Mintzapraktika

Euskara Gipuzkoa
Hasiera data:
1993
Bukaera data:
indarrean da
Lurraldea:
Gipuzkoa
Herria:
Donostia

Mintzalagun, berbalagun, mintzakide, solaskide, solaslagun… Herrien eta euskalkien arabera izen desberdinak hartzen dituzte mintzapraktika programetan parte hartzen duten kideek.

Baina zer dira mintzapraktika programak? Euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dituzten egitasmoak dira.

Aipatu moduan, bi motatako euskaldunak biltzen dira mintzapraktikan. Batetik, euskaraz bizitzeko ohiturarik ez dutenak: egunerokoan beren inguruan euskaraz hitz egiteko aukerarik ez daukatenak, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta jariotasuna berreskuratu nahi dutenak… Programak euskaraz aritzeko trebakuntza eta aukera ematen die parte hartzaile horiei.

Bestetik, euskaldun askok hizkuntzaren normalizazio prozesuari beren ekarpena egin nahi diote, zailtasunak dituzten euskaldunei elkarrizketaren bidez lagunduz. Eta, noski, badira lagun berriak egin nahi dituzten kideak ere, giro euskaldunean murgildu nahi dutenak.

Argazki galeria

Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea

Euskal Herriko mintzapraktika programen mugimendua Donostian sortu zen 1993. urtean, bertako Bagera Euskaltzaleen Elkartearen eskutik. Geroago, Lasarte, Arrasate eta Getxora zabaldu zen, eta 1998. urtean programen inguruko lehendabiziko mintegia egin zen Eibarren.

Topaketa horietatik ateratako ondorioetako bat koordinazioa egituratzeko beharra izan zen. Ildo horretan, bi ekimen jarri genituen martxan hurrengo urteetan: alde batetik, Topagunean eta AEKn Mintzapraktika Batzordeak sortu genituen, eta beste alde batetik, 2001. urtean Berbabarri egitasmoa aurkeztu genuen, Bizkaian hainbat eragileren artean mintzapraktika programak koordinatzeko. Ekimenaren sustatzaileak Bizkaiko Foru Aldundia, AEK, Uztarri euskaltegia eta Topagunea izan ginen.

Geroago, programen koordinazio eta hedapen lan horretan beste hainbat ekimen zabaldu dira: 2005ean, Euskaldun berrien erabilera programak eskuliburua argitaratu, eta Mintzapraktika egitasmoak: erabilera eragiteko tresna eraginkorrak jardunaldiak antolatu ziren Topagunearen, AEKren eta IKAren artean. 2006an, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat sinatu genuen, elkarlanean jarduteko, eta 2007an AEKren eta Topagunearen artean gauzatu zen akordioa.

Elkarlana da mintzapraktika programen oinarri sendoena: Euskal Herriko eragileen arteko elkarlana, baita herri eta auzoetako eragileen artekoa ere. Harreman horien emaitza mintzapraktika egitasmoek urteotan izan duten garapena da. Urte gutxian, 3.600 mintzalagun izatetik 6.000 izatera pasatu da programa, gehienak hirigune handietan biltzen direlarik. Nahikoa arrazoi, historia idazten jarraitzeko.

Proiektuaren helburuak

Proiektuaren xedea da euskarazko harreman atsegin baten bitartez euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzea, hizketarako jario egokia lantzeko eta ohitura txertatzeko.

Egitasmoko partaideei dagokienez, hauek dira helburuak:

  1. Norberaren euskara maila hobetzea eta ikas prozesua azkartzea.
  2. Normalizazio prozesuan eragile aktibo izatea.
  3. Hizkuntzarekiko motibazioa areagotzea

Gizarteari dagokionez, berriz, hauek dira egitasmoaren helburuak:

  1. Euskal hiztunen kopurua handitzea.
  2. Euskarazko harreman sareak sortu eta ehuntzea, eta erabilera gune berriak erdiestea.
  3. Hizkuntzarekiko atxikimendua lantzea.

