Oñatiko energia plana: Utopia egia bihurtzen denean

Energia burujabetza eta deskarbonizazioa Gipuzkoa
Lurraldea:
Gipuzkoa
Herria:
Oñati
Biztanle kopurua:
11.449

Zer dira ametsak egia bilakatzeko aukerarik ez badute? Duela 130 urte, Oñatiko Ur Jauziak zentral hidroelektrikoa zabaldu zuten lagunek energia eredu berri batekin amesten zuten: Araotz mendiaren magalean jaiotzen den Ubao ibaitik energia sortu eta oñatiarren behar energetikoak asetzeko aukera zegoen; urratsak ematen hasi ziren. Mende luze honetan, amets horretan sakondu eta harago egin guran, hamaika pausu eman ditu herriak, Euskal Herrian erreferente bilakatu arte. Berriki, energia burujabetzan aurrera egiteko pausu berriak eman ditu udalak, eta zortzi neurri barnebiltzen dituen Energia plana abiatu du. Lanketa horien artean dago, esaterako, 2023ko martxoan zabaldu zuen Energia Bulegoa, eta une honetan merkaturatzaile propioa izateko lanean ari da. Dagoeneko hasi dira energia burujabetza atzamar-puntekin ukitzen.

Historia pixka bat...

Oñatiko energia esperientzia ulertzeko, 1893ra egin behar dugu salto. Garai hartan, herriko hiru semek zabaldu zuten lehen zentrala Araotz auzoan, herriko etxebizitzak eta kaleak argiztatzeko helburuarekin. Gipuzkoan zabaltzen zen bigarrena izan zen. Hastapenetan, Biain y Cía enpresak kudeatu zuen. 1906. urtean, ordea, Arrasateko Union Cerrajera de Mondragon enpresak bereganatu zuen.

Handik gutxira, 1908 eta 1915 artean, Oñatiko Udalak bi zentral eraiki zituen, Olaran errekan (48 kw, 3000 Vtan) eta Urdantegietan (103 kw), hurrenez hurren. Bi azpiegitura horiek lehen argindar lerro munizipala sortu zuten txantxikuen herrian (Oñatiarren goitizena da): 9 kilometroko sarea zen, 151 kw potentziakoa eta, bataz beste, 250 kwh-ko ekoizpena zuena.

Urte batetik bestera, Oñatiko mendietan sortzen diren ibaien ertzetan zentralak loratuz joan ziren. 1917an, adibidez, Arrasateko Union Cerrajera enpresak, Urdaolako zentrala ireki zuen eta 1967an, Oñatiko Udalak eraldaketa zentro berria eraiki zuen Bustintzulon. Aukera berriak zabaltzen hasi ziren udalerrian. Hala, 1989an, enpresa pribatuen esku zeuden zentralak bere gain hartu zituen Udalak, eta Oñatiko Ur Jauziak elkartea sortu zen. 2018tik aitzin, Oñatiko Udalak enpresaren %81eko partaidetza du; Goienerrek %10ekoa eta Energiaren Euskal Erakundeak % 9ekoa.

Gaur egun

Herria inguratzen duten mendietan jaiotzen diren sei ur-jauzietatik hartzen du ura Oñatiko Ur Jauziak enpresa publikoak argi-indarra sortzeko. Olateko zentralak, adibidez, lau ur-jauzitatik edaten du (Olate, Zapata, Saretxo eta Arantzazu), eta energiaren % 80 sortzen du (10,5MWh). Gainerakoa, Urdaola (650,000 kWh) eta Tokillo (900.000 kWh) ekoizpen guneetan sortzen du. Datu teknikoetara mugatuz, Oñatiko Ur Jauziak enpresak 6 turbina ditu energia sortzeko, eta 3 eguzki plaka instalazio ditu ere bere gain. Instalatutako potentzia 5,5 Mw-ekoa da.

Azken datuak mahai gainean jarriz, 2021eko energia ekoizpena 12,7GWh-koa izan zen, eta txantxikuarren kontsumoa urtean, berriz, 12,8GWh-koa izan zen. Horrenbestez, esan daiteke Oñatiko Ur Jauziak enpresa publikoak sortu zuen energia hidroelektrikoa oñatiarren etxeko kontsumoa eta herriko komertzio txikiak asetzeko adinakoa izan zela (herriko industriaren kontsumoa beste bat da).

Herrian sortu, herrian kontsumitu; burujabetzaren filosofiarekin dantzan ari dira herritarrak. Udalerri askoren ametsa egia bilakatzen ari da Oñati. Izan ere, herrian sortzen den energia berriztagarria %45 da. Iraultza berdearen aldeko konpromiso hori CO2 isuriak murrizten laguntzen ari da. Debagoieneko herrien artean txantxikuarrak dira CO2 isurketa gehien ekiditen ari direnak (Elgeako parke eolikoa kontuan hartuz), %77rekin. Gainerako udalerriei dagokionez, datuak segidakoak dira: Bergara, %4; Arrasate, % 3; Aretxabaleta, %7; Eskoriatza, % 8; eta Antzuola, %1.

