Zer da?

Arteak eta kulturak funtsezko bi funtzio betetzen dituzte gizarte batean: hizkuntza baten imajinazioa garatzea (afektiboa eta pentsaera) eta herri baten historiaren lekuko izatea. Euskal Herrian, egun, bi funtzio horietan arteak eta kulturak duten ahulezia nabaria da.

Euskararen egoerari erreparatzen badiogu, egun, Euskal Herrian, jende askok, euskaraz hitz egiteko ohitura izanda ere, bere haserreak, pozak, ustekabeak, ondoezak edo irain gehienak erdaraz egiten dituela narbarmena da. Izan ere, ez ditu eskuragarri euskal arteak eta kulturak (filmak, antzerkiak, liburuak, joko elektronikoak...) eskaini ditzaketen eredu propioak.

Bestetik, bere historia kontatzen ez duen herria ez da existitzen eta, momentu honetan, herri honen historia kontatzeko tresna eta makineria artistikoa ahula eta isila da. Orain, inoiz baino gehiago, memoria gordeko duen historia eraiki behar dugu, emozionatuko gaituzten istorioak, errealitatea eta imajinario anitza eta aberatsaren adierazle izango direnak. Herri eta norbanako bezala, geure bizia eta bizipozak kontatuko dizkigutenak, euskaratik.

Proiektuaren garapena

Proiektuaren bigarren edizioa 2023an eta 2024an zehar garatuko da.

Lehenengo fasean, hainbat udalerri aukeratuko dira Euskal Herri osoan zehar, lurraldetasun orekari erreparatuta. Halaber, sortzaile edo kulturgileak hautatuko dira parekidetasuna eta arlo aniztasuna kontuan hartuta. Hautaketa hau deialdi publiko bitartez egingo da, 2022ko iraila eta abendua bitartean. Ostera epaimahai batek hautatuko ditu udalerri horietara hobekien egokituko diren sortzaileak, lanaren kalitatea, moldagarritasuna eta beste hainbat irizpide kontuan hartuta. Lehengo edizioan Literatura, Zinegintza eta Antzerkigintza hautatu ziren arte alor gisa. Aurten, alor bat gehituko diogu: Komikigintza.

Bigarren fasean, 2023. urtean zehar sortzaileek sormen egonaldiak egingo dituzte esleitu zaien herrietan. Hiru astera bitarteko egonaldiak izango dira, 2023 urtarriletik hasita iraila/urrira bitarte egin ahalko direnak. Sortzaileen beka, otorduak, joan etorriak, ekoizpenaren eta emanaldien gastuak estalita egongo dira, sormen-bekaren kopurutik at.

Hirugarren fasea 2024an zehar burutuko da. Udalerri ezberdinetan kulturgileek sortutako artelanen argitalpen edo aurkezpena eta hedapen zirkuitua dira fase honetako betebeharrik garrantzitsuenak. Antzerkiaren alorrean, emanaldiak beste edozein antzerki emanaldi bezalakoak izango dira. Zinegintzaren alorrean, hainbat film laburrak udalerrian aurkeztuko dira, bertan parte hartu duen zuzendarietako baten presentziarekin (esperientzia kontatuko duelarik). Film hauekin ez da honakoan film luze bat egingo; soilik lanen muntaia bat egingo da (Kimuak-en antzera). Literaturaren alorrean, liburuaren aurkezpena egonaldian idazleren bat izan duten udalerrietan egingo da. Aurkezpen bakoitzean bi idazlek parte hartu eta euren artean elkarrizketa egingo da. Komikigintzaren alorrean ere, komikigintza esleitu zaion udalerrian eta hala nahi duen beste edozein udalerritan ere argitalpen honen aurkezpena egingo da, komikigile pare baten presentziaz.

Horrez gain, komikia eta literatur lanak uztartuko dituen erakusketa ibiltari bat egitea ere proposatzen da edizio honetan. Erakusketa honek Geuretik Sortuak-en azalpena eta narrazio nahiz komiki lanen prozesuak erakutsiko lituzke; eta udalerri bakoitzean 1-2 astez egongo litzateke.

Edizioaren bukaeran, 2024. urtearen amaieran, helburuen betetze maila eta proiektuaren balorazioa egingo da.