Geuretik Sortuak proiektuaren bigarren edizioa aurkeztu da Durangoko Azokan

2023/12/11

Durangoko Azokaren burrunbaren erdian, euskal kulturaren askotariko eskaintzaz eta euskal sortzaileen proiektu berrien ilusioz inguratuta, Udalbiltzak Durangoko Azokaren plaza aprobetxatu du Geuretik Sortuak proiektuaren bigarren edizioa aurkezteko. “Geuretik Sortuak: interakziotik fikziora” izeneko ekitaldian, Durangoko Museoan bildu ziren pasa den larunbatean proiektuan parte hartu duten hainbat sortzaile eta herrietako ordezkari, proiektuaren lehen aurkezpen bat egiteko.

Card image cap

Unai Gaztelumendi komikigilea, Alba Lozano zinemagilea, Mercedes del Ama ekoizlea, Begoña Enbeita Muxikako alkatea eta Aitor Elexpuru Berako alkatea bildu ziren pasa den larunbatean Durangoko Museoan, haien esperientzia lehen pertsonan kontatzeko. Herrien eta sortzaileen arteko elkarlanaren onurak azpimarratu, eta elkarrekiko esker ona aipatu zuten guztiek.

Esker onez

Sortzaileen egonaldiak bukatuta, aurkezpenak eta emanaldiak hasiko dira 2024arekin batera. Bigarren fase horren aurretik, egindakoaz eta bizitzakoaz solasteko bildu ziren Unai Gaztelumendi komikigilea, Alba Lozano zinemagilea, Mercedes del Ama ekoizlea, Begoña Enbeita Muxikako alkatea eta Aitor Elexpuru Berako alkatea Durangoko Museoan. Bakoitzak bere esperientziatik hitz egin zuen, baina esker ona irten zen parte-hartzaile guztien ahotik. Leitza eta Berastegiko herritarren eta udal ordezkarien inplikazioa aipatu zituen Gaztelumendik, eta herriak bertatik bertara bizitzeak emandako aukerak eta sortzeko baliabideak eskertu. Lozanok eta del Amak Oiartzunen izandako esperientzia kontatu zuten: “zinemagintza oso inbasiboa da batzuetan, jende asko izaten baita ekipoan, eta ez dugu inoiz hori sentitu, kontrakoa baizik: beso-zabalik hartu gaituzte herrian, txosnetan...”. Enbeitak herritarren prestutasuna izan zuen hizpide, espero gabeko jendeak hartu baitzuen parte proiektuan, haien herrian izan zen Maitane Perez idazlea hara eta hona eramanez herriko basoak eta piztiak ezagutu zitzan. Elexpuruk, bere aldetik, aipatu zuen luxua dela sortzaileak izatea herrian; iaz Eñaut Castagnet zinemagilea eta aurten Aritz Ibarra komikigilea izan dira Beran, eta mugei eta bortizkeriari buruzko kontakizunak eraiki zituzten biek ala biek. Elexpururen ustetan, halako istorio bortitzak artearen bidez kontatzeak balio handia ematen die, eta beste modu batean jasotzeko bidea erraztu.

Datozen hitzorduak

2024an hasiko da emanaldien bira, eta berandu baino lehen izango dira datak ikusgai udalbitza.eus helbidean. 22 proiektu (komikia, literatura, zinema eta antzerkia) Euskal Herri osoan zehar arituko dira biran datozen hilabeteetan.