• Euskal Herriko energia komunitateak saretu eta hauei ordezkaritza eta kudeaketa egitea izango du helburu; aholkularitza eskainiz, burujabetza energetiko bateranzko bidean.
• Kursaalen (Donostian) egindako aurkezpenean, hainbat urtez luzatu den prozesuaren berri eman dute, Udalbiltzaren Inkubagailuko proiektu izatetik, egitasmo autonomo bilakatu den arte.
Martxoaren 7an, larunbat goizez, antolatu du Udalbiltzak Ehnergia sarearen aurkezpena Donostiako Kursaal aretoan. 50 bat lagun bildu dira bertan; tartean, Euskal Herriko zenbait energia komunitatetako kide, herrietako ordezkariak, gaian aditu eta arituak eta sare honen prozesuan parte hartu duten kideak.
Clara Rouget Udalbiltzako zuzendariak eman dio ekitaldiari ongietorria. Bizi dugun krisi klimatikoaren aurrean, gaurkoa mugarri gakoa dela adieraziz hasi du bere hitzartzea. “Munduak hartu duen norabide korapilatsu honen aurrean, gure energia propioa ekoiztea eta energian burujabe izatea ezinbesteko erronka bihurtu baita”. Halaber, gaur aurkeztutako proiektu hau, “jarrera indibidualisten aurrean, erantzun komunitarioa eta publiko-komunitarioa aldarrikatzera” etorri da.
Horixe baitu funtziorik argiena sortu berri den Ehnergia sareak: Euskal Herrian sortzen ari diren energia komunitateen artean saretzea eta elkarlana sustatzea, egunerokotasunean dituzten beharrak asetu eta aholkularitza lanak egiteko; baita etorkizunean sortuko diren energia komunitate horiei prozesuan laguntzea ere.
Aurkezpenean zehar, sare honen eraketa-prozesua gidatu duen talde teknikoko kideek hartu dute hitza: Artelaneko Oihana Loreak eta Arankoa Abokauak-eko Idoia Zuletek. Ehnergiak bigarren mailako kooperatiba baten egitura juridikoa duela azaldu dute: Kooperatibaz (hau da, energia komunitatez) osatutako kooperatiba, alegia. Bigarren mailako kooperatiba hau, halaber, mugaz gaindikoa izango da; Euskal Herrian halako egitura duen bigarrena, Ikastolen Elkartearen ostetik.
Energia komunitateen arteko saretzeaz eta horien ordezkaritzaz eta aholkularitzaz gain, Ehnergia sareak Euskal Herriko udalei ere energia burujabetzarantz pausuak emateko laguntza eta zerbitzuak eskainiko dizkiela azaldu dute Loreak eta Zuletek.
Hainbat mugarriz osatutako prozesua
Aurkezpenaren azken zatian oholtzara igo den Udalbiltzako lehendakari Haritz Alberdik, prozesuaren aurrekariak gogoratzeko tartea hartu du. “Udalbiltzak aspalditik izan du energia burujabetzaren bidean aurrerapausoak emateko ardura”, azaldu du. 2021ean Udal proiektu energetiko komunitario eta burujabeak mintegia antolatu zen Hernanin. Ondoren, 2023an Antzuolan eginiko aurkezpenean, Energia herritarren eskuetan izeneko gida aurkeztu zuen Udalbiltzak, Euskal Herri mailan eratuta zeuden edota eratze-prozesuan zeuden energia komunitateen berri emateko helburuz.
2024an Legorretan antolatutako jardunaldia gakoa izan zen prozesu honetan, ordea. Bertan hasi zen ehuntzen egun energia komunitateen hezur-haragizko sare bihurtu den hau. Bertan erabakitakoetatik abiatuta, urte eta erdiz luzatu den prozesu bat garatu du talde motorrak, gaur Kursaalen aurkeztu den Ehnergia sareak argia ikusi duen arte.
Ondoren, prozesuan parte hartu duten lagunen ordezkariak igo dira oholtza gainera: Beñat Irasuegi Ibarra, (Errenteria), Aritz Otxandiano Kanpo (Otxandio), Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra (Udalbiltza), Aitzol Iparragirre Galarraga (Azpeitia) eta Juanma Intxaurrandieta Salaberria (Etxauri).
Talde eragileak azken urtean egindako lanaren berri eman die bertaratu diren lagunei. Aurkezpenean, sarearen ezaugarriak, helburuak, eskaintzen dituzten zerbitzuak, bazkidetza motak eta izaera juridikoa azaldu dituzte. Amaieran, etorkizuneko erronkak aipatu dituzte eta, batez ere, energiaren arloan diharduten komunitateei, udalei eta eragileei elkarlanerako deia luzatu diete.
Aurkezpenarekin amaitzeko, mokaduaren aurretik, Ehnergia Sarearen marka-irudia aurkeztu zaie bertaratutakoei. Ehnergiak webgunea izango du (ehnergia.eus), baita sare sozialak ere; sarearen aurrerapauso guztiak bertatik komunikatuko dira.


