EH Kom

Ehkom irabazi asmorik gabeko kooperatiba integrala da, lankidetza publiko-komunitarioan oinarrituta Euskal Herrian telekomunikazio-sare irekiak eratzeko eta kudeatzeko jaio dena. Bere asmoa herritarrak, erakunde publikoak eta bestelako eragile komunitarioak inter-konektatzea da, berauen arteko elkarlana sustatuz eta baliabideak eta zerbitzu teknologikoak partehartzaile guztien artean partekatuz. Udalbiltzaren Inkubagailua adarretik jaiotako lehen egitasmoa da, publikoki aurkeztu den unetik proiektu independente gisa jokatzera pasa dena.

pantaila-01.jpg

ehkom.eus

Eratu nahi ditugun sareen izaerari dagokionez, ehkom-ek garatutako sareak beti izango dira irekiak, libreak eta neutralak.
➢ Irekiak dira, era unibertsalean mundu guztiari parte hartzeko aukera ematen zaiolako, bazterkeria edo diskriminaziorik gabe, eta uneoro eskuragarri dagoelako sarearen funtzionamenduaren eta osagaien inguruko informazioa, edonork hobetu edota hedatzea ahalbidetuz.
➢ Libreak dira, edozeinek duelako sarea erabiltzeko aukera, erabiltzaile bakoitzak sarean daukan partehartze-maila edozein dela ere, eta ezin zaiolako inori adostu gabeko aldebakarreko baldintzarik inposatu.
➢ Neutralak dira, sarea ez dagoelako edukiei edo erabilitako teknologiei lotua edo hauengatik baldintzatua. Edukiak libreki zabaldu daitezke, partehartzaileek ez dutelarik hauek zentsuratu, ezabatu edo ordezkatzeko aukera.