"Hamarreko bitxia" kalean da

2024/02/20

Geuretik Sortuak proiektuaren baitan, bigarren edizioko literaturak eman du bere fruitua: "Hamarreko bitxia", hamar istorio laburrez osatutako liburua. Donostian aurkeztu genuen atzo, idazleetako batzuen laguntzarekin: Ainhoa Urien, Idoia Etxeberria, Jon Abril eta Maite Aizpurua, hain zuzen ere.

Card image cap

Argazkia: FOKU / JON URBE

Geuretik Sortuak

Geuretik Sortuak beka 2021ean sortu zuen Udalbiltzak, Euskal Herriko sorkuntzari bultzada eta plaza emateko asmoz. Batetik, hizkuntzaren aferari ekarpen garrantzitsua egiteko anbizioz hasi zen proiektua, sortzen ziren lanak euskarazkoak izanik, hizkuntza zabaltzeko eta Euskal Herriari eredu propio bat eskaintzeko parada zoragarria baitzen.

Bestetik, bere historia kontatzen ez duen herria ez da existitzen eta, momentu honetan, herri honen historia kontatzeko tresna eta makineria artistikoa ez da gustatuko litzaigukeen bezain indartsua. Orain, inoiz baino gehiago, memoria gordeko duen historia eraiki behar dugu, emozionatuko gaituzten istorioak, errealitatea eta imajinario anitza eta aberatsaren adierazle izango direnak. Herri eta norbanako bezala, geure bizia eta bizipozak kontatuko dizkigutenak, euskaratik. Horri guztiari erantzuteko, euskaratik eta euskarazko sorkuntza bultzatzeko eta hari leku bat emateko, Geuretik Sortuak beka sortu zuen Udalbiltzak duela ia hiru urte.

2021-2022 edizioan, hiru diziplina landu ziren: literatura, antzerkia eta zinemagintza. Edizio emankorra izan zen oso, 26 sortzailek eta 39 udalerrik hartu baitzuten parte. Bigarren edizio honetan, 2023-2024an, 22 sortzailek eta 39 udalerrik hartu dute parte, eta, lehenengo edizioko hiru diziplinez gain, komikia ere landu da.

Hamarreko Bitxia

2023an zehar, beraz, sortzaileek egonaldiak egin zituzten egokitutako herrian, eta bertan garatu zuten haien lana. Egonaldi haiei esker, komikigintzan, “Hona Bostekoa” komiki-bilduma sortu da, antzerkigintzan,“Eukalyptus”, “Olagarrua” eta “Eraitsi S.L.”, zinemagintzan “Lau Elementuak” filma, eta literaturan, “Hamarreko bitxia”. Liburuak, hemen ikus dezakezuenak, hamar idazleren lanak biltzen ditu, bakoitzak egokitu zaion herrian edo herri multzoan sortu eta landutakoak: Jon Abrilek “Odolustu” kontakizuna sortu zuen Atharratzen, Ainhoa Urienek “Mapa ez da lurraldea” Nafarroako Goi Erriberan, Maite Aizpuruak “Esnatze basa” Araitzen, Larraunen eta Betelun, Idoia Etxeberriak “Bai, koanto!” Ataunen eta Zaldibian, Edorta Jimenezek “Alkolean” Mutrikun, Maitane Perezek “Piztiak esnatzen direnean” Muxikan, Ajangizen eta Errigoitin, Saioa Alkaizak “Arrazoiak” Berriatuan, Lutxo Egiak “Lisboako lausoa” Seguran, Maddi Arocenak “Gollebarren erroak luze” Ziortza-Bolibarren, eta Gaizka Sarasolak “Desagertzen” Larrabetzun. Hamar istorio biltzen ditu, beraz, “Hamarreko bitxia”k, estilo eta kontaera oso desberdinetan, Euskal Herriko hainbat txokotako kontakizunak elkarlotuz lan bakar batean. Dijitalidadea aritu da edizio-lanetan, Josu Landa eta Gotzon Barandiaran hain zuzen ere, eta Ainara Azpiazu Aduriz “Axpi”-k egin digu azala. 

Datozen hitzorduei dagokienez, ostegun honetan, hilak 22, Uharten egingo dugu Geuretik Sortuak-eko bigarren edizio honetako zirkuituaren aurkezpen-ekitaldia. Azken finean, beka honek bi helburu nagusi ditu: Euskal Herritik sortutako istorioak sustatzea, eta bestetik, Euskal Herriko ahalik eta txoko gehienetara helaraztea. Horretarako, zirkuitu nazionala izango dugu, esan bezala hilaren 22an aurkeztuko duguna Uharteko Kultur etxean, eta dagoeneko martxan dagoena. Literatura-aurkezpenak, komiki-aurkezpenak, zinema-emanaldiak eta solasaldiak, antzerki-emanaldiak eta komiki-erakusketa arituko dira aurten, urrira bitarte, herriz herri biran. Gure webgunean eta gure sare sozialetan joango gara data guztiak argitaratzen.