“Hona bostekoa!” komiki-bilduma plazaratu da

2023/12/01

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekaren bigarren edizioaren baitan, bost komikigileren lanak bildu dira “Hona Bostekoa!” komiki-bilduman. Bost komikiz osatutako lanak hainbat udalerritan landutako istorioak kontatzen ditu, bakoitza ahots eta estilo propioarekin. Unai Gaztelumendik, Aritz Ibarrak, Kote Camachok, Eñaut Aiartzaguenak eta Iñaki Martiarena "Mattin"-ek hartu dute parte bertan.

Card image cap

Geuretik Sortuak - bigarren edizioa

Geuretik Sortuak beka 2021ean sortu zen, Euskal Herriko sorkuntzari bultzada eta plaza emateko asmoz. Batetik, hizkuntzaren aferari ekarpen garrantzitsua egiteko anbizioz hasi zen proiektua, sortzen ziren lanak euskarazkoak izanik, hizkuntza zabaltzeko eta Euskal Herriari eredu propio bat eskaintzeko parada zoragarria baitzen.

Bestetik, bere historia kontatzen ez duen herria ez da existitzen eta, momentu honetan, herri honen historia kontatzeko tresna eta makineria artistikoa ez da gustatuko litzaigukeen bezain indartsua. Orain, inoiz baino gehiago, memoria gordeko duen historia eraiki behar dugu, emozionatuko gaituzten istorioak, errealitatea eta imajinario anitza eta aberatsaren adierazle izango direnak. Herri eta norbanako bezala, geure bizia eta bizipozak kontatuko dizkigutenak, euskaratik. Horri guztiari erantzuteko, euskaratik eta euskarazko sorkuntza bultzatzeko eta hari leku bat emateko, Geuretik Sortuak beka sortu zuen Udalbiltzak duela ia hiru urte.

Komikigintza

2021-2022 edizioan, hiru diziplina landu ziren: literatura, antzerkia eta zinemagintza. Edizio emankorra izan zen oso, 26 sortzailek eta 39 udalerrik hartu baitzuten parte. Bigarren edizio hau ere emankorra izan da oso; izan ere, 22 sortzailek eta 39 udalerrik hartu baitute parte. Gainera, lehenengo edizioko hiru diziplinei (literatura, antzerkia eta zinema) laugarren diziplina bat gehitu zaio: komikia. Diziplina artistiko horren barruan, bost komikigile izan ziren hautatuak: Unai Gaztelumendi Arandia, Aritz Ibarra Agirrezabal, Kote Camacho de Miguel, Eñaut Aiartzaguena Bravo eta Iñaki Martiarena Otxotorena “Mattin”. Komikigile bakoitzak esleitu zitzaion herrian egin zuen egonaldia, bertako istorioak entzun, ikusi eta biltzeko, ondoren haren lana herriko historiarekin lotu ahal izateko eta sortzailearen eta herriaren arteko zubi bat eraiki ahal izateko. Egonaldiaren ondoren, komikigile bakoitzak haren lana entregatu, eta bost hatzeko eskua osatu dugu, “Hona bostekoa!” izeneko komiki-bilduma hain zuzen ere. Leitza eta Berastegiko, Bergarako, Usurbilgo, Amasa-Villabonako eta Sara, Bera, Lesaka eta Urruñako istorioak eta historia batzen dira bertan, bost estilo eta kontaera oso desberdinetan, Euskal Herriko hainbat txokotako kontakizunak elkarlotuz lan bakar batean. Dijitalidadea aritu da edizio-lanetan, Josu Landa eta Gotzon Barandiaran hain zuzen ere, eta Ainara Azpiazu Aduriz “Axpi”-k egin digu azal zoragarri hau.

Datozen hitzorduak

Datozen hilabeteetan edukiko ditugun hitzorduei dagokienez, pare bat ohar: hasteko, Durangoko azokan izango duzue “Hona bostekoa!” eskuragarri, eta horrez gain, abenduaren 9an, larunbatez, eguerdiko 12:00ean ekitaldia izango da Durangoko Museoan Geuretik Sortuak-en bigarren edizioaren aurkezpen osatu bat egiteko, hainbat sortzaile eta herrietako ordezkarirekin batera. Gainera, urtarrilaren 19an komiki-erakusketaren zirkuitua hasiko da; Geuretik Sortuak-en parte hartu duten herri guztietatik pasatuko da erakusketa, eta bertan ikusi ahal izango da komikigileen sorkuntza-prozesua, besteak beste. Gainera, antzerkigintza, zinemagintza eta literatura-aurkezpenen zirkuitua ere hasiko da urtarrilean, eta herriz herri ikusi ahal izango dituzue sortzaileek egindako lanak. Gure webgunean, udalbiltza.eus-en, joango gara data guztiak argitaratzen.