BURUJABETZAK Jardunaldiak, tokiko proiektuetatik nazio mailara

2023/10/24

Burujabetzak Jardunaldiak izan dira Hernanin pasa den urriaren 19tik 21era bitarte. Udalbiltzak, Hernaniko Udalak eta Hernani Burujabek elkarlanean antolatu dituzte jardunaldi horiek, hainbat arlotan eta hainbat ikuspuntutatik burujabetza lantzeko, eta, Haritz Alberdi lehendakariaren hitzetan, “oso pozik” daude antolatzaileak, jende asko bildu baitu ekimenak, eta emaitza emankorrak lortu dituzte.

Card image cap

URRIAK 19. Udalgintzatik burujabetzara.

Urriaren 19an hasi ziren jardunaldiak, ostegunez, eta Hernaniko udaletxean egin zituzten ekitaldiak. Izan ere, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak esan zuenez, udalen rola oso garrantzitsua da proiektu eraldatzaileak garatu ahal izateko eta politika aurrerakoiak sustatzeko, baina horretarako ezinbestekoa dute herrigintzaren laguntza eta elkarlana. Itsaso Lekuona Hernaniko zinegotziak, bere aldetik, Hernani burujabe proiektua aurkeztu zuen, eta herritarren erabakimen-eskubidea azpimarratu zuen. Haritz Alberdik, Udalbiltzako lehendakariak, Udalbiltza nondik datorren eta zein puntutan dagoen adierazi ostean, azaldu zuen zein den partzuergoaren norabidea gaur egun. Hausnarketa-prozesu batean daude, eta bi ildotan banatzen dira haien helburuak: burujabetza, alde batetik, eta norgintza, bestetik. Lehenengoan, eta jardunaldietan landu den gaiari lotuta, aholkularitza ematen die Udalbiltzak udalei, eta tokiko proiektuak maila nazionalera eramatea du helburu, esperientziak partekatuz ezagutza hori eskalatu ahal izateko. Norgintzan, aldiz, gure nazioaren eta udalerrien identitatearen aspektu ezberdinez hausnartu, eztabaidatu eta proiektuak martxan jartzen ditu.

URRIAK 20. Burujabetza(k) lurreratuz: nola eragin arlo ezberdinetan?

Urriaren 20an, Burujabetzen etxearen eta Kulturarteko Plaza Feministaren aurkezpenarekin abiatu zen eguna. Aurkezpenak bukatuta, eguneko ekintzak hasi ziren: eguneko lau lan-ildoei buruzko hitzaldiak izan ziren, lau hizlari adituren eskutik. Zehatzago, elikadurari, lanari, zaintzari eta hezkuntzari buruz aritu ziren Iker Elosegi, Miren Lanz, Miren Aranguren eta Nora Salbotx.

Miren Lanzek hartu zuen hitza lehenengo, eta lanaren arloko burujabetzari buruz aritu zen. Parean elkarteko kidea da bera, eta haien esperientziak elkarbanatu zituen. Azpimarratu zuen ekonomia sozial eta eraldatzailea dela bidea. Lurraldearen eta behar sozialen onurarako lan egin behar dela esan zuen, eta pertsonala politikoa dela lanaren arloan ere.

Iker Elosegik hartu zuen hitza ondoren, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako kideak, eta jaten dugunaren jatorria ezagutzea zein garrantzitsua den azpimarratzen hasi zuen hitzaldia. Elikadura-burujabetzarako gako batzuk eman ondoren, gaineratu zuen sistema komunitario bat eraikitzea posible dela, eta Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko laborantzaren arteko aldeak aipatu zituen. Laborari izatearen harrotasuna aldarrikatu zuen.

Nora Salbotxen txanda izan zen ondoren, eta hezkuntza-burujabetzari buruz aritu zen. Haren hitzetan, herri hezitzaile bat izan beharko genuke; horretarako, hezkuntzaren ardatza hezkuntza formaletik haratago desplazatu behar da. Konpromiso kolektiboa hartzera animatu zituen bertaratuak, eta hezkuntza askatasun-praktika gisa aldarrikatu zuen.

Azkenik, Miren Arangurenek hartu zuen hitza, zaintzari buruz aritzeko. Emagineko kidea da Aranguren, eta erantzunak baino, galderak bota zituen, hausnarketarako bidea irekitzeko: zer nahi dugu izatea zaintza-sistema publiko komunitarioa? Zer da zaintza-eskubide kolektiboa? Zaintza-krisi batean gaudela adierazi zuen, eta zaintzaileen egoera duintzearen garrantzia azpimarratu. Arnas luzeko prozesuak direla esan zuen, hau da, emaitzek iristen tardatuko dutela. Galdera potolo batekin eman zion amaiera hitzaldiari: nola zaintzen dugu guk?

Hitzartzeak bukatuta, lan-saioetarako unea iritsi zen. Lau ildoetan banatuta, bertaratuek burujabetzari buruz hausnartzeko parada izan zuten, esperientziak elkarbanatuz eta nazio mailako proiektuetarako bidea marraztuz.

Egun emankorrak izan ziren oso, hausnartzeko eta etorkizuneko Euskal Herri burujabe baterako pausuak lurrera ekartzeko baliagarriak. Mila esker jardunaldietan parte hartu zenuten guztiei, baita Hernaniko Udalari eta Hernani Burujaberi ere.