko behar duen ikerketa kontratatzeko baldintza eta zehaztapen teknikoak ezartzea da.

 

BIGARREN KLAUSULA.- KONTRATAZIO ORGANOA ETA KONTRATUAREN KUDEAKETARAKO UNITATEA

Kontrataziorako organoa Udalbiltza Partzuergoko Lehendakaritza izango da eta kontratuaren unitate kudeatzailea Partzuergo honetako Batzorde Eragilea.

 

HIRUGARREN KLAUSULA.- KONTRATUAREN PREZIOA

Kontratuaren prezioa 15.000 eurokoa izanen da, BEZ kontutan hartu gabe.

Kopuru hori gainditzen duten proposamen ekonomikoak baztertuak izango dira.

 

LAUGARREN KLAUSULA.- KONTRATUAREN IRAUPENA

Kontratuak sei hilabeteko iraupena izango du, 2020ko martxoaren 1ean bukatuko delarik.

 

BOSGARREN KLAUSULA.- PREZIOAK BERRIKUSTEA

Esleipen-hartzaileak ezingo du bere eskaintzan ezarritako prezioak igotzea inolaz ere erreklamatu.

 

SEIGARREN KLAUSULA.- ESLEITZEKO PROZEDURA

Baldintza hauetan aipatzen diren lanak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 131. artikuluak xedatutakoaren arabera esleituko dira, prozedura irekiari jarraituz. Lizitazioari buruzko iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Partzuergo honen webgunean argitaratuko da gutxienez.

 Eskaintzarik onuragarriena plegu honetan ezarritako irizpideei jarraiki zehaztuko da.

 

ZAZPIGARREN KLAUSULA.- IKERKETAREN HELBURUAK

Ikerketaren xedea Euskal Herria eta euskal herritarrak saretzeko sortu diren kohesiorako ekimenak ikertzea da, eta jarduera horien inguru sozialean zein ondorio dituzten ikertzea euskal herritartasunari nahiz naziotasunari begira. Halaber, kohesio bide berriak identifikatzen laguntzea ere badu asmo.

  

ZORTZIGARREN KLAUSULA.- IKERKETAREN DESKRIBAPEN ETA EZAUGARRIAK

Udalbiltza Partzuergoa Euskal Herriko udalak eta hautetsiak biltzen dituen erakunde publiko bakarra da. 1999ko irailean jaio zen, Euskal Herria eraikitzeko eta herritarrak kohesionatzeko lanabes gisa, besteak beste. Horiek horrela, hogei urte hauetan hori izan da Partzuergoaren norabidea finkatu duen iparrorratza. Berriki, 2017ko urtean zehar, gogoeta prozesu bati ekin zioten erakundea osatzen duten udalek eta hautetsiek eta Euskal Herriko kohesioaren aldeko konpromisoa berretsi zuten. Gauzak horrela, Partzuergo honek eraikitzen dituen proiektuak saretzean eta kohesioan dute oinarri nagusi.

Azken urte hauetan, Euskal Herriko ikuspuntu batetik abiatuta, lurraldea eta euskal herritarrak kohesionatzeko eta saretzeko hainbat proiektu sortu dira Euskal Herrian zehar. Hori dela eta, Udalbiltza Partzuergoak ikerketa kualitatibo bat abiatu nahi du lurraldearen eta euskal herritarren arteko kohesio bide horiek izan eta izaten ari diren ondorioak ezagutzeko.

Lanketak Euskal Herrian edo/eta euskal diasporan abian diren proiektuak ikertu nahiko lituzke; zehazki, proiektu horien inguru sozialean zein eragin izan dituzten ezagutu nahi du Partzuergoak, euskal herritartasunari nahiz naziotasunari begira. Halaber, etorkizunean herritarrak saretzeko gakoak identifikatu nahiko lituzke.

Hala, abiapuntu moduan, ikerketa honek zera ezagutu nahiko luke, besteak-beste:

  • Urte hauetan Euskal Herriko zazpi lurraldeetan sortu diren kohesio bide mota ezberdinak aztertzea (nabarmenenak, originalenak, interesgarrienak…): lurraldea kohesionatzeko eta herritarrak saretzeko.
  • Euskal Herria kohesionatzeko sorturiko bideek izan dituzten helburuak eta izan duten garapena.
  • Proiektu horiek euren inguru sozialean izan duten eragina.
  • Herritarrak kohesionatzeko sor daitezkeen bide berriak aztertzea, iradokizunak biltzea.