Agertokia positiboa bada ere amalurraren nahietara lotuta daude herritarrak. Alegia, energia gehiena euriteen eta elurteen sasoian sortzen dute; udan, ordea, ekoizpena murriztu egiten da. Hori dela eta, Oñatiko Udala ikerketa bat garatzen ari da guztira 2MW potentziako berriztagarrien azpiegitura eraikitzeko; ziurrenik eguzki plakekin oinarrituta egongo litzatekeen azpiegitura izango litzateke, ingurumenari ahalik eta inpakturik txikiena sorraraziz, eta helburua da udaran herritarrek behar duten kontsumo adina energia ekoiztea. Horri esker, kanpotik argi-indarra ekartzearen dependentzia murriztuko litzateke.

Sorkuntza gunetik etxeetarako beharrak asetzera

Ibai ertzetan sortzen duten energia herrira eramatearen ardura ere Oñatiko Udalarena da, eta Oñargi argindar banaketa enpresarekin egin du. Modu horretan, Oñatiko Ur Jauziak enpresak ekoizten duen energia herriko azpisarera garraiatzen du (13.200 voltio), eta ostean, herriko etxebizitzak eta fabrika txikiak azpiestazio horretara konektatzen dira. Oñatiko fabrika handiek eta industriaguneak aparteko sare batetik hartzen dute behar duten energia (maila handiagoko sare batetik). Oñargi ere sare horretara konektatuta dago (30.000 voltio). Era horretan, uda garaian ur jauziek argi-indar emari txikiagoa dutenean, sare handi horretatik hartzen dute, eta alderantziz, neguan sortzen duten energia txantxikuarren kontsumoa baino handiagoa denean, soberakina sare handi horretara botatzen dute.

Banaketa gauzatzeko, 3 transformagailu nagusi eta 50 transformazio puntu ditu Oñargik. Berez, transformagailu batekin nahikoa dute herriko behar guztia kudeatzeko. Bigarrena, erreserban dute, ezbeharren bat gertatuz gero, erantzun azkar bat emateko. Eta hirugarrena etorkizunari so dute, biharko egunean auto-elektrikoen kopuruak gora egiten badu, behar adina energia izateko.

Oñatiko Energia Plana

Zortzi esku-hartze kontuan hartzen dituen proposamena egin du Udalak energia burujabetza egia bilakatzeko. Lehen neurria hauxe da: “Herritarrek argindarra prezio justuagoan lor dezaten, merkatuko espekulazio ekintzekiko dependentzia murrizteko plana”. Hori
gauzatzeko, energia berriztagarrien merkaturatzaile propioa sortu nahi du Oñatik, argindarraren tarifetan eragiteko eta prezio justuagoak izateko.

Hori horrela, Oñatiko ur jauziek sortzen duten energia garbia zuzenean txantxikuarrei salduko liekete oinarrizko tasa ikuspegi batetik; alegia, merkaturatzaileak energia enkantean erosi beharrean, zuzenean Oñatiko Ur Jauziak enpresari erosiko lioke. Horrek argi indarraren prezioa murriztea ekarriko luke; eta ez litzateke merkatuko gorabeheren menpeko egongo.

Bigarren neurriak, berriz, hauxe biltzen du: “Gardentasunaren aldeko urratsak eginez, etxebizitzen argindar eta gas fakturak aztertzeko aholkularitza bulegoa” zabaltzea. 2023ko martxoanz abaldu zituen ateak gune honek, Bidebarrieta kalean. Bertako langileek informazioa eskaintzen diete bizilagunei, adibidez, merkatu librearen eta arautuaren arteko desberdintasunen berri ematen diete edota fakturak aztertzen dituzte elkarrekin.

Abiatu dituzten lanketak garatzeko, iraunkortasun sarea osatu du Udalak Mankomunitatearekin, Debagoiena 2030 sareko kideekin eta bestelako eragile batzuekin elkarlanean. Planak bestelako neurri hauek biltzen ditu:

  • Energia berriztagarrietan sakonduz, autosufizientziaren aldeko pausuak emanez, argindar sorkuntzarako gune berriak eraikitzea. Puntu hau dagoeneko abian dute. Instalazio hauen bitartez,2MW potentziako berriztagarrien sorkuntza gehigarria izango
    lukete, Ur Jauziek behar adina energia sortzen ez dutenerako, batez ere.

  • Efizientzia energetikoa oinarri, eraikin publikoetan energia kontsumoa murrizteko aukeren azterketa eta ekintza plana garatzea.

  • Autokontsumorako plaka fotovoltaiko berriak eraikin publikoetan ipintzea. Zubikoa kiroldegian, kantxa berdeko teilatuetan
    autokontsumorako eguzki plaka fotovoltaikoak instalatuko ditu Udalak.

  • Lankidetzan oinarritutako iraunkortasun sarea osatzen jarraitzea.

  • Argindar kontsumoa murriztu dadin, kaleko argiterian teknologia berriak eta iraunkorrak jartzea.

  • Mugikortasun iraunkorra erdigunean, herriko gune ezberdinetan auto elektrikoendako karga-puntuak ipintzea.

Pausu hauekin guztiekin, aitaren batean lortuko dute oñatiarren ametsa egia bilakatzea. Txantxikuarren herria energiaren herria izango da etorkizun hurbil batean. Zalantzarik gabe, Euskal Herriko proiektu burujabeen lanketan distira berezia egingo duen udalerria izango da; ametsak benetan egia bilakatzen ahal direla harrotasun handiz erakutsiko duena.

Kontaktua:
Oñatiko Udala
Telefonoa:
943 78 04 11 943 78 04 11
Helbidea:
Foruen Enparantza, 1
www:
https://www.xn--oati-gqa.eus/eu