Udalbiltza

Udalbiltza izaera juridiko publikoa duen euskal erakunde nazionala da. Partzuergoa da, eta finkatutako prozedurak betez, hala erabakitzen duten udalek eta lukro asmorik gabeko elkarte pribatuek osa dezakete. Bere estatutuek jasotzen duten bezala, partzuergoak bi estatuek ezarritako muga gainditzeko borondatea du, nazioarteko itun eta Europar legedian oinarrituta; bereziki 1995eko martxoaren 10eko Baionako itunean, zeinaren arabera Frantziar Errepublikako udalek bat egin dezaketen Partzuergo honekin.

Euskal Herria burujabe bat eraikitzeko bidean, Udalbiltza Partzuergoak Euskal Herriko garapen eta barne kohesioa sustatzea ditu helburu nagusi. Horretarako, euskal lurraldea zatitzen duten hiru eremu administratiboetako udalen arteko elkar ezagutza eta lankidetza instituzionala bultzatzen ditu, Euskal Herriko jendartearen dinamismo handiko espresioak diren eragileak ere bidelagun izanik.

Antolaketa

Udalbiltzaren barneko organoen antolaketa, funtzioak, ordezkaritzak eta hauek guztiak aukeratzeko prozedurak bere estatutuetan definitzen dira.

2. Antolakuntza.png

  • Kontseilu Nagusia: urtean bi aldiz elkartzen da, urtarrila eta ekainean. Erakundeek eta herritarrek Partzuergoan parte hartu eta erabakitzeko organoa da; bertan ordezkatuak daude partzuergokide diren erakunde guztiak.
  • Batzorde Eragilea: Partzuergoa gobernatu, kudeatu eta administratzeko organo kolegiatua da. Lehendakariak, Lehendakariordeak, Idazkariak eta erakunde publiko eta pribatuen Partzuergokideen ordezkaritzek osatuko dute.
  • Lehendakaria: Partzuergoko organo exekutiboa da, berak ordezten du legez, eta berak deitzen eta presiditzen ditu Kontseilu Nagusia eta Batzorde Eragilea. Lau urtero berritzen den kargua da.
  • Partzuergoko Idazkaritza Nagusia: Kontseilu Nagusiko eta Batzorde Eragileko idazkaritza-eginkizunak betetzen dituen organo teknikoa da. Idazkaria, zuzendaria, administraria, komunikazio arduraduna eta lurraldeetako teknikariek osatzen dute.
  • Partzuergoko Batzorde Teknikoak: Erakundearen helburuak garatzeko estrategiak landu eta prestatzeko lantalde bezala eratzen dira. Batzorde tekniko batek garatzen du proiektu bakoitza, eta alor bakoitzean adituak diren pertsonez osaturik daude.
Izenburua Elementu mota
Udalbiltza Lotura
Udalerriak eta hautetsiak Karpeta
Batzorde Eragilea Karpeta