Horiek horrela, ikerketa gaiarekin Udalbiltza Partzuergoak etorkizuneko proiektuak marrazteko eta kohesio bidean aurrera egiteko pausuak emango lituzke. Modu horretan, herritarren, eragileen eta udalen artean zubi berriak eraikiko eta berreraikiko lituzke Partzuergoak.

 

BEDERATZIGARREN KLAUSULA.- GIZA-BALIABIDEAK

Esleipen-hartzailearen kontura arituko diren langileek altan egon beharko dute Gizarte Segurantzan eta dagokien lan-kontratua izan. Langile horiek ez dute lan harremanik izango Udalbiltza Partzuergoarekin, esleipendunaren mendekoak izango baitira soil-soilik, eta harenak izango dira aipatutako langileen nagusi izateari atxikitako eskubide eta betebehar guztiak, lan arloko legediaren arabera.

 

HAMARGARREN KLAUSULA.- ESLEIPENDUNAREN BETEBEHARRAK

Esleipenduna beharturik geratzen da ondoko eginbehar hauek betetzera:

  • Oinarri hauetan ezarritakoaren arabera bete behar du kontratua.
  • Esleipen honen xede den ikerketa burutzeko Udalbiltza Partzuergoak emandako aginduak bete behar ditu.
  • Ikertzaileez gain, ikertzaileen lana eta ikerketa bera koordinatzeaz arduratuko den koordinatzailea izendatu beharko du. Hura Udalbiltza Partzuergoaren aurrean solaskidea izango da kontratu honen gauzatzearekin zerikusia duten alderdi eta gorabehera guztietarako, eta bera izango da, halaber, kontratatutako ikerketa zuzentzeko arduraduna.
  • Kontratua indarrean den bitartean kontratua betetzeko beharrezkoak diren baliabide pertsonalak eta materialak eduki behar ditu.
  • Oinarri hauetan xedatutako edozein betebehar burutzean sor litezkeen eragozpen edo atzerapenen aurrean esleipendunak aldaketarik egin beharko balu, ezinbestez Udalbiltza Partzuergoari jakinarazi beharko lioke aurrez, honek ontzat eman dezan.
  • Kontratistak Gizarte Segurantzaren eta laneko segurtasun eta osasunaren alorrean indarrean dagoen araudia bete beharko du Ez da inolako lan loturarik egongo esleipendunak kontratua gauzatzeko baliatzen dituen langileen eta Udalbiltza Partzuergoaren artean.
  • Esleipendunak behar beste neurri hartuko ditu esleipen honetako zerbitzua ematerakoan hirugarren batzuei kalterik egin ez dakien. Halere, kalterik egingo balu, esleipendunarena litzateke erantzukizuna.
  • Ikerketa burutzean ikertzaileek zein ikertuek jasan lezaketen edozein motatako istripu edo gertakari kaltegarriri aurre egin ahal izateko, esleipendunak ikerketa bere hedadura osoan estaliko duen erantzukizun zibileko asegurua izan beharko du.
  • Kontratak ekarritako edozein motatako gastuak (giza baliabideak, aseguruak, garraioak, zergak, tasak, prezio publikoak, baimenak, lizentziak eta abar), materialak eta baliabide teknikoak esleipen-hartzailearen kontura izanen dira.
  • Esleipendunak kontratu honen xedeari dagozkion zereginak betetzeko beharrezkoa den langile kopuruari eutsi beharko dio une oro eta edozein Gai horri dagokionez enpresaren bajen, oporren eta antzeko beste arrazoien ondorioz langileak falta badira, esleipendunak betetzeko dauden lanpostu horiek bete beharko ditu, halako eran non eutsi egingo zaion kontratuaren xede diren zereginak betetzeko beharrezkoa den langile kopuruari.
  • Esleipendunak hitz ematen du bete egingo duela datu pertsonalen babesari buruz indarrean den araudia eta, bereziki, Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta gainerako xedapen osagarriak. Era berean, hitz ematen du langileei jakinarazi eta betearaziko diela agiri honetan ezarritako betebeharrak eta, zehazki, sekretua gorde beharrari dagozkionak.
  • Kontratuaren xede diren azterlan, txosten, proiektu eta bestelako lanak euskaraz egingo dira, eta kontratuaren esleipen hartzaile diren entitate edo pertsona fisikoek euskara erabili beharko dute kontratuaren xedeko jarduerari lotutako esku- hartze publikoetan. Aipatu hizkuntza baldintzak ez betetzea kontratua desegiteko arrazoi nahikoa izango da.

