Pirinioa Trigo Limpio
- Hasiera data:
- 2013an zabaldu zituen ateak. Aurretik, 4-5 urteko lanketa izan zuten guztia martxan jartzeko.
- Bukaera data:
- Proiektua orain dago martxan.
- Lurraldea:
- Nafarroa Garaia
- Herria:
- Zaraitzu, Aezkoa, Artzibar eta Bidaso aldea.
- Biztanle kopurua:
- 9000
Eskualdeko abeltzainek ekoizten duten haragi ekologikoa modu zuzenean saltzeko ekimena. Ariben zatikatzeko gela bat dute, eta bertan zuzenean saltzeko aukera dute. Denda birtuala ere badute; astero dituzte eskariak.
Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea
Pirinioko egoerak bultzatutako ekimen bat dela esan daiteke. Aspaldidanik gain behera doan eskualde bat da, eta, arazoari planto egiteko, hamaika dinamika sortzen ari dira; horietako bat da Trigo Limpio. Tokiko abeltzainak elkartu egin dira, beren haragia zuzenean saltzeko; hots, bitartekaririk gabe. “Orain arte, lana egiten genuen inolako etekinik atera gabe; ez genuen dirurik sartzen; hots, gure lana eta eginahala ateratzen zen, eta ez zen itzultzen”.
Hori dela eta, lan egiteko moduan aldaketa bat egitea erabaki zuten. Animalia gutxiagorekin lan egiten hasi ziren, eta haragiaren prozesu guztia kontrolatzen; abereei janari garbia ematen eta modu Ekologikoan lan egiten hasi ziren; ondoren, zatiketa eta salmenta ere eurek kudeatzen dute.
Proiektuaren helburu orokorrak
- Haragia modu duinean saltzea.
- Ekologikoan lan egitea.
- Lurrarekiko zaintza bermatzea.
- Tokiko abeltzainentzako lanerako gune bat izatea
- Abeltzainei aukera ematea euren produktuaren kontrola eta jarraipena egiteko.
Ekimenaren helburu espezifikoak
Pirinioetan lan eta bizitzeko aukera bat izatea. Izan ere, proiektuarekin bat egin duten abeltzainek aukera izanen dute tokian lan egiteko. Prozesuaren kontrola izanda, lehen kanpora joaten zen indarra eta energia, orain bueltatu eginen da.
Zein herritar kopururi eta multzori eragiten dion proiektuak
Trigo Limpioko joko zelaia Euskal Herri osoa da. Bertako herritarrek eta ostalariek zuzenean erosteko aukera duten arren, euskal lurralde osora iristen dira. Iruñerrian erosle multzo bat dute, baina baita Donostian, Gasteizen, Bidasoaldean eta Bilbon ere.
Beste programa batzuekin izan dezakeen harremana
Poliki-poliki, haur eskoletako jantokietan sartzen ari dira euren produktuak saltzeko.
Inplementazioa
Faseak eta ekintza planak
Prozesu luze baten emaitza izan da Trigo Limpio proiektua. Hastapenetan, hots, lehenengo fasean, elkarteari forma eman zitzaion; helburuak definitu, Estatutuak adostu, eta abar.
Bigarren fase batean, azpiegitura finkatu behar izan zuten, eta proiektua non garatuko zuten adostu zuten. Aholkularitza enpresa baten bidez eman zioten forma zatiketa enpresari. Ondoren, finantzaketari eutsi zioten, proiektua abian jartzeko. Une horretan ere, webgunea jarri zuten martxan.
Hirugarren fase batean, Komunikazio planari ekin zioten; hau da, egindako lan guztiaren zabalkundeari ekin zioten.
Baliabide ekonomikoak / Finantzaketa
Proiektuari bultzada emateko, %40 finantzatu zuten Europako Leader deialdiarekin. Udalbiltzako Garapen eta Kohesio Fondotik 6.000 euro eskuratu zituzten, “Pirinioetan lan eta bizi” deialdiaren barruan. Diru horrekin zabalkundeari ekin zioten. Gainerakoa, abeltzainek jarri dute.
Emaitzak
Zatiketa gela bat jarri dute. Proiektuarekin bat egin duten abeltzainek lan egiteko gune bat izanen dute. Poliki-poliki, kanpora ateratzen ziren energiak eta lanak bertan gelditzea lortu dute, eta egoera iraultzen ari dira; lanpostuak sortu dituzte.
Praktikaren difusioa
Webgunea eta komunikazio plana dituzte, egiten duten lana zabaltzeko eta hitzaldietan parte hartu izan dute, euren proiektuaren berri emateko. Azoketan parte hartu dute, eta showcooking-a egin dute (beren produktuak zuzenean prestatu dituzte).
Praktikaren puntu fuerteak
Produktu ona eskaintzen dute, ekologikoa, eta bezeroarekiko zuzeneko harremana dute abeltzainek.
Praktikaren puntu ahulak
Dimentsio handiegia duela deritzo; lan handia da gutxiren artean aurrera eramateko. Haragia egiteak kostu bat du; hotzean egin behar da denbora guztian.
Beste eremu eta eragile batzuek ekimen hau abian jartzeko aukerak
Tokian tokiko errealitatera egokitu beharko litzateke. Esportagarria izan daiteke, baina aurretik aukera eta baliabide guztiak aztertu beharko lirateke.

- Kontaktua:
- Lourdes Indaburu, kidea
- Telefonoa:
- 635 715 038 635 715 038
- Helbidea:
- Santa Maria karrika zk/g, 31671 Aribe.
- www:
- http://www.carneecologicanavarra.com