Selma Huxley Barkham ikerketa beka

Feminismoa Gipuzkoa
Hasiera data:
2017
Bukaera data:
Abian da
Lurraldea:
Gipuzkoa
Herria:
Oñati
Biztanle kopurua:
11.300 biztanle

Oñatiko emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak plazaratzeko helburuarekin, Selma Huxley Barkham ikerketa beka abiatu zuen udalak 2017. urtean. Bekaren lehenengo deialdiak emandako fruitua, Oñatiko emakumiak errekadutan. XX. Mendeko komertzio txikiaren etnografia feminista bat izeneko lana. Horren garrantzia eta balioa ikusirik, Oñatiko Udalak emakumeen ekarpena zer-nolakoa izan den jasotzen jarraitu nahi du, kontatu gabeko historia hori argitara eman, eta emakume horiei zor zaien aitortza egiten jarraitu. Hala, 2019ko urrian, II. Beka deialdiaren oinarriak argitaratu ziren.
Selma Huxley Barkham izeneko bilduman jasoko dira beka horretatik eratorritako lanak.

Argazki galeria

1. Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea
4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak hainbat zehaztapen egiten ditu. Besteak beste, 7. artikuluan, tokiko erakundeen eskumenak ezartzen ditu, eta besteren artean honako hauek zehatzen du: e) Toki eremuan, emakume eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.
2012ko abenduaren 20ko Osoko Bilkuran onartu zen Oñatiko Emakume eta gizonen arteko Berdintasunerako I. Plana zeinak besteren artean honako ekintza hauek ekartzen dituen:
- J. 1.1.6. Herrian garrantzitsuak izan diren emakumeak omendu, horiek egindako lana publikoki eskertuz.
- J.1.1.9. Udaleko emakumeen historia berreskuratzeko ekimenak antolatu (ikerketa bekak, ahozko artxibategia osatu…).
Emakumeen ikuspegi eta ekarpenei balioa ematen ez dien kontakizuna izan da gure herriaren historia eraikitzeko ardatza. Gizonak izan dira objektu eta subjektu bakar, eta, kontakizun horretan, bazterrean geratu dira hainbat errealitate. Jaso gabe gelditu dira emakumeen gaineko kontakizunak, eta, ondorioz, ikusgarritasun sozialaren aldetik, emakumeen defizit nabarmena izan dugu bai bizitza ekonomikoan, bai gizartean, bai kultur mailan eta bai politika alorrean.
Euskal Herriaren eta Oñatiren historia berreskuratu eta berridazteko saiakeran, berebiziko garrantzia izan dute azken urteetan ikertzaile eta historialari feministek eginiko ekarpenek. Euskal historiaren analisi feministaren bidez, hainbat errealitate aztertu eta agerrarazi dituzte: euskal emakumeen bizimodua, lana, erresistentzia, komunitate-harremanak, nortasuna, mundu ikuskera, eta abar. Horren adierazle da Selma Hauxley Barkham ikerketa bekaren lehenengo aldian aurkeztutako lana, “Oñatiko emakumiak errekadutan, XX. Mendeko komertzio txikiaren etnografía feminista bat”.


2. Proiektuaren helburu orokorrak
Proiektu honen helburua da Euskal Herriko eta Oñatiko historia ikuspuntu feminista batetik aztertzea eta historian zehar emakumeen eginiko askotariko ekarpenak ikertu, jaso eta ikusaraztea.
Oñatiko Udalaren berdintasun politiken ardatz estrategikoetako bat da balio aldaketa bultzatzea sexuaren araberako rolak eta estereotipoak ezabatuta, baita emakumeen partaidetza eta eragin soziopolitikoa sustatzea ere. Helburu horiek erdiesteko tresna garrantzitsu bat bilakatu da dagoeneko Selma Huxley Barkham ikerketa beka.

3. Ekimenaren helburu espezifikoak.
- Emakumeen ikusgarritasun soziala indartzea
- Euskal Herriko eta Oñatiko historiaren narrazioan emakumeen ahotsak aintzat ez hartzeak ekarri duen defizita agerian jartzea
- Emakumeen ekarpen sozial eta historikoei aitortza egitea
- Selma Huxley Barkhamen figuraren bitartez, emakume historialari eta ikertzaileei aitortza egitea
- Rol eta estereotipo tradizionalak iraultzea askotariko identitate eta bizimoduak ikusaraziz


4. Inplementazioa
. Oinarriak diseinatzea, epaimahaiaren osaketa eta deialdiaren hedapena
. Ikerketa aldia. Bekaren oinarriek ezarritakoarekin bat, aurkeztutako proiektuen artean bat aukeratuko du epaimahaiak, eta egileak edo egileek urtebeteko epea izango dute lana garatzeko. Hamabi hilabete horiek igarotakoan, lana epaimahaikoari aurkeztuko zaio.
. Hedapena.
1. Lana ontzat emandakoan, sei hilabeteko tartea izango dute egileek hedapen programa garatzeko.
2. Publikazioa: “Selma Huxley Barkham” izeneko liburu bilduma eratu du udalak, eta aurkeztutako lana bilduma horren barnean argitaratuko du sei hilabeteren barruan.


5. Baliabide ekonomikoak
24.000€ (beka 18.000 + publikazioa 4.500€ + difusioa 1.500€)

6. Praktikaren indarguneak
Ikerketa lanarekin batera hedapenerako programa sartu izana da bekaren indargunea. Bigarren deialdiaren oinarrietan sartu dugu hedapenarena; izan ere, lehenengo lana aurkeztu zenean ikusi genuen jendeari nolabait itzuli behar zitzaiola lanaren emaitza, herritarren artean zabaldu, historiaren atal hori ezagutarazi eta aitorpen bat eman orain arte entzun ez diren ahots horiei.