  

HAMAIKAGARREN KLAUSULA.- PROPOSAMENEN AURKEZPENA

Lizitatzaile batek ezingo du eskaintza bat baino gehiago aurkeztu, ez eta beste lizitatzaile batzuekin batera eskaintzarik izenpetu baldin eta bakarkakoa aurkeztu badu, ezta era horretako talde batean baino gehiagotan agertu ere. Arau hori hautsiz gero, edo lotutako enpresek eskaintzak aldi berean aurkeztuz gero, ez da eskaintzetariko bat ere onartuko.

Proposamenak aurkeztean lizitatzaileak onartzen du kontratua arautzen duten agirietan aurreikusitako baldintza guztien edukia, inolako salbuespen edo erreparorik gabe.

Proposamenak Udalbiltza Partzuergoaren Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkeko egoitzan (modu presentzialean nahiz postaz igorrita) edota ikerbiltza@udalbiltza.eus helbidean aurkeztuko dituzte lizitatzaileek, 2019ko abuztuaren 30a baino lehen. Proposamenak postaz bidaliz gero, ikerbiltza@udalbiltza.eus helbide elektronikoaren bidez jakinaraziko zaio kontratuaren kudeaketarako unitateari.

Proposamenak gutun-azal bakarrean aurkeztuko dira, itxita eta lizitatzaileak sinatuak eta zigilatuak eta ondoko izen eta agiriak izan beharko dituzte:

  • Pertsona fisikoa edo juridikoaren nortasuna eta jarduteko ahalmena frogatzeko dokumentuei dagokienez, pertsona fisikoen kasuan Nortasun Agiri Nazionala edo dagokien estatuko baliokidea aurkeztuko da; pertsona juridikoak direnen jarduteko ahalmena frogatzeko, berriz, dokumentu hauek aurkeztuko dira: eratzeko eskritura edo dokumentua, estatutuak edo fundazio-egintza, jarduerak bete beharreko arauak jasotzen dituztenak, dagokien erregistro publikoan. Lizitazioa elkartuta parte hartzen duten lizitatzaileek egina bada, elkartuta parte hartzeko borondatea adierazten duen dokumentu pribatua ere aurkeztuko da, bakoitzari dagokion parte hartzearen ehunekoa eta denen izenean arituko den ordezkariaren kontaktua barnebiltzen dituena.
  • Lizitatzailearen zinpeko aitormena kontrataziorako eskatzen diren baldintzak betetzen dituela Aitormen horretan lizitatzailea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatearen erantzukizunpeko berariazko adierazpena sartu behar da.
  • Enpresako langileen zerrenda, langile bakoitzak dituen titulu akademikoak eta lan-esperientzia jasotzen dituena.
  • Azken hiru urteetan egindako lan nagusien zerrenda, bakoitzaren zenbatekoarekin, datarekin eta hartzailearen —publiko zein pribatua— izenarekin.
  • Jakinarazpenak egiteko helbide elektronikoa.
  • Lizitatzailearen aitorpena, edo, hala badagokio, bere ahaldun edo ordezkariarena, non bere erantzukizunpean adieraziko baitu enpresak eta administratzaileak ez daudela sartuak kontratatzeko ezgaitasun edo bateraezintasun arrazoietan, kontratu hau arautzen duten legeek ezarritakoaren arabera.
  • Plegu honen hamabigarren klausulan ezarritakoa baloratu ahal izateko lizitatzaileak beharrezkotzat duen dokumentazioa.

