BURUJABETZAK jardunaldiak aurkeztu ditu Udalbiltzak, Hernani Burujaberekin elkarlanean

2023/09/27

Burujabetzak helburu, udalgintza eta herrigintza esperientzia eraldatzaileak partekatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Hernani Burujabek eta Udalbiltzak. Hiru eguneko jardunaldiak izango dira, eta hitzaldiak, mahai-inguruak eta topaketak izango dira, besteak beste. Gaur izan da aurkezpena, eta bertan azaldu dituzte jardunaldi hauen nondik norakoak.

Card image cap

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak indarrak batu eta
elkarlanean hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19, 20 eta 21ean. Burujabetzak
izango dira hausnarketagai, herrigintza eta udalgintza eraldatzaile ikuspegitik jaiotako
proiektuak ezagutuz.


Gaur Hernanin egindako aurkezpenean, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, Itsaso Lekuona
Hernaniko zinegotziak, Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak, Clara Rouget Udalbiltzako
zuzendariak eta Aines del Valle eta Ander Larretxea Bidea, burujabetzen aldeko elkarteko kideek
hartu dute parte.


Alkateak adierazi duenez, "uste dugu Hernanitik egiten dugun proposamena beste zenbait
herrietarako ere aproposa izan daitekeela", eta gaineratu du "denon beharra dela saretzea,
elkarrengandik ikasi eta edatea, eta proiektu hauek guztiak maila lokaletik nazionalerako
pausoa ematea. Horregatik uste dugu Udalbiltzarekin lankidetza ezinbestekoa dela saretze
horretan".


Bere aldetik, Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakari izendatu berriak azaldu du Udalbiltza
tresna ezinhobea dela "herrietako udalgintza eraldatzailean martxan jarritako proiektuak maila
nazionalera eramateko. Horrelako jardunaldi batek aukera ematen ditugu esperientzia
ezberdinak ezagutzeko eta egiten ari den lan guztia saretzeko".


Hernanitik Euskal Herrira


Badira bi urte Hernani Burujabe herri proiektua abian jarri zenetik. Lurraldea burujabetza
klabeetan berrantolatzeko saiakera da Hernani Burujabe, herritarren bizitzetan eragina duten
sektoreetan parte-hartzea handituz. Baina Euskal Herri zabalean ere hamaika dira burujabetzen
aterkipean koka daitezkeen esperientziak; esaterako, jardunaldi hauetan landuko diren
elikadura, zaintza, lana edota hezkuntzaren sektoreetan aurki ditzakegunak. Horrela,
esperientzia metatu horiek guztiak aintzat hartu, egungo lurralde erronkei lotu eta modu
egituratu eta sistemikoan artikulatzea da Hernanik planteatu duen erronka.


Bide horretan, jardunaldi hauek pizgarri izan nahi dute. Udalerri mailan dagoeneko martxan
dauden proiektuetatik abiatu, eta Euskal Herri mailarako proposamenak gauzatzeko dauden
aukerak aztertzeko.


Jardunaldien lehenengo egunean, "Udalgintzatik burujabetzara" mahaingurua osatuko dute
Hernaniko Udaleko eta Udalbiltzako ordezkariek eta, ondoren, La Hidra kooperatibako, GEZKI
institutuko eta LKS Next aholkularitzako kideak elkarlan publiko-kooperatibo-herritarraz ariko
dira, udaletatik eragiteko egon daitezkeen mugez eta aukerez. Arratsaldean, mahainguru irekia
egingo dute Jule Goikoetxeak (Euskal Herria), Mireia Vehík (Katalunia) eta Glenna Del Valle
Cabellok (Venezuela). Lurralde ezberdinetan burujabetzaren aldarrikapenak duen
gaurkotasunaz arituko dira.


Ostiralean, lau sektore konkretu landuko dira: elikadura, zaintza, hezkuntza eta lana,
burujabetza esperientzia ezberdinak lurreratuz batetik eta ondoren gai bakoitza taldeka jorratuz.
Arratsaldean, Herrigintzatik Burujabetzara mahai-inguruan parte hartuko dute Aiaraldea
Ekintzen Faktoriak (Laudio), Ehunduk (Bergara), Euskal Herria Burujabek (Baiona) eta Bideak
(Hernani).


