Gure Monetaren esperimentazioa jada martxan eta kalean delarik, bertako koordinatzaile Luix Intxauspe Arozamenarekin hitz egin dugu egitasmoa hobeto ezagutzeko.
Nola definituko zenuke Gure Moneta, hitz gutxitan?
Herritarron moneta, guk kudeatua, gure gizarte eredua eta baloreak bultzatzen dituena eta gure aberastasuna gure lurraldean bertan mantentzen duena. Ipar Euskal Herriko Euskoarekin batera, Euskal Herri osoko moneta bakarra izatea helburu duena.
Labur: zein bilakera izan du Gure Monetaren prozesuak gaur egungo egoerara arte?
Euskoa da gure erreferentzia eta oinarria. Bere ezaugarriak eta ibilbidea kontuan hartuta, Baztanen eta Oarsoaldean esperientzia pilotuak antolatzen ari gara; Euskoaren eredua lurralde hauetara egokitzen bertako herritarrekin, eragile ekonomikoekin, eragile sozialekin eta udalekin elkarlanean. Gerora, Hego Euskal Herrian zabaldu eta etorkizunean Euskoarekin batera Euskal Herri osoko moneta nazional bakarra sortzeko asmoa dugu.
Zein balore lantzen ditu, eta nola?
Gure Monetaren lehen balorea tokiko ekonomia indartzea da: bertako produktuen kontsumoa, salmenta zuzena, herri edo auzoko dendetan erostea. Bigarren balorea euskara da, eta harreman sozial eta ekonomikoetarako ezinbesteko tresna bilakatu nahi dugu, euskararen paisaia eta erabilera zabalduz. Trantsizio ekologikoaren balorearekin ekonomia zirkularra bultzatuko da ura, energia eta hondakinen kontsumoa eta kudeaketa landuz, ingurumena zainduz eta lurrari lotutako nekazaritza bultzatuz. Eta azkenik, justizia sozialaren baloreak bere baitan biltzen ditu: zaintza, parekidetasuna, kulturaniztasuna eta inklusioa. Gure Monetan parte hartzeko, profesionalek balore horien baitako konpromisoak bete beharko dituzte; adibidez, bertako hornitzaileak bilatuz, paisaia linguistikoa zainduz, lan baldintza egokiak ziurtatuz… eta herritarrok, monetaren erabileraren bidez, balore hauek indartzen ditugu eta eragina areagotzen dugu.
Zergatik deitzen diogu moneta soziala? Zer ekarpen egiten dio gizarteari, eta bereziki Euskal Herriari, ekimen honek?
Gure Monetak, balio ekonomikoaz gain (salerosketak egiteko duen balioa), arestian aipatutako baloreak ere bultzatzen ditu, eta bere erabilerak balore horien eragina biderkatzen du; horregatik moneta soziala. Gure Monetak, gizarte justuago baten alde egiten du, trantsizio ekosoziala bultzatzen du, euskararen presentzia eta erabilera erosoa indartzen du… Tokian tokiko ekonomia indartu eta kohesio soziala bultzatzen du, eta aldi berean, horrek Euskal Herri mailako kohesioa eta harremanak estutzea dakar. Moneta bakar bat izateak Euskal Herriko lurraldeen eta herritarren arteko harreman ekonomikoak, sozialak, kulturalak etab saretu, indartu eta josten ditu.
Zer nolako eragina du eskualde jakin bateko ekonomian?
Lurraldean bertan duen eragina tokiko ekonomia birlokalizatzen laguntzea eta bertako kontsumo ohituretan eragitea da. Euskoaren esperientziak dio herritarrek gehiago kontsumitzen dutela bertako komertzio txikian eta ez merkatalgune handietan; laborari eta ekoizleen salmenta zuzena handitzen da, bertako merkataritzarekiko fidelizazioa sortzen da eta kontsumo ohituretan eragiten du. Lurralde batean gastatzen dugun euro bat nora joan daitekeen ez dakigu (Europara, AEBra edo mundu mailako merkatura), ezta zertarako erabiliko den ere (armen industrian, Palestinako genozidioan…); aldiz, Gure moneta erabiltzen badugu, badakigu diru hori eskualdean bertan geratuko dela eta, gehienez ere, Euskal Herriko beste lurralde batera joango dela baina, beti ere, balore jakin batzuk bultzatzen dituen norbaitengana. Gure dirua hemen geratzen da, Euskal Herrian.
Noiz eta nola hasiko da funtzionamenduan?
Orain bazkidetza kanpainarekin ari gara buru-belarri. Ezinbestekoa da gutxieneko masa kritiko bat lortzea moneta martxan jartzeko. Bazkidetza, bereziki, Baztanen eta Oarsoaldean da garrantzitsua baina Euskal Herri osoko edozein herritar, elkarte edo profesional egin daiteke bazkide eta proiektua babestu webgunearen bitartez. Gure aurreikuspenen arabera, udazkenean Baztanen eta Oarsoaldean jarriko dugu martxan moneta. Ordaintzeko hiru modu izango ditu: eskudirua, txartela eta telefonorako aplikazioa. Ondoren, beste lurraldeetara zabaltzeko aukerak aztertuko ditugu, bazkidetza kopuruaren arabera lurralde berriak aztertuz. Beraz, zuen lurraldean Gure Moneta abiatu nahi baduzue, orain da momentua bazkidetzak egin eta gogoa eta indarra badela adierazteko. Herriz herri moneta bat!


