Ordezkari aldaketa Udalbiltzan

2023/09/25

Kontseilu Nagusia izan zuten pasa den ostiralean Udalbiltzako kideek Usurbilen. Bertan izendatu zituzten Haritz Alberdi lehendakari berria eta Batzorde Eragile berria. Jakinarazi zuten, halaber, gogoeta-fase batean sartuko direla, eta aldaketak datozela.

Card image cap

Udalbiltzako kideak pasa den irailaren 22an Usurbilen bildu ziren ezohiko Kontseilu Nagusi baterako. Haien ibilbideari buruzko gogoeta bat egin ondoren, ordezkari aldaketen berri eman dute: Jabi Asurmendi Sainz lehendakari ohiak lekukoa eman dio Haritz Alberdi Arrillagari. Alberdik, Getariako alkate eta Udalbiltzako lehendakari berriak, adierazi du ilusioz hartu duela kargua, eta datorrenari eusteko gogoz dagoela. Gainera, Batzorde Eragile berria ere aurkeztu dute, zazpi kidez osatua: Begoña Enbeita Maguregi (Muxikako alkatea, eta Udalbiltzako lehendakariorde berria), Ioritz Berra Juaristi (Zaldibiako alkatea), Andoni Lariz Bustindui (Ziortza Bolibarko alkatea), Garazi Urdampilleta Astibia (Oiartzungo zinegotzia), Agurtzane Solaberrieta Mesa (Usurbilgo alkatea), Karlos Renedo Lara (Bilboko zinegotzia) eta Iban Verdugo Markotegi (Etxarri Aranatzeko zinegotzia).

Norabide berriak

Orain arteko ibilbidearen errepaso bat egin ondoren, Udalbiltzak adierazi du gogoeta-fase batean sartuko dela, aro berri bati ekiteko intentzioarekin. Partzuergokideekin batera zehaztuko dituzte Udalbiltzaren funtzioak, gaur egungo beharrei egokitzeko asmoz. Heldu den urtearen hasieran izango dira ikusgai eztabaida horren fruituak.