Jardunaldiei amaiera emateko, Burujabetzen Eguna ospatuko da Hernaniko kaleetan. Bidea,
burujabetzen aldeko herritar taldeak jai giroko egitaraua osatu du egun osorako. Goizean,
Hernani Burujabe kalejira kulturala egingo da, ekimenaren baitan biltzen diren burujabetza
sektore ezberdinak ezagutzeko geldialdiak eginez eta herriko kulturgileen emanaldi txikiak
tartekatuz. Eguerdian bazkari herrikoia egingo da eta bazkaloste girotua iragarri dute. "Herritar
guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera, urtean zehar egindako lan guztia ospatzera, elkar
ezagutzera eta saretzera", azaldu dute.


Ekimen guztiak doakoak izango dira. Ostegun eta ostiral goizeko ekimenetan parte hartzeko
izena eman beharko da burujabetzak.jardunaldiak.eus atarian. Arratsaldetako mahaiinguruak
eta larunbateko Burujabetzen eguneko ekimenak irekiak izango dira. Larunbateko
herri-bazkariko txartelak Herrilurren eta Rioja, Kide eta Txili tabernetan izango dira eskuragai.

Egitaraua:

Osteguna, urriak 19
Udaletxeko Areto Nagusian


9:30 – 10:00
Ongi etorria eta sarrera: Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea.


10:00 – 11:30 Udalgintzatik burujabetzara.
- Hernani Burujabe: Itsaso Lekuona, Hernaniko zinegotzia.
- Udalbiltza: udaletatik Euskal Herri mailako proiektuetara. Haritz Alberdi, Udalbiltzako
lehendakaria.


11:30-12:00
Atsedena eta kafea


12:00 – 14:00 Elkarlan publiko-kooperatibo-herritarra: udaletatik eragiteko mugak eta aukerak.
- Rubén Martinez. La Hidra cooperativa.
- Aitor Bengoetxea. GEZKI institutua.
- Eneko Anzuola. LKS next aholkularitza.


17:30-19:30
Mahai-ingurua. Zergatik aldarrikatu burujabetza(k) egungo testuinguruan?
- Jule Goikoetxea. Filosofo politikoa eta irakaslea. Euskal Herria.
- Mireia Vehí. CUP-eko diputatu ohia. Catalunya.
- Glenna Del Valle Cabello. Venezuelako kontsul nagusia Bilbon. Venezuela.


Ostirala, urriak 20
Kulturarteko Plaza Feministan eta Burujabetzen Etxean


9:30-10:00
Kulturarteko Plaza Feminista eta Burujabetzen Etxearen aurkezpena.


10:00 – 11:30
Burujabetza(k) lurreratuz: nola eragin arlo ezberdinetan?

- Elikadura: Iker Elosegi. Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea.
- Zaintza: Miren Aranguren. Emagin elkarte feministako formatzaile eta ikerlaria.
- Hezkuntza: Nora Salbotx, maistra. Hik Hasiko eta Eusko Ikaskuntzako kide. Euskal
Hezkuntzagintzako militantea.
- Lana: Miren Lanz. Parean elkarteko kidea eta BDS koop eraldaketa fabrikako partaidea.


11:30-12:00
Atsedena eta kafea.


12:00 – 14:00
Burujabetza proiektu ezberdinen arteko topaketak:

Elikadura (Burujabetzen Etxean). “Belaunaldi aldaketa eta jantoki komunitarioak, aztergai”
Lana (Burujabetzen Etxean). “Polo kooperatiboak eta ekintzailetza proiektuak”
Hezkuntza (Kulturarteko Plaza Feministan). "Euskal hezkuntzagintzaren erronkak herrietatik
abiatuz".
Zaintza (Kulturarteko Plaza Feministan). "Eredu berri baterako gakoak"


17:30 – 19:30
Herrigintzatik Burujabetzara. Mahai-ingurua.

Aiaraldea Ekintzen Faktoria. Laudio
Ehundu. Bergara
Euskal Herria Burujabe. Baiona
Bidea. Hernani


Larunbata, urriak 21
Burujabetzen eguna


11:30-13:30
Kalejira kulturala, burujabetza sektoreekin eta herriko kulturgileekin
14:30 Bazkari girotua