 

HAMABIGARREN KLAUSULA.- ESLEIPENERAKO PROZEDURA

Aurkeztutako proposamenak balioetsi eta onuragarriena den eskaintza zehazteko, honako hauek izanen dira:

 Proposamen teknikoa: 80 puntu arte, ondoko atalei jarraiki:

  • Ikerketaren definizio orokorra (ikerketaren sarrera, laburpena, hipotesiak eta helburuak, eremuak, indexazioa, bibliografia eta egutegia biltzen ditu): 15 puntu arte.
  • Metodologia (ikerketa garatzeko erabiliko diren metodologiak eta teknikak biltzen ditu): 10 puntu arte.
  • Baliabide tekniko eta materialak: 10 puntu arte.
  • Ikerketaren egokitasuna, lurraldetasuna kontutan hartzea: 15 puntu arte.
  • Lan taldearen esperientzia eta curriculuma: 10 puntu arte.
  • Arloen aniztasuna (kohesio bideak aztertzerakoan, aniztasuna bermatzea: kohesio bide ekonomikoak, kulturalak, sozialak…): 10 puntu arte.
  • Kohesio bideen sustatzaileen aniztasuna bermatzea (erakunde publiko eta pribatuak, herritarren egitasmoak, eragileak…): 10 puntu arte.

Proposamen ekonomikoa: 20 puntu arte. 20 puntu izanen ditu eskaintzarik merkeenak. Gainerakoei horren araberako puntuazioa emanen zaie proportzionalki. Ez dira onartuko lizitazioaren prezioa gainditzen duten eskaintza ekonomikoak.

Puntuazio orokorrean bi lizitatzaileren edo gehiagoren arteko berdinketa emanen balitz, lantaldean duten langile minusbaliatuen ehuneko handiena duen enpresa hobetsiko da, betiere, % 3 baino txikiagoa ez bada; hori ezean edo berdinketak jarraituko balu, behin-behineko langileen ehuneko txikiena duen enpresa hobetsiko da, betiere, % 10 baino handiagoa ez bada; eta hori ezean edo berdinketak jarraituko balu, genero ikuspegitik jardunbide egokiak dituen enpresaren alde ebatziko da, kasu guztietan kontuan hartuz eskaintzak aurkezteko epea amaitzeko unean aipatu baldintzak ematea. Lehen aipatutako irizpideak aplikatu ondoren berdinketak jarraituko balu, zozketa bidez ebatziko da. Horretarako guztirako, ukituak diren enpresei beharrezko dokumentazioa eskatuko litzaieke, eta aurkezteko bost eguneko epea ezarri.

 

HAMAHIRUGARREN KLAUSULA.- KONTRATAZIO MAHAIA

Kontratazio mahaia horrela osatuko da:

  • Mahaiburua: Udalbiltza Partzuergoko
    • Ordezkoa: Udalbiltza Partzuergoko Lehendakariak izendatzen duen pertsona.
  • Kidea: Udalbiltza Partzuergoko Batzorde Eragileko kideren bat.
    • Ordezkoa: Udalbiltza Partzuergoko Batzorde Eragileko kideren
  • Kidea: Ikerbiltza programako lan taldeko kideren bat.
    • Ordezkoa: Ikerbiltza programako lan taldeko kideren
  • Kidea: Udalbiltza Partzuergoko Ikerbiltza programako teknikaria.
    • Ordezkoa: Udalbiltza Partzuergoko teknikari
  • Kidea: Udalbiltza Partzuergoko idazkari – kontuhartzailea.
    • Ordezkoa: Udalbiltza Partzuergoko kide den herriren bateko idazkari – kontuhartzailea.

 

HAMALAUGARREN KLAUSULA.- ESKAINTZAK IREKITZEA

Aurkeztutako lizitatzaileen proposamenen irekitze eta aztertzea barne ekitaldian egingo da, adjudikatzeko irizpideen araberako puntuak emateko.

 

HAMABOSGARREN KLAUSULA.- ESLEIPENA

Aurkeztutako eskaintzaren bat iluna edo zehaztugabea dela ikusten bada, argibide gehiago eskatu ahal izango dira; hauek ezingo dute inolaz ere eskaintzaren edukia aldatu. Erantzuteko epea bost egun naturalekoa izango da. Ilun edo zehaztugabetzat jotzen dena prezioa baldin bada, prezio horrek formula, ekuazio edo antzeko zerbaiti men egiten dion kasuetan argibide gehiago eskatzen ahalko dira, argibideak hura osatzen duten faktoreei buruzkoak baino izan ezingo direlarik.

