Koop 57

Ekonomia sozial eraldatzailea eta tokiko ekonomia Euskal Herria
Hasiera data:
2015
Bukaera data:
abian
Lurraldea:
Euskal Herria
Herria:
Abadiño

Coop 57 kooperatiba eta zerbitzu sozialen kooperatiba bezala sortu zen. Hasiera batean, lan sozialari loturiko kooperatibismoari oso lotua egon zen baina ostean bere oinarri soziala zabalduz joan zen eta ekonomia sozial eta eraldatzailea lantzen zuten beste erakunde batzuen partaidetza lortu zen. Finantza etiko eta alternatiboen esperientzia kooperatiboa da. Aurrezte etikoari eta ekonomia sozial eta eraldatzaileari bide berriak irekitzen dizkion proiektua da. Koop 57k krisiari elkartasun, kooperazio eta lurraldetik erantzuten dio.

Argazki galeria

Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea

koop57 4.gifAzken urteotan krisia jendartean zabaltzen ikusi dugu. Espainiako Estatuaren berezko koiunturaz haratago (higiezinen espekulazioa, eraikuntza sektorearen zentraltasuna), krisi honen nondik norakoak ekonomiak jasan dituen finantzaketa prozesuetan koka ditzakegu. Mailegu eta finantza entitateak nahitaezko eragileak izan dira gizarteko eremu guztiengan eragina duen egoera honen garapenean. Gertakari horiek ikusirik, ezinbestekotzat jotzen dugu zenbait estrategia eta proiektu martxan jartzea, bestelako jendarte bat pentsatu eta eraikitzeko aukera emango diguten estrategiak eta proiektuak, eta gertutasunean oinarrituta egongo direnak. Bide horretan aurrera egin ahal izateko behar ditugun proiektu berri horiek eraikitzeko oinarriak elkartasuna, kooperazioa eta elkar-sostengua dira. Testuinguru horretan, ekonomia berraztertzea oinarrizko eta ezinbesteko alderdia da. Historiak erakusten digu kudeaketa ekonomikoak desberdintasuna, espekulazioa eta aberaste hutsa izan dituela oinarri –bereziki hazkunde maila batzuk gainditzen dituenean–.

Proiektuaren helburu orokorrak

Koop57 aurrezki etikoa bultzatzen duen finantzaketa zerbitzuen kooperatiba bat da. Bere baliabideak ekonomia sozial eta eraldatzailea oinarri duten proiektuak maileguz laguntzera bideratzen ditu. Ekonomia sozial eta eraldatzailean diharduten elkarte eta pertsonez osaturiko oinarri soziala du, eta oinarri horrek kudeatzen du entitatea. Bere printzipioak bat datoz banku etikoarekin:

  1. Koherentzia
  2. Demokrazia
  3. Gardentasuna

Ekimenaren helburu espezifikoak

Koop57k ezaugarri hori oinarrizko abiapuntu batekin lotu du: ekonomia solidarioen oinarri sozialekiko eta horien finantzaketa beharrekiko gertutasuna. Gertutasuna da, hain zuzen ere, behar adinako laguntza ematea eta finantzaketa behar duten proiektuen ebaluazio egokia egitea ahalbidetzen duena, finantza entitate arruntek erabiltzen duten “arriskuen kalkulu” hutsetik haratago joanez. Era berean, sormena erabiliz, gure finantza produktuak eta eskaintza beharrizan zehatz bakoitzari moldatzeko aukera ematen digu. Proiektuaren beraren hazkundea dela medio gertutasun hori galtzea ekiditeko, Coop57k sare erako garapen eredua jarri du martxan.

Zer herritar kopuru eta multzori eragiten dion proiektuak

koop57 2.gif

Koop57k bi eratako kideak ditu:

Zerbitzu bazkideak:

  • Ekonomia sozial eta solidarioan dabiltzan elkarte eta entitateak.
  • Koop57n dirua gorde dezakete.
  • Koop57tik maileguak jaso ditzakete.
  • Nahitaez 901,52 euroko ekarpena egin behar diote kapital sozialari, eta 98,48 euro ordaindu behar dute sarrera gastuentzat.

Kide edo bazkide laguntzaileak:

  • Batik bat norbanakoak (pertsona fisikoak) izan ohi dira.
  • Koop57n dirua gorde dezakete.
  • Ezin dute Coop57tik mailegurik jaso.
  • Gutxienez 300,51 euroko ekarpena egin behar dute.

Beste programa batzuekin izan dezakeen harremana

  • Olatukoop
  • FETS | Finançament Ètic i Solidari 
  • FIARE | Projecte Fiare 
  • Aposta | Escola de Cooperativisme 
  • FCTC | Federació de Cooperatives de Treball de Catalunya 
  • FCCUC | Fed. Cooperatives Consumidors i Usuaris Catalunya
  • Servicoop | Fed. de Cooperatives de Serveis i Transportistes 
  • XES | Xarxa d’Economia Solidària 
  • REAS | Red de Economía Alternativa y Solidaria 

Inplementazioa

  • Parte hartu duten eragileak: Euskal Herrian lurralde saila sortzeko hainbat eragile batu ziren, eta baita norbanakoak ere; bi pertsonak hartu zuten talde eragilearen eginbeharrak betetzeko ardura.
    Hasieratik lurralde osoaren ikuspegia lantzeaz gain, Euskal Herriko eragile sozioekonomikoekin hainbat bilera egin ondoren, berehala hasi ginen aurrezkia sustatzen eta finantzaketa ematen, hasieran beste lurralde sail batzuetako aurrezkiari esker; izan ere, hala egin ezean, ezinezkoa izango zen prozeduran aurrera egitea, aurrezkia jasotzea baita lan gehien ematen duena.
  • Baliabide ekonomikoak: 2013. urtean hasi ginen talde eragile moduan lanean, eta 2015ean sortu genuen lurralde saila; ordura arte ez genuen baliabide ekonomiko handirik, 2.000 € urte osorako. 3.000 km baino gehiago egin genituen hitzaldi, mahai inguru eta ekimenetan parte hartzen.
  • Finantzaketa: Coop57k 2.000 € sartu zituen urteko aurrekontuetan, Euskal Herriko saila sortzeko gastu moduan; horrek ez zituen gastu guztiak estaltzen, eta gainerakoa talde eragileko kideek ordaindu zuten, betiere proiektuak duen balio estrategikoa eta garrantzia lehenetsiz.

    Koop57ren egungo datuak, Euskal Herrian:

  • Bazkide laguntzaileak: 128
  • Zerbitzu bazkideak: 28
  • Jasotako aurrezkia: 1.500.000
  • Maileguak: 1.000.000

    Coop57ren datuak
  • Bazkide laguntzaileak: 4.000
  • Zerbitzu bazkideak: 800
  • Aurrezkia: 35.000.000 €
  • Maileguen saldo bizia: 16.000.000 €
  • Guztira 80.000.000 € mugitu dira 1995 sortu zenetik.

Praktikaren hedapena: Sare sozialak, komunikabideak

Twitter eta web-orria dira gehien erabiltzen ditugunak.
www.coop57.coop eta @koop_eh twitterren

Kontaktua:
Liher Gonzalez Bilbatua, idazkari teknikoa EH
Telefonoa:
932682949 932682949
Helbidea:
Murueta, 6 ABADIÑO 48220 (Bizkaia)
www:
http://www.coop57.coop