Proiektuaren funtzionamendua

Mintzapraktika egitasmoak aisialdiko jarduera dira. Mintzalagunak bospasei laguneko taldeetan biltzen dira, astean ordubetez, kafetegian zein parkean. Elkartu eta euskaraz aritzen dira, eurek nahi duten gaiari buruz. Azken finean, lagunartean aritzen dira, giro atsegin, hurbil eta parte hartzailean.

mintzapraktika2.jpg

Mintzapraktika taldeak kideen zaletasunak, adina, bizitokia eta ordutegiak kontuan hartuz sortzen dira. Horrela, parte hartzeko erraztasunak ematen zaizkie mintzalagunei, eta euskaraz hitz egiteko eroso sentitzen dira. Hitz egiteaz gain, gustuko dituzten ekintzak egiten dituzte elkarrekin, hala nola lagun giroan paseatu, kirola egin, kafe bat hartu edo besterik gabe elkarren konpainiaz eta solasaldiaz gozatu!

mintzapraktika3.jpg

Hiri handi, herri txiki, ingurune euskaldun edo ez hain euskaldunetan biltzen dira mintzalagunak. Egitasmo honen bidez, herriko euskaldunen sarean murgiltzen dira, lagunak egiten dituzte eta euskaraz hitz egiteko erraztasuna eta jariotasuna lortzen dituzte.

Aipatu moduan, talde bakoitza astean ordubetez biltzen da, gutxienez. Astean behingo hitzorduaz gain, hilabetean behin ekintza osagarriak antolatzen dira, mintzapraktika taldeetako kideek elkar ezagut dezaten eta harremanen sarea zabal dadin; ekintza horiek hautazkoak dira, betiere, eta aisialdian garatzen dira: ikastaroak, irteerak, bazkari eta afariak, ikuskizunak… Arratsalde eta asteburuetarako sekulako planak!
Mintzapraktika egitasmoek ikasturteko iraupena izaten dute normalean: izen ematea urrian egiten da, eta talde gehienek ekainean amaitzen dute ikasturtea, batzuek martxan jarraitzen duten arren. Uda garaian atseden tartea izaten da, baina ikasturteari amaiera biribila emateko, maiatza edo ekaina aldera MINTZA EGUNA egiten da.

mintzapraktika4.jpg

Mintza Eguna 2006. urtean antolatu zen lehendabiziko aldiz, Iruñerrian, Euskaltzaleen Topaguneko Mintzapraktika Batzordeko kideen hausnarketaren ondorioz. Bi arrazoik bultzatuta sortu zen Mintza Eguna: alde batetik, ez zegoen harremanik mintzapraktika egitasmoa martxan zegoen herrietako partaideen artean; beste alde batetik, partaideek behin baino gehiagotan aipatzen zieten egitasmoetako teknikariei gainerako herrietako partaideak edo mintzalagunak ezagutu nahi zituztela.

Elkar ezagutze horrek onurak baino ezin zituela ekarriko sinetsita, topaketari forma ematen hasi zitzaizkion, eta horren ondorioz sortu zen ekimen bateratu eta ireki bat antolatzeko ideia; izan ere, jai formatua emanda, ekimenak aukera eskaintzen du Mintzapraktika mugimenduaren tamaina ezagutzera emateko, parte hartzaileei mugimendu bateratu bateko kide direla erakutsi eta sentiarazteko, eta Euskal Herriko gainerako herrietan mintzapraktika programak zabal daitezen sustatzeko. Horrez gainera, programen izaera ludikoa azpimarratuta, partaideei ikasturte bukaera goxoa eskaintzen zaie.