Eskaintza txikiegia atzematen bada, eta susmoa hartzen bada lanak ez direla behar bezala egingo, kontratazio mahaiak, eskaintza baztertu aurretik, egoera horren berri emango dio eskaintza aurkeztu duen lizitatzaileari. Eskaintza bat txikiegitzat hartuko da kontratuaren balio zenbatetsia baino % 30 txikiagoa bada.

Kontratazio mahaiak esleipen proposamena egingo du. Proposamenean plegu honetan ezarritako irizpide objektiboak aplikatzean eskaintza bakoitzari eman zaion puntuazioa aipatuko da, eskaintza onargarria egin duten lizitatzaileak lehentasun hurrenkeraren arabera ordenatuz.

Kontratazio mahaiak esleipen proposamena egingo dio kontratazio organoari, honek prozeduran parte hartu dutenei hartutako erabakia jakinaraziz. Jakinarazpenean hautatutako eskaintzaren ezaugarriak edo abantailak eta esleipenak erabateko eraginkortasuna zein datatan izango duen azalduko dira.

Kontratazio organoak, plegu honetan ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eskaintza onuragarriena duen proposamenari esleituko dio kontratua, gehienez ere 2019ko irailaren 25eko datarekin.

Interes publikoko arrazoiak direla eta, lizitazioa esleitu gabe uzten ahalko da, aurkeztutako eskaintzak agiri honekin bat etorrita ere, baldin eta inguruabar faktiko edo juridikoen ondorioz interes publikoa lehenestea zentzuzkoa bada.

 

HAMASEIGARREN KLAUSULA.- KONTRATUA GAUZATZEA

Kontratua dokumentu administratiboan gauzatuko da esleipenaren suspentsio epea amaitu eta hamar egun naturaleko epean, eta dokumentu horrek edozein erregistro publikora sartzeko ahalbidetuko du.

Kontratua formalizatzen den egun berean ekingo zaie lanei, edo, hala badagokio, kontratuaren unitate kudeatzaileak zehazten duen egunean. Kontratua baldintza hauei estuki lotuta gauzatuko da, eta indarrean den legediak Udalbiltza Partzuergoari kontratua interpretatzeko, aldatzeko eta deuseztatzeko ematen dizkion ahalmenen mende geldituko da kontratista. Agintzen zaizkion aginduak betetzen ez baditu, agiri honetan ezarritako zigorrak aginduko dira.

 

HAMAZAZPIGARREN KLAUSULA.- KONTRATUAREN SUNTSIPENA

Pertsona edo erakunde esleipendunari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla eta kontratua ezin bada adierazitako epearen barruan gauzatu, Partzuergo honek hura suntsiaraztea erabaki dezake, baina ezinbesteko izapidea izango da interesdunari entzutea.

Pertsona edo erakunde esleipendunak Udalbiltza Partzuergoari kontratuan zenbatetsitako zenbatekoaren % 5ari dagokion zigorraren ordainketa egin beharko du, eta baita kalte eta galeren kalte-ordain osagarria ere, ehuneko horretatik gorako guztiari dagokionez. Hautatutako pertsonak edo erakundeak ez dituenean kontratua gauzatzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen, eta kontratua suntsitzea erabakitzen denean, Udalbiltza Partzuergoak haren ondorengo pertsona edo erakunde lizitatzaileak hautatu ahal izango ditu, eskaintzen beheranzko balorazioaren arabera, baldin eta hori posible bada eta interesdunaren adostasunarekin, deialdi berri bat egin aurretik.

 

HEMEZORTZIGARREN KLAUSULA.- KONTRATUA DEUSEZTEKO ARRAZOIAK

Baldintzaren bat ez betetzeak edo behar den moduan ez betetzeak Partzuergo honek kontratua deuseztatu edo zehapen bat ezartzea ekarriko du. Zehapen ekonomikoak arau-haustearen larritasunaren araberakoak izanen dira. Zehapenak ez ordaintzeak, halaber, kontratua deuseztatzea ekarri ahalko du berarekin. Nolanahi ere, kontratua deuseztatzeak kontratistari eginiko lanen prezioa jasotzeko eskubidea ematen dio, betiere kontratuan ezarritakoaren arabera eginak badira eta administrazioak jaso baditu.

