Hasi da Geuretik Sortuak-en zirkuitua, Eukalyptus antzerkiaren estreinaldiarekin

2024/01/22

Geuretik Sortuak proiektuaren bigarren zatia martxan jarri da, eta hala, hasi da beka horren bidez sortutako lanen zirkuitu nazionala. Ostiralean estreinatu z zen lehenengo antzerki-obra: Eukalyptus. Aulestin izan zen estreinaldia, eta harrera beroa izan zuen. Antzuolan izan zen igandean.

Card image cap

Geuretik Sortuak bi urteko proiektua da. 2023an zehar, lau diziplinaren baitan (komikia, literatura, zinema eta antzerkia) hautatutako artistek egonaldiak egin zituzten Euskal Herriko hainbat txokotan, haien lanak garatzeko. 2024a, aldiz, sortutakoa jendaurrean aurkezteko urtea izango da: zirkuitu nazional bat sortu dugu, sortutako lanak Euskal Herrian zehar hedatzeko asmoz.

Eukalyptus izan da estreinatu den lehenengo lana. Aulestin, Amoroton eta Munitibarren egin zuen egonaldia Jon Ander Urrestik Eukalyptus lana sortzeko, eta eukaliptoari, monolaborantzari eta kontraesanei buruzko lan kritiko eta hunkigarria izan da emaitza. Durangoko azokan aurrestreinatu ondoren, Aulestin izan zen estreinaldia pasa den hilaren 19an, eta ikusleen harrera beroaren babesean ikusi zuen argia antzerki-obrak. Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia ikusi genituen oholtzaren gainean, baina obraren bukaeran oholtzara igo ziren pertsona guztiek erakutsi ziguten ez dela bakarkako lana izan: Matxalen de Pedro ere aritu da lana fintzen haiekin batera, eta Nerea Ibarzabal aritu da testuekin. 

Igandean Antzuolan izan zen Eukalyptus, eta harrera ona izan zuen bertan ere.

Datozen ekitaldiak agendan ikus ditzakezue.