Iruñerriko lehendabiziko edizioan, oso egitarau xumea proposatuta, 150 bat lagun bildu ziren, eta partaideen balorazioak oso positiboak izan ziren: ongi pasatu zuten, beste eskualde batzuetako mintzalagunak ezagutu zituzten eta mintzapraktika programen inguruan sortzen ari zen mugimenduaren bolumena bistaratzeko aukera izan zuten. Balorazio horiek irakurrita, jaia urtez urte eta eskualdez eskualde antolatzen jarraitzea erabaki zuen Topaguneak, eta hurrengo urteetan herri hauetan egin zen Mintza Eguna: Iruñean, Donostian, Getxon, Gasteizen, Arrasaten, Elizondon, Santurtzin, Elgoibarren, Urkabustaizen, Beran, Atarrabian, Derion eta Hondarribian.

Jaiaren helburuetako bat herritarrak eta mintzalagunak antolakuntzan elkarlanean aritzea da, herriko euskaltzaleen harreman sarea sendotzeko. Gainera, Euskal Herriko gainerako mintzalagunek herria bertakoen eskutik ezagutzeko aukera izaten dute Mintza Egunean. Orokorrean, jaian parte hartzen dutenei gainerako herrietako lagunak ezagutzeko eta haiekin mintzatzeko aitzakia polita eskaintzen die Mintza Egunak. Eta herriari nahiz bertako herritarrei, berriz, jai giro atsegina. Hori baita Mintza Eguna: topaketa eta jaia.

Aldaera bereziak

Ohiko mintzalagun taldeez gain, azken urteetan hainbat aldaera berezi sortu dira. Publiko edo interes zehatz bati bideratutako taldeak dira. Neurri handi edo txikiagoan, herri gehienetan jarri dira martxan, eta honako hauek dira:

GURASOLAGUNA

Seme-alaba txikiak (LHn eta HHn daudenak) dituzten gurasoentzako aldaera da. Etxeko hizkuntza ohituran eta transmisioan eragitea du helburu, guraso euskaldunak harremanetan jarrita eta haurrekin jolasteko tresnak eskainita. Gehienetan, ikastetxe jakin bateko gurasoak biltzen dira taldeetan, batzuetan gurasoak soilik, eta beste batzuetan guraso eta seme-alabak elkarrekin. Haurrak tartean direnez, talde hauek haien ordutegi edo zaintza beharretara egokituta daude. Gurasoak mintzalagun taldean dauden bitartean, umeen zaintza bermatua egoten da, edo elkarrekin jolasean aritzen dira.

Kasu honetan, antolatzen diren ekintza osagarrietako batzuk gurasoentzat bakarrik izaten dira (adibidez, hitzaldiak), eta beste batzuk, berriz, familia osoarentzat (adibidez, tailerrak edo txangoak).

HIKALAGUNA EDO EUSKALKILAGUNA

Herriko euskalkian edo hika hitz egiteko mintzalagunaren aldaera da. Euskara ikasleak, ikastolan ikasitako gazteak edo herrira beste nonbaitetik etorritako mintzalagunak biltzen dira bereziki talde hauetan.

MINTZAKUADRILLAK

18 eta 24 urte bitarteko mintzalagun gazteak biltzen dituen aldaera da. Gazteek gazte giroan murgildu nahi izaten dute normalean, eta bereziki eurei zuzendutako ekintzak izaten dituzte, argazkian ikus daitekeen surf ikastaroa, esate baterako. Ohiko mintzalagun taldeak eta lagun talde naturalak egoten dira. Informazioa: Mintzakuadrillak.eus

MENDI TALDEAK

Herri askotan egonkortu diren taldeak dira. Hilean behin mendira joateko elkartzen dira, eta askotan mintzalagun talde arruntetan ere hartzen dute parte. Euskaraz hitz egiteko gogoa eta mendirako zaletasuna, biak bat eginda elkartzen dira aldaera honetan. Bestelako kirol taldeak ere hedatu dira mintzalagunen artean, hala nola bizikleta taldeak edo pala taldeak.

MINTZANET (On-line mintzapraktika)

Etxetik mintzapraktika lantzeko programaren on-line aldaera da. Diasporan dauden euskaldunekin hitz egiteko aukera ematen du, Skype izeneko programa erabilerraz baten bidez. Horretarako, ordenagailua, Internet eta mikrofono bat behar dira. Telefono edo bideo konferentzia moduan erabil daiteke, eta aurrez aurreko taldeetan elkartzeko arazoak dituzten lagunentzat aukera egokia da. Donostiako Maramara zerbitzu taldeak koordinatzen du Mintzanet egitasmoa.

