Orendain: Kale Baserria
- Hasiera data:
- 2014
- Bukaera data:
- 2019
- Lurraldea:
- Gipuzkoa
- Herria:
- Orendain
- Biztanle kopurua:
- 218
Udalaren jabetzakoa den Kale baserria eraberritu da, eta bertan bost etxebizitza egokitu dira. Etxebizitza horietatik lau bizilagun berrientzat izango dira, eta bosgarrena Udalarena izango da. Udalak etxebizitzaren lurzorua bizilagun berriei eman die, eraberritze lanak beren gain hartu izanaren ordainetan, eta lanak amaitutakoan etxebizitza berri bat Udalari emateko baldintza ezarrita.
Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea
Etxe eta baserri hutsei irtenbidea emate aldera sortu zen Kale baserria eraberritu eta bertan bost bizitza egokitzeko proiektua. «Herritarrek eskatu zuten parte-hartze prozesuaren bitartez etxe hutsei irtenbidea ematea. Hala, Udalaren jabetzakoa den Kale baserrian saiatu gara prezio duinagoan etxebizitzak eskuratzeko aukera ematen duen eredu bat asmatzen, aldi berean etxe hutsak dituztenei haiek eraberritzeko aukera emango diena», azaldu du Gorka Egiak. Prezioak, azkenean, 138 mila eurotik 188 mila euro bitartekoak izan dira. Baina erosle bakoitzak LIDER europar funtsetatik 25 mila euroko laguntza jaso du, eta, beraz, azkenean 118 mila eta 163 mila euro bitartean kostako dira, diru laguntzak kontuan hartuz gero.
Baserria berritzearen trukean zorua bizilagunei ematean datza ideia. Baserrian hainbat etxebizitza egokitzen dira; erosle posibleak etxebizitza eta lur horien jabe bihurtzen dira eraberritzearen truke, eta etxebizitzetako batek jatorrizko jabearena izaten jarraituko du obra amaieran. Horrela izango da Kale baserriaren kasuan, izan ere, egokituko diren bost etxebizitzetatik batek Udalarena izaten jarraituko du, eta gainerako lau etxebizitzen erosle posibleek eraikinaren eraberritzea ordaindu beharko dute, espazio hori jabetzan hartzearen truke. Baserriaren barruan hainbat etxebizitza egitea ahalbidetzeko araudia ere aldatu behar izan du Udalak. Orendaingo alkateak dioenez, «gaur egun oso zaila da baserri bat osorik saltzea, eta baserri huts batek gastu handiak edukitzen ditu; modu honetara, baserriaren barruan etxebizitza berritu bat izan dezakezu, gainerako eremua erreforma ordainduko duten horiei emanez trukean».
Proiektuaren helburu orokorrak
- Baserri hutsei irtenbide bat ematea.
- Etxebizitzak eskuragarri jartzea prezio duin batean.
- Herriko biztanleriari eustea. Herria bizirik mantentzea.
Ekimenaren helburu espezifikoak
- Kale baserria eraberritzea.
- Udalak etxebizitza duin bat izatea jabegoan, alokairua sustatzeko.
Zer herritar kopuru eta multzoari eragiten dion proiektuak
Orendaindarrei eta Tolosaldeko herritarrei.
Beste programa batzuekin izan dezakeen harremana
Inplementazioa
Faseak eta ekintza planak
- Partaidetzazko aurrekontuetan beharra antzeman.
- Arau subsidiarioetan aldaketa puntuala egin.
- Arkitekto proiektuen lehiaketa martxan jarri, eta garatuko den proiektua hautatu.
- Komunikazio kanpaina egin.
- Kale baserriko obra esleitu.
- Interesatuak hautatzeko baldintza pleguak definitu eta argitaratu.
- Esleitu eta notariotzan sinatu. Horrekin batera, Udalak ordura arte egindako gastua berreskuratuko du.
- Obra gauzatu.
- Obra amaieran Udalak bere etxea eskuratu.
Parte hartu duten eragileak
- Orendaingo Udala
- Biztanle berriak
- Arkitektoa
- Kontratista
Finantzaketa
Udala hasierako finantzaketaz arduratu zen, baina ondoren bizilagun berriek gastua bueltatu zioten Udalari. Beraz finantzaketa osoa bizilagun berriek hartu dute beren gain.
LIDER europar funtsetatik 25 mila euroko laguntza jaso dute bizilagun berriek.
Emaitzak
Emaitzarik garrantzitsuena etxea eraberrituta geratuko dela eta bertan lau familia berri biziko direla da.
Bestalde, Udalak etxe berri bat izango du, eta hori alokatzeko edota ostatuari logela batzuk eskaintzeko aukera izango da.
5.000 euro gordeko dira Banku Etiko batean, beste edozein baserrik antzeko proiektu bat garatu nahi izango balu.
Sortutako dokumentuak
Hedapena
Komunikabideen bidez eta eskualdeko aldizkariaren bidez.
Ebaluazioa
Balorazio osoa egiteko obra bukatzea falta da, baina orain arteko esperientzia luzea baina paregabea izan da, dena oso ondo ari da ateratzen eta.
Praktikaren indarguneak
Udalak ez zeukan bere jabetzako baserria eraberritzeko nahikoa diru, eta orain, baserria eraberrituta izateaz gain, bertan etxebizitza berri bat izango du.
Herrian baserri hutsak dituen jabe pribatu orok Udalaren proiektu hau eredutzat hartu, eta berdina egin dezake.
Herritarrek balorazio oso positiboa egiten dute, etxea berritu orduko beteta geratuko delako, beste hainbat hirigintza proiektutan ez bezala. Izan ere, askotan etxe berri hutsak salgai geratzen dira.
Praktikaren ahulguneak
Denbora asko behar da halako proiektu bat aurrera ateratzeko.

- Kontaktua:
- Gorka Egia, alkatea
- Telefonoa:
- 688694048 688694048
- Helbidea:
- Orendaingo Udala, Kasko gain 17 (Orendain, Gipuzkoa)
- www:
- http://www.orendain.eus