Iruñeako Pinaquy aretoan egindako ekitaldian, sarearen estatutuak onartu, Kontseilu Errektoreko eta Errekurtso Batzordeko kideak hautatu eta Inskribatzeko gaikuntzak egin dituzte.
20 energia komunitatek eta 12 tokiko erakundek eratu dute Sarea, guztira 20.400 euroko kapital soziala bilduta.
Gaurko egunez, urriaren 3an, eratu da Ehnergia Sarea. Martxoaren 7an Donostian proiektuaren izena eta irudia aurkeztu ondoren, kooperatiba eratzeko beharrezko bazkideak bildu ditu talde motorrak, gaur Iruñean egindako Batzar Eratzailean jada legalki osatuta gelditu delarik.
Batzarra Udalbiltzako Lehendakari Haritz Alberdik ireki du. “Legorretan jarritako mugarrian erronkari eutsi genion eta gaur, jada, ofizialki jaioko da Ehnergia”, azaldu du pozez, Energia Burujabetza ardatz Legorretan egindako jardunaldiari erreferentzia eginez. Eskerrak eman dizkie bertaratu diren kide guztiei, eurek gabe proiektuak ez lukeelako aurrean zuen erronka handia gaindituko, “kooperatiba eratzeko beharrezko 30.000€ horien langatik hasita”.
Izan ere, erronka ez zen makala, baina lortu da: ia bi urtez luzatu den lan-prozesuaren ostean, azkenik, Euskal Herri osoko 12 tokiko erakundek eta 20 energia komunitatek eratu dute Ehnergia Sarea, 40.200 €ko kapital sozialarekin.
Lehendakaritza eta Idazkaritza postuak izendatzea izan da Batzarraren lehen eginkizuna. Otxandioko Oreka Energia Komunitatea hautatu dute lehendakaritzarako; bazkide laguntzaile den Udalbiltza Partzuergoak, ordea, eramango du idazkaritza.
Ainhoa Intxaurrandieta idazkariak estatutuak errepasatu ditu, eta aho batez onartu ditu Batzarrak. Ondoren, Kontseilu Errektoreko eta Errekurtso Batzordeko kideak hautatu dira: Oreka EK (Otxandio), Beñat Irasuegi, Ekindar EK (Azpeitia), Orexako EK, Larraungo Udala, Hitzar EK (Itsasondo) eta Udalbiltza Partzuergoa izango dira Errektore Kontseiluko kide, eta Ziortza-Bolibarko Udala, Azpeitiako Udala eta Klik EK (Mutriku), bestalde, Errekurtso Batzordeko kide.
Energia Komunitateak protagonista
Intxaurrandietak azaldu zuenez, “Ehnergia Sareko protagonistak Energia Komunitateak dira, eta ez genuen nahi euren partehartzea aspektu ekonomikoak mugatzerik”. Energia Komunitateek Ehnergiako bazkide izateko kuota, arrazoi hori tarteko, 100€koa da.
Hona hemen egun kooperatiban dauden eta sarearen jardueraren foku izango diren Energia Komunitateen zerrenda:
Bolintxu (Ziortza-Bolibar, Bizkaia)
Oneko (Oñati, Gipuzkoa)
Ekindar (Azpeitia, Gipuzkoa)
Etxaurindarra (Etxauri, Nafarroa)
Esnargi (Eskoriatza, Gipuzkoa)
Ostots (Araitz, Nafarroa)
Bixtu Bera (Bera, Nafarroa)
Enherkom (Hernani, Gipuzkoa)
UBEK (Uribe Butroi, Bizkaia)
Oreka (Otxandio, Bizkaia)
Ixotzen (Elgeta, Gipuzkoa)
Hitzar (Itsasondo, Gipuzkoa)
LBEkiola (Leintz bailara, Gipuzkoa)
Klik (Mutriku, Gipuzkoa)
Orexako EBK (Orexa, Gipuzkoa)
Añargi (Añorga, Gipuzkoa)
Urkiloko EK (Amaiur, Baztan, Nafarroa)
Anizko EK (Aniz, Baztan, Nafarroa)
Iduzki (Erratzu, Nafarroa)
Agoizko EK (Agoitz, Nafarroa)
Energia burujabetzara bidean
Kooperatiba Integrala izango da Ehnergia Sarea, gizarte ekimenekoa eta irabazi-asmorik gabea, eta mugaz gaindiko energia-komunitate gisa jarduteko asmoa du. Bere helburuen artean energia burujabetza eta trantsizio justu, jasangarri eta lokala sustatzea daude, baita energia komunitateentzako laguntza-sare eta bazkideentzako ondasun eta zerbitzu energetikoen hornitzaile gisa jardutea ere.
Funtsean, Euskal Herrian sortzen ari diren energia komunitateen artean saretzea eta elkarlana sustatzea bilatzen du Ehnergiak, egunerokotasunean dituzten beharrak ase eta aholkularitza lanak egiteko; baita etorkizunean sortuko diren energia komunitate horiei prozesuan laguntzea ere.