MINTZODROMOA

Azken urteotan herri askotan antolatu dituzte mintzodromo edo berbodromoak. Euskararen egunaren bueltan zein herriko jai egun berezietan antolatzen dira, eta hainbat ordutako iraupena izaten dute. Euskara kalera ateratzea eta euskararen erabilera indartzea dira berbodromoen helburuak. Egitasmo honek euskaldunak mahai txikien bueltan elkartzen ditu. Talde bakoitzean lau bat lagun egoten dira, berriketa lasaian kafea hartzen eta interes orokorreko gaiei buruz hitz egiten. Gai batetik bestera aldatzean, parte hartzaileak mugitu egiten dira, eta mintzakidez aldatzen dute.

Zer herritar kopururi eta multzori eragiten dion proiektuak

1993an martxan jarri zirenetik, milaka izan dira euskaraz bizi eta aritzeko hautua egin, eta mintzapraktika egitasmoetan parte hartu dutenak herritarrak. Gaur egun 6.000 lagun inguruk parte hartzen dute Euskal Herri osoan hedatuta dagoen egitasmoan.

Beste programa batzuekin izan dezakeen harremana

Motibazioan oinarrituta ibilbide kulturala osatzen ari direnei edo aritu direnei ikas prozesua bizkortzeko eta tokiko euskaldunon komunitatean integratzeko aukera eskaintzen dienez, proiektua osagarria eta oso baliagarria da euskararen ikasketa prozesu ororentzat. Euskaltegietan aurkezten da, hainbat tokitan.

Euskarara iritsi berrientzako programetan parte hartzen duten kideentzat (auzoko, adibidez) eredu dira mintzalagunak, euskaraz bizitzeko prozesua erakutsi baitiezaiekete, eta badagoela aukera euskara ikasi eta erabiltzeko.

Sortutako dokumentuak

Urteroko memoriak, kudeaketa planak, berrikuntza txostenak...

Praktikaren hedapena

www.mintzalaguna.eus webgunean topatu daiteke. Webgune horretan daude izen emate kanpainetako spoten bideoak, baita ekintzetarako sorturiko bideoak eta eginiko argazkiak ere.

Mintzalagunak. Sare bat inguruan, bidelagunak alboan dokumentala. Goiena Komunikazio taldeak eginikoa, mintzalagunak protagonista dituena eta haienbizipenak jasotzen dituena. Youtuben dago, eta hemen goiburuan itsatsuia.

Argazkiak, Flickr-en.

Ebaluazioa

Lehen mintza taldeak martxan jarri zirenetik, egitasmoa garatzen eta beharretara egokitzen joan da. Bizirik dagoen egitasmoa da; beharrei erantzuteko aldaera berriak sortu ditu, eta eskualde zein herrietara egokitzeko gaitasuna du.

Praktikaren indarguneak

Parte hartzaileei eginiko galdetegietan, horiek aitortzen dute programa eraginkorra dela, izen eman zutenean zeuzkaten helburuak betetzen dituela eta horregatik jarraitzen dutela parte hartzen. Hori da, hain zuzen, proiektuaren indargunea, parte hartzaileen behar eta nahiak asetzen dituela.

Praktikaren ahulguneak

Mintzalagun taldeak kide bakoitzaren ordutegi eta beharretara egokitzen dira, baina ezinezkoa da beti guztientzako taldeak izatea.

Kontaktua:
Maite Agirre Ena, Sentsibilizazio Lantaldea
Telefonoa:
656702651 656702651
Helbidea:
Euskaltzaleen Topagunea (Martin Ugalde Parkea. Gudarien etorbidea z/g, 20140 Andoain, Gipuzkoa)
www:
http://www.mintzalaguna.eus/