Energia Komunitateen arteko sareak aztergai, Udalbiltzak antolatutako topaketan

2024/05/15

Saioa ekainaren 15ean izango da Legorretan (Gipuzkoa), eta energia komunitateen arteko harremanak indartzea izango du helburu

Card image cap

Topaketa

Udalbiltza Partzuergoak “Energia Komunitateak: harreman-sareak ehuntzen” topaketa antolatuko du ekainaren 15ean, Legorretan (Gipuzkoa). Hitzorduaren xedea izango da energia komunitateen arteko sareak ehuntzea, proiektuen arteko elkar ezagutza sustatzea eta Euskal Herri mailako harreman-sare bat eraikitzeko aukera aztertzea, dagoeneko abian dauden energia komunitateei euren garapenean laguntzeko bidean.

Ekaineko saioa beste mugarri bat izango da iaz abiatu zen ibilbidean. Izan ere, 2023ko martxoan Udalbiltzak Antzuolako energia foroa antolatu zuen, eta saio horietatik ateratako ondorioetako bat izan zen sare hau eraikitzeko beharrak identifikatzen hastea. Adituek esaten dutenaren arabera, energia komunitate batean zailena aurrera egitea da; horregatik, oztopo eta erronka potentzialei komunean erantzuteko helburuarekin eta elkarrengandik ikasi eta elkar indartzeko helburuarekin antolatu ditu Partzuergoak Legorretako topaketak.

Gainera, Udalbiltzak norabidea eta barne-antolaketa aldatu ditu berriki, eta lau oinarriren gainean eraiki da; herri jasangarriak sustatzea da horietako bat. Bide horretan pausuak emateko asmoz, energiaren inguruko lanketan aritu da, eta ekainean izango da ikasitakoa elkarbanatzeko lehen parada. Ekainaren 15ean goiz osoan zehar izango da zer entzun eta esan Legorretan.

Egitaraua

Goizeko 9:00etan hasiko dira ekintzak Herri Aretoan, Legorretako alkatearen ongi etorriarekin. Ondoren, Hitzar Energia Komunitateak hartuko du hitza, euren proiektua aurkezteko.

Topaketak energia komunitateen arteko harreman sareak ehuntzea izango du helburu, eta horixe bera izango du hizpide Udalbiltza Partzuergoko lehendakariak. Ostean, Euskal Herriko errealitate ezberdinak aurkeztuko dira. Batetik, Debagoienan sortutako Ernamuina taldeak hartuko du hitza, Bizkaiko eta Gipuzkoako energia komunitateak biltzen dituenak, eta bestetik, Ipar Euskal Herriko lanketak aurkeztuko ditu I-ENEReko ordezkariak. Segidan, Nafarroako energia komunitateek azken urte hauetan egin duten ibilbidea aurkeztuko du Nafarroako Gobernuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko ordezkariak. Azkenik, Catalunyako SOM Comunitat sarea ezagutzeko aukera izango da, bertako ordezkari baten, Goienerren eta Garesbide Energia komunitatearen eskutik.

Atsedenaldiaren ostean, ekintzarako unea izango da: “Goazen sarea eraikitzera” talde-dinamikaren bidez, ezagutzak eta esperientziak elkarbanatzeko eta sarea ehuntzen hastea parada izango da, Artelanen eta Arankoa Abokatuen gidaritzapean.

Topaketarekin amaitzeko, Enerkide proiektua gertutik ezagutzeko aukera izango da. Lanketaren helburua da mugaz gaindiko energia komunitateak bultzatzea, proiektu horiek gainditu behar dituzten oztopo nagusiak aintzat hartuko dituen metodologia eta tresna-kaxetatik abiatuta.

Eman izena galdetegi honetan: https://labur.eus/energiatopaketa

Deskargatu egitaraua hemen.