Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizioa martxa bete-betean dagoen honetan, bertan udalerriek jokatzen duten papera gertutik ezagutu nahi izan dugu. Atxondoko alkate Eneritz Agirre Armentiarekin bildu gara, egitasmoak emandako fruituak bertan zer moduz jasotzen ari diren jakin asmoz.
Atxondorentzat lehenbiziko urtea izan da Geuretik Sortuak ekimenaren baitan. Nola izan zenuten proiektuaren berri eta zerk eraman zintuzten bertan sartzera?
Udalbiltzak eman zigun proiektuaren berri, guregana etorri baitziren berau aurkeztera. Bilera horren ostean jada animatu ginen udalerri gisa proiektuan sartzera, baina Iruñean egindako aurkezpenarekin, aurretik izan nitzakeen duda guztiak desagertu egin ziren: liluratuta atera nintzen handik.
Miren Artetxe idazle eta bertsolaria egokitu zaizue edizio honetan. Zer nolakoa izan da bere sormen egonaldia? Zer eman dio Atxondok Mireni eta zer Mirenek Atxondori?
Miren Artetxek Atxondon egin duen egonaldia benetan polit eta berezia izan da. Atxondori bizitasuna, bertsolaritza eta literaturarekiko berpizkundea eman dizkio; eta bere goxotasun eta hurbiltasunak ere asko lagundu du. Atxondok Mireni zer eman dion, agian, berari galdetzea zuzenagoa litzateke baina, nire ustetan, inspirazioa, lasaitasuna eta bere buruarekiko konfiantza eman dizkio. Benetan hunkigarria izan da berarekin bizitako egonaldia.
Edizioaren bigarren urtea zirkuitu nazionalarena da, eta emanaldi batzuk igaro dira dagoeneko Atxondotik. Bertan egoteko aukera izan duzu? Zer moduzkoak izan dira?
Ekitaldi guztietan egoteko aukera izan dut, eta balorazio orokorra oso ona izan da. Egin diren hiru ekitaldiak jendez lepo egon dira eta herrian inpaktua sortu dute.
Bertso-literatura saioak kutsu berezia izan zuen, Miren berriz herrian izan genuelako. Oso giro atsegin eta polita sortu zen Amillenako bentan. Infinitudrama konpainiaren Promesarik txikiena antzezlanak, bestetik, frontoiko harmailak bete zituen, eta Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedroren Kolapsoa antzezlanak, halaber, eskolako gimnasioa txiki utzi zuen. Benetan, oso pozik gaude esperientziarekin.
Orokorrean, zein ekarpen egiten dio Geuretik Sortuak bezalako ekimen batek Euskal Herriko udalerri bati?
Gure kasuan, proiektuak eta honen kultur eskaintzak herria eta herritarrak berpiztu ditu. Oso herri aktiboa izan da Atxondo urte askoan, baina ekimenak gogoa eta ilusioa berpiztu ditu. Hurrengo ekitaldia noiz izango zai dago herria, gogotsu.
Laster hasiko gara edizio berria prestatzen. Aurreko edizioetan duda egin duten herriei zer esango zenieke edizio berrian parte har dezaten?
Esango nieke animatzeko, ez izateko parte hartzeko beldurrik eta benetan esperientziak merezi duela. Eta, noski, herriak eta herritarrek eskertuko dutela.


