Urduña: Herri sukaldea

Elikadura burujabetza eta tokiko elikadura Bizkaia
Hasiera data:
2006
Bukaera data:
abian dago
Lurraldea:
Bizkaia
Herria:
Urduña
Biztanle kopurua:
4163

Elikadura burujabetzaren bidean herrian egiten ari diren lanketaren barruan, herri sukalde bat zabaldu dute, eskolako haurrei eta zahar egoitzako pertsona adinduei jaten emateko. Produktuak tokikoak erabiltzen dituzte; bertako dendatan eta ekoizleei erosten dizkiete. Aurrerago, etxez etxeko zerbitzua edo banaketarekin hasiko dira, pertsona adinduei begira.

Argazki galeria

Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea

Krisi ekonomikoak gogor jo zuen herria, 2008tik aurrera. Lantegiak itxi ziren, eta langabezia tasak gora egin zuen. Testuinguru horretan, lehenengo sektorearen aldeko apustua egin zuten udalerrian. Hainbat dinamika eraman zituzten aurrera nekazaritza eta abeltzaintza indartzeko, eta, batez ere, belaunaldi aldaketa bermatzeko; hots, gazteak lehenengo sektorean hasteko.

Testuinguru horretan, tokiko nekazariek eta abeltzainek ekoizten zituzten produktuak kontsumitzeko gune baten beharra ikusi zuten; hots, zikloa edo biribila itxiko zuen proiektu bat. Hori horrela, herri sukalde bat eraikitzeko ideia garatzen hasi ziren, herriko eskolan eta zahar egoitzan zerbitzua eskainiko zuena.

Proiektuaren helburu orokorrak

  • Tokiko garapena bultzatzea, elikadura burujabetzaren bidean.
  • Trantsizio ekologikoan pausoak ematea.
  • Elikadura sistema sortu eta garatzea.

Ekimenaren helburu espezifikoak

  • Agroekologia lanabes hartuta, elikadura burujabetza eraikitzen joatea.
  • Lanketa horren barruan jendea gaiarekin sentsibilizatzea.
  • Burujabetza ekimenak lantzen joatea eta elkarren arteko korrelazioarekin herriaren garapenean pausoak ematea.

Zein herritar kopuru eta multzori eragiten dion proiektuak

Elikadura burujabetzaren bidean ematen ari diren pausoek, oro har, herritar guztiei eragiten diete. Sukaldearen proiektua, berriz, eskolako haurrei, zahar egoitzaren erabiltzaileei, etxean bizi diren pertsona adinduei eta herriko merkatari eta ekoizleei eragiten die.

Beste programa batzuekin izan dezakeen harremana

Sukaldearen proiektuak elikadura estrategia bati erantzuten dio. Programa horren barnean, bestelako proiektuak sortu dira, elikadura burujabetzaren bidean aurrera egiteko; azken finean, guztien arteko korrelazio bat dago.

Inplementazioa

Faseak eta ekintza planak

Aurretik lanketa bat egon zen bertako abeltzainekin eta nekazariekin. Diagnostiko bat egin zen, baina, batez ere, estrategia garatzen eman zuten denbora. Tartean, formakuntza saioak eman zituzten.

Produktuen komertzializazioa lantzen hasi zirenean sortu zen sukaldearen beharra. Sektoreak berak proposatu zuen. Ostean, garatzen hasi ziren: eraiki egin zuten, lekua aurretik identifikatuta zeukaten, eta tramite burokratikoetan sartu ziren. Zahar Egoitzaren sukaldea 2012an zabaldu zuten, Haur Eskolakoa, 2018ko irailean.

Parte hartu duten eragileak

Urduñako Udala, Urduñako Abeltzainen Elkartea, Urduñako Zaporeak (ekoizleek osatzen dute taldea, produktuak merkaturatzeko), Merkatarien elkartea eta Eskolako Guraso Elkartea. Gerora, hondakinen kudeaketa lantzeko, beste kolektibo batzuk sartuz joan dira.

Baliabide ekonomikoak / Finantzaketa

Orotara, proiektuak 300.000 euroko kostua izan du. Eusko Jaurlaritzak %80tik gorako ekarpena egin du, Europako Feader diru-laguntzen deialdiaren bitartez. Urduñako Udalak ere ekarpena egin du.

Emaitzak

  • Sukaldea zabaldu dute. Erabiltzaileek tokiko produktuak kontsumitzen dituzte, eta etxeko sukaldaritza lantzen da. Gainera, lanpostuak sortu dira, zerbitzua emateko (sukaldaria kontratatu da).
  • Zahar egoitzaren kasuan, elikadura ohiturak aldatu dituzte. Urtero, 80.000 euro herrian geratzea lortu dute, eta arrautzak, barazkiak, lekariak, ogia, esnea, txerrikia… Ekologikoan jaten ari dira pertsona adinduak.

Praktikaren difusioa

Marijo Imaz Urduñako Ekoizpen zerbitzuko teknikaria da. Elikadura Burujabetzaren munduan, pertsona aditua da, eta, sarritan, hitzaldiak ematen ditu. Kongresuetan ere parte hartzen du, eta horietan guztietan herrian egindako lanketaren berri ematen du.

Gainera, badute webgune bat herriko elikadura burujabetzaren bidean eman dituzten pausoen berri ematen duena: Regresandoalfuturo.org. Dokumentalak webgune propioa du.

Praktikaren puntu fuerteak

Bide honetan lortu dituzten aliantzak eta herritarren konpromisoa ezinbestekoak izan dira horrelako proiektu bat garatzeko.

Praktikaren puntu ahulak

  • Finantzaketa, errekurtso falta.
  • Erresistentzia, barruan eta kanpoan.
  • Aldaketa politikoak: beti daude 4 urterako perspektibarekin, eta gisa honetako proiektuek denbora gehiago eskatzen dute.

Beste eremu eta eragile batzuek ekimen hau abian jartzeko aukerak

Tokian tokiko beharrei erantzunez, baina, bai, esportagarria izan daiteke; halere, esportagarriena dinamizazio-prozesuak dira.

Kontaktua:
Marijo Imaz, Ekoizpen Agentziakoa
Telefonoa:
945 38 40 50 / 685 75 76 58 945 38 40 50 / 685 75 76 58
Helbidea:
Burdin kalea 2, 1. ezk. 48460 Urduña – Bizkaia
www:
http://regresandoalfuturo.org