Haritz Alberdi, Udalbiltzako lehendakari berria: "Ilusio konpartituz hartu dut kargua"

2023/10/24

Haritz Alberdi Getariako alkateak pasa den Batzar Orokorrean hartu zuen ofizialki Udalbiltzako lehendakari kargua. Ilusioz hartu duela dio, "gure herriaren etorkizunari esperantzaz begiratzen diogunen konplizidade bereziarekin". Datorren urtean 25 beteko ditu Udalbiltzak, eta Alberdirekin elkartu gara datozen lau urteetan aurreikusten dituen erronkez eta helburuez aritzeko.

Card image cap

Udalbiltzako lehendakari kargua hartu berri duzu. Zer sentsazio dituzu, nola hartu duzu kargu berria?

Ilusio konpartitu batekin. Erakunde publiko nazional honek, betidanik, gure herriaren etorkizunari esperantzarekin begiratzen diogunen konplizidade berezia izan du. Horrela bizi izan dut nik eta egun hauetan horrela transmititu didate begirunea diedan hamarnaka lagunek. Orain ardura horretatik lanari ekitea dagokigu.

Orain arte, Jabi Asurmendik lehendakari ohiak betetzen zituen bai lehendakari eta bai zuzendari karguak. Legealdi honetan, berriz, Clara Rougetek hartuko du zuzendaritza, eta zuk, aldiz, lehendakaritza. Zerk eragin du aldaketa hori?

Datorren urtean 25 urte beteko dira Udalbiltzak lehen pausuak eman zituenetik. Garai eta momentu desberdinak bizitzea tokatu zaio. Azken urteetan egin diren hausnarketa, izan diren hartu-emanak eta eman diren urratsetatik tiraka gaur egungo behar eta errealitateari erantzutea da esku-artean dagoen gogoa.

Horretarako Udalbiltzaren parte izan diren pertsonen ezagutza eta ekarpena ezinbestekoak dira. Clarak, Zuzendariak, ardura horri oso ondo erantzun diezaioke. Nire kasuan, Alkatetzan ikasitakoak eta urteetan hainbat saltsatako perrexila izanik, ardura partekatua probatzeko momentu egokia izan daitekeela uste dut.

Zutaz gain, Batzorde Eragile berria ere izendatu du Udalbiltzak. Zein izango da haien funtzioa datozen urteetan?

Bizitzarako ezinbestekoak zaizkigun arloetan jakintza eta esperientzia duten pertsonak dira eta garaiko erronka kolosalei burujabetza klabeetan ekarpen garrantzitsua egin dezaketenak. Gehienetan eskala lokalean garatzen ari diren proiektu estrategiko horiek eskalagarriak egin eta Euskal Herri mailan aplikagarri diren edo ez aztertzea izango da bat. Bestea, udalek egitasmo eraldatzaileak aurrera eramateko aholkularitza ematea izango da.

Nola aurreikusten dituzu datozen lau urteak, zer proiektu ditu Udalbiltzak esku artean?

Han eta hemen aurrera eramaten ari diren proiektu eraldatzaile horiek burujabetza klabeetan artikulatu daitezke? Nola egingo dugu tokian tokiko burujabetza proiektu horiek Euskal Herri mailara eskalatzeko? Udalbiltzak bidea errazteko erraminta izan behar du; baita aukera berriak probesteko etxea ere. Burujabetza-egitasmoak sustatu eta horretarako baliabideak garatzea izango da erronka nagusietako bat.

Zeintzuk dira Udalbiltzaren erronkak momentu honetan?

Aurreko lau-urtekoan Udalbiltzan herri honen beharrei erantzuteko bere funtzionamendu-eskema egokitzen aritu da. Lan ildoak zehazten eta proiektu eraldatzaileei bide egiten aritu da. Partzuergoko kideekin batera hori guztia borobildu, forma eman eta Udalbiltza gure herrian burujabetza proiektuak sustatzen eta garatzen ari diren udalen erreferente izatea da erronka.

Partzuergokideen eta Udalbiltzara atxikitako hautetsien garrantzia ere aipatzekoa da, ezta?

Udalbiltzaren sorreratik bertatik dira ezinbestekoak partzuergokideak edota atxikitzen diren hautetsiak. Konplizidade eta konpromiso horiek izan dira erakunde nazional honen bihotza eta burua. Herri honen etorkizuna marrazteko ere guztien atxikimendua beharrezkoa izango da. Atxikitzera animatu nahiko nituzke Udal eta hautetsi guztiak; hemen egin dezakete.