Energia mintegiak

Euskal Herriko udalerrietan burujabetzara bidean pausu berriak emateko asmoz, Udalbiltza Partzuergoa proiektu energetiko komunitario eta burujabeen alorrean murgildu da azken hilabeteotan. Lanketa horretatik abiatuta, energia burujabetza komunitarioa ardatz duen mintegi bat antolatu zuen Partzuergoak 2021eko azaroaren 13an, Hernaniko Orona Fundazioan.

energia mintegiak

Ekitaldiaren egitaraua hemen topa dezakezu.

Euskal Herriko udalerrietan Energia burujabetza proiektuak sustatzeko helburuarekin, Udalbiltza Partzuergoak “Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak” mintegia antolatu du azaroaren 13an, Hernaniko Orona Fundazioaren eraikinean. Hautetsiei, udal teknikariei eta norbanakoei zuzenduta dauden jardunaldietan, energia proiektuak abiatzeko beharrezkoak diren gako juridikoak eta burokratikoak landuko dira.

Mintegiak dagoeneko abian diren zenbait proiekturen erakusleihoak izango dira, hala nola Hernaniko (Gipuzkoa) eta Urarteko (Araba) Energia komunitateak, Irurtzungo (Nafarroa) energia lanketa eta Hergaraiko (Nafarroa Beherea) Sugarai biomasa kooperatiba. Hitzorduko hitzaldi nagusiak Greziako esperientzia aztertuko du, Electra Energy Renewables kooperatibaren eskutik. Izan ere, herrialde heleniarra aitzindaria izan da Europa mailan, energia komunitateak arautzen lehenak izan baitziren 2018an, besteak beste, autokontsumoa sustatzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko.

Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik ekitaldi honen garrantzia azpimarratu du: “Hamarkada hau gakoa izango da ezinbestekoa den eraldaketa energetikorako bidean, eta beharrezkoa izango da energia iturriak ez ezik, energia kudeatzeko zein kontsumitzeko erak eta pentsaerak ere birplanteatzea”. Horrez gain, “energia jendearentzat ezinbesteko zerbitzua den heinean, herritarren erabakimena eta energia baliabideen demokratizazioa ezinbestekoa” dela adierazi du. “Esperientzia horietatik ikasi, berraldatu, sortu, jakintza partekatu, gogoetak elkartrukatu eta gure herrietan antzeko esperientzia berriak martxan jartzeko” balioko du mintegi honek, bere hitzetan.