Garazi Urdampilleta, Batzorde Eragileko kidea: "Amaierako xedea Udalbiltzako ildo guztiak lotzen dituen dinamikak abian jartzea da"

2024/03/27

Garazi Urdampilleta Astibia Oiartzungo alkateordea da, baita Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea ere. Batzordearen barruan, hezkuntza arloko arduradun politikoa da. Harekin bildu gara, Udalbiltzak hezkuntzaren arloan duen paperaz eta esku artean dituen proiektuez galdetzeko.

Card image cap

Zertan ari da gaur egun Udalbiltza hezkuntzari dagokionez? Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Udalbiltzaren urteko erronkak zehaztu genituenean hezkuntzaren lan ildoa jorratzeko apustua egin genuen, Euskal Herriko egoera irakurrita ukaezina delako gai horrek duen pisua. Zazpi probintziatan hiru eremu administratibo ditugu eta horrek hezkuntza ulertzeko dugun ikuskera bateratzeko eta komunean jartzeko espazioak sortzeko beharra dakar, ezinbestean.

Lehentasuna hori izanik eta gure herriak duen aniztasun horretatik abiatuta, Euskal Herriko herri eta auzoetarako baliagarriak izan daitezkeen tresna eta baliabideak sortzeko anbizioa dugu. Hernani Burujaberekin batera antolatutako topaketatan anbizio hori partekatua zela sentitu genuen eta bertan parte hartu zuten eragile eta hezkuntza komunitate zabaleko ordezkariei esker, ideia batzuk lurreratzeko eta ekintza plan bat diseinatzeko parada izan dugu.

Bi eremutan lan egiten hastea erabaki dugu. Txikitasunetik, herrietatik, Herri Hezitzaileen ikuspegian sakontzeko bidea hautatu dugu batetik, eta maila nazionalean martxan dauden esperientziak bildu eta ezagutuz Herri curriculumaren bidea egitea, bestetik.

Herri Hezitzaileen ikuspegian sakontzeko lehen pausoak ematen hasiak gara dagoeneko. Oinherri elkartea bidelagun, herrietan hezkuntza foroak edo hezkuntza mahaiak sortzeko prozesuak abiatzea sustatu nahi dugu.

Azaldu iezaguzu tokiko hezkuntza mahaien sorrera zertan datzan.

Herri bakoitzak bere errealitatea du eta hori izango da gure abiapuntua. Dagoena kontuan hartu eta ditugun baldintzetara egokitzen den planteamendua egingo dugu. Horretarako, Partzuergokide diren udal guztiei galdetegi bat bidali diegu argazki orokor bat atera eta dauden beharrak identifikatzeko.

Galdetegi horretan interesa agertzen duten udalentzako lan saio bat prestatuko dugu Oinherrirekin batera, eta bertan tokiko hezkuntza mahaiak sortzeko metodologia azalduko dugu, interesa dutenekin proiektu zehatzak diseinatzen hasteko.

Aurrera begira, zeintzuk dira helburuak? Zein da azken helmuga?

Tokiko hezkuntza mahaiak edo foroak sortzea bera helburu izan daitekeen arren, Udalbiltzak pauso bat gehiago eman nahi du: foro horiek izan daitezela beste hainbat helburu gauzatzeko espazioa. Esaterako, hezkuntza komunitateak sendotzeko, haur eta nerabeen parte hartzea sustatuz udalerriak eraldatzeko, herriak berpiztuko dituen proiektuak sortzeko eta nola ez, hezkuntza burujabe baten bidea jorratzeko.

Azken helmugaz gogoeta egitean, elkarrizketako lehen galderara itzultzen naiz berriz ere. Amaierako xedea Udalbiltzako ildo guztiak lotzen dituen dinamikak abian jartzea da. Hezkuntzak egin dezala ekarpena elikaduran, elikadura burujabeak arrakala dezala energia eredua, lurrikara horrek ekar dezala zaintza sistemaren birformulazioa eta mugimendu horiek guztiek eraman dezatela apurka-apurka, itzuliz itzuli, gure herria burujabetzara.