Skip to main content

Geuretik Sortuak egitasmoaren IV edizioaren izen-ematea itxi da dagoeneko, eta lortutako zifrekin pozik da Udalbiltza: lau arte diziplinatan banatutako 71 proposamen jaso dira orotara. Diziplina bakoitzeko aditu banak osatutako Balioespen Batzorde batek hautatuko ditu proposamen irabazleak.

Urriaren 13an zabaldu zen Geuretik Sortuak egitasmoaren laugarren edizioko izen-ematea; eta hilabeteren ostean, itxia da dagoeneko. Euskarazko sormenari bultzada ematea helburu duen egitasmo honen bitartez, 2027an eta 2028an zehar, hainbat kultura-proposamen egikaritzeko dirulaguntzak banatuko dira; horietako bakoitzari Euskal Herriko txoko ezberdin batean sormen-egonaldia bermatzeaz eta, ondoren, sortutako lanak aurkezteko zirkuitu nazional bat antolatzeaz gain.

71 proposamen jaso ditu guztira Geuretik Sortuak egitasmoak: 15 literaturan, 8 komikigintzan, 29 antzerkigintzan eta 19 arte eszenikoetan. Azken diziplina hau berria da Geuretik Sortuak-en markoan, eta oholtzara eraman daitezkeen eta antzerkigintzatik at gelditzen diren beste hainbat diziplina eta horien arteko hibridazioak barnebilduko ditu.

Balioespen Batzordea

Behin proposamenak jasota eta aztertuta, Balioespen Batzorde batek hautatuko ditu diziplina bakoitzetik Geuretik Sortuak-en IV edizioan protagonista izango diren sortzaile eta proiektuak. Hautatuen kopurua, halaber, edizioan parte hartuko duten euskal udalerri edo udalerri multzoen berbera izango da. Kopuru hori, baita udalerri eta sortzaile partehartzaileen izenak ere, urtarrilean egingo den aurkezpen ekitaldian jakinaraziko dira.

Balioespen Batzordearen parte izango diren adituak hautatu dira dagoeneko: literaturan Ane Zubeldia Magriñá idazle eta itzultzailea, komikigintzan Raisa Álava Robina irudigile eta komikigilea, antzerkigintzan Ximun Fuchs zuzendari eta aktorea eta, arte eszenikoetan, Oihana Vesga dantzari eta koreografiatzailea. Horiez gain, Udalbiltzako lehendakariak, zuzendariak eta kultura-teknikariak ere bozka emango dute Balioespen Batzordean.