Horretaz gain, ondokoak izan daitezke kontratua deuseztatzeko edo zehapen bat ezartzeko arrazoiak:

  • Kontratatutako zerbitzuetakoren bat ez ematea.
  • Zerbitzua atzeratzea edo etetea.
  • Arduragabekeriaz edo axolagabekeriaz jardutea.
  • Segurtasun eta osasun neurriak ez betetzea.
  • Giza baliabideak edo baliabide materialak faltatzea edo ez edukitzea.
  • Isilpekotasun profesionalaren betebeharra ez betetzea.
  • Azpiegitura bat nahita hondatzea edo hondatzen uztea.
  • Memorietan faltsukeriaz jokatzea.
  • Errealitatearekin bat ez datozen fakturak aurkeztea.
  • Kontratua baimenik gabe uztea.
  • Kontratuaren Unitate Kudeatzailearen teknikariek idatziz agindutako zereginei uko egitea.

 

HEMERETZIGARREN KLAUSULA.- LANAK BURUTZEA ETA KONTROLATZEA

Lanak kontraturako oinarri izango diren baldintza hauei estuki lotuta eta Udalbiltza Partzuergoak lanaren jarraipena egiteko izendatutako langileek idatziz emaniko jarraibideak kontuan harturik gauzatuko dira. Langile horiek kontratu honetan sartzen diren lanen kontrola egingo dute, kontratistak kontrol hori ahalbidetuko dielarik.

Egindako lanak ez badira kontratatutako zerbitzura egokitzen kontratistari egotz dakizkiokeen akats edo hutsak direla kausa, Udalbiltza Partzuergoak lanak atzera bota ahal izango ditu eta ordaintzeko betebeharretik salbuetsita geldituko da.

2019ko abenduaren 6a baino lehenago, esleipendunak ikerketaren aurrerapena aurkeztuko du, organo kontratatzailearekin adostutako terminoak jasoko dituena. Aurrerapen hau, gutxienez, plegu hauetan jasotako prozeduran aurkeztutako proposamenaren lanaren %50ekoa izango da.

 

HOGEIGARREN KLAUSULA.- ORDAINKETA

Kontratu honengatik Udalbiltza Partzuergoak gehienez ere 9.000 euro ordaintzen ahalko ditu 2019. urtean eta 6.000 2020.ean (bi kopuruak BEZ kenduta). Edozein kasu, esleipen prezioaren %60a 2019a bukatu baino lehenago ordainduko da, aurkeztutako ikerketaren aurrerapenari oniritzia ematerakoan, eta gainerako %40a kontratazio organoak ikerketa amaitutzat ematen duenean ordainduko da.

Prezio horretan sartuko dira ikertzaileen soldata eta gizarte segurantza, kilometrajea, ikerketa burutzeko lanak, materiala eta trebakuntza, eta ikerketa abian jartzeko aldez aurretik egin behar diren kudeaketa lanak. Bestelako jarduerak ez dira finantzatuko.

Esleipendunak fakturak eta memoriak aurkeztu eta kontu-hartzaileak, horretarako izendatutako teknikariak eta Udalbiltza Partzuergoko Lehendakariak oniritzia eman eta gero egingo dira ordainketak. Bi faktura aurkeztu ahal izango ditu esleipendunak: kontratua sinatuz geroztik abenduaren 31ra bitartekoa bata eta 2020ko urtarriletik lana amaitu bitartekoa bestea. Fakturetan fakturatutako orduen kontzeptu zehatzak agertuko dira.

 

HOGEITA BATGARREN KLAUSULA.- LANEN JABETZA ETA USTIAPENA

Kontratu hau burutzeko prestatzen diren dokumentu guztiak eta egiten diren lanak kontratugilearenak izango dira eta ez beste inorenak. Esleipen-hartzaileak ezin izango du material hori erabili, ezta argitaratu edo zabaldu ere, edo beste inori laneko datu edo dokumenturik eman, baldin eta Udalbiltza Partzuergoak espresuki emandako baimena ez badu. Konpromiso hori hausten badu, leporatzen ahal zaion kaltea ordaindu beharko dio Udalbiltza Partzuergoari.

Bakar-bakarrik bi aldeen artean akordiorik egiten baldin bada eman ahalko zaio baimena esleipen-hartzaileari lanak ustiatzeko, eta akordioan adierazten den moduan bakarrik.