Hernaniko energia bulegoa

Energia burujabetza eta deskarbonizazioa Gipuzkoa
Hasiera data:
2022
Bukaera data:
Abian da
Lurraldea:
Gipuzkoa
Herria:
Hernani
Biztanle kopurua:
20.516

Hernaniko energia komunitateak "Energia bulegoa" zabaldu du, berriztagarrien inguruko informazioa herritarrei aurrez aurre azaltzeko xedearekin.

Energiaren kontrola, herritarren eskura

Pauso txikiak emanez, garaipen handiak lortzen ari dira herrian. Izan ere, Hernani Burujabe herri-proiektuaren babespean bota zituen sustraiak duela urtebete Enherkom energia berriztagarrien komunitateak (Udala kooperatibako bazkide-laguntzailea da; kontseilu errektoreko kidea da, baina boterea herritarrek dute), eta bertatik loratu da Hernaniko Energia Bulegoa. Zerbitzuaren helburua da, besteak beste, herritarrei eta enpresei energia berriztagarrien ezagutza hurbiltzea eta argi-indarraren kontsumoaren murrizketa eta efizientzia energetikoa sustatzea.

2022ko azaroan zabaldu zituen ateak bulegoak. Energiari dagokionez, urte korapilatsua zen, krisia gogor kolpatzen ari baitzen, eta urte hartako negua gorria izanen zela aurreikusiz, sustatzaileek erabaki zuten zerbitzua martxan jartzea, esperientzia pilotu moduan. Horretarako, Hernaniko Udalak kontratu txiki bat egin zuen (15.000 euro + BEZ), eta zerbitzuaren kudeaketa Enherkom energia komunitateko kideen esku utzi zuen. Aurreikuspen guztiak gainditu zituzten. Hastapenetan, astean bitan zabaltzen hasi ziren, asteartetan eta ostegunetan, baina herritarrengandik jaso zuten erantzunagatik, astean lau egun zabaltzera igaro ziren.

Zerbitzuak hiru hilabete iraun ditu froga pilotu moduan, eta dagoeneko hainbat datu esanguratsu atera dituzte. Adibidez, gas eta argindar fakturetan, bataz beste, %25eko aurreztea lortu dute. Beste modu batera esanda: energia fakturetan emandako aholkuengatik estimatutako aurrezpen ekonomikoa urtean 250.000 euro urtean izan dela azpimarratu dute sustatzaileek. Oro har, 261 harrera egin dituzte, eta 250 faktura energetiko moldatu; hots, gerturatutakoen %92ak energia fakturak izan ditu hizpide.

Gauzak horrela, energia bulegoko langileak aholkuak eman dizkie gerturatutako hernaniarrei, eta kontratu aldaketak zuzenean kudeatu dituzte bizilagunekin batera. Gasaren kasuan, esaterako, merkatu librean zeuden kontratuak tarifa arautura (TUR) pasatzeko aholkua eman diete. Izan ere, KW-ren prezioa 0,07 euro bada, merkatu librean 0,30 eurokoa izan daiteke, eta kopuru hori 1.000KWko kontsumo batekin biderkatuz gero, merkatu libreko faktura batean 365 euro ordaintzen duen herritar batek 150 euroko aurrezpena izan dezake tarifa arautura pasaz gero.

Energia fakturetan eman beharreko aholkuekin batera, bestelako zerbitzuak ere ematen dituzte bulegoan:

✔ Enherkom energia berriztagarrien komunitatearen eta bazkidetzaren inguruko informazioa.

✔ Diru-laguntzen inguruko informazioa: Energia berriztagarrien proiektuak finantzatzeko, autokontsumo eta autokontsumo partekatua sustatzeko dauden deialdien berri eman.

✔ Birgaitze energetikoa: aukerak, ezaugarriak eta dirulaguntzen aukeraren berri ematea.

✔ Teknologia berriztagarrien inguruko informazioa ematea.

✔ Eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtagiriaren inguruko informazioa eta betebehar legalen berri ematea.

✔ Zaurgarritasun energetikoa: laguntzen informazioaren berri ematea.

✔ Hitzaldiak eta formazio saioak antolatzea.


Herritarren artean izan duen harrera ona baliatuz, bulegoa Hernaniko auzo guztietara eraman dute, zerbitzua bizilagun guztietara irits dadin; baita Zahar Egoitzara ere. Egoera honek, baina, zerbitzua birplanteatzea ekarri die, eta irailetik aurrera berriro zabalduko dituzte ateak, herritarrek behar adina informazio izan dezaten, baita energia eraginkortasunerako eta berriztagarrietarako jauzia eman dezaten.

Pobrezia energetikoa

Oro har, energia komunitateak pobrezia energetikoari aurre egiteko lanabes interesgarriak dira. Era honetako zerbitzuek laguntza eta aholkularitza eskaintzen diete behar berezia duten familiei. Energia bulegoak, esaterako, bonu soziala behar duten familiei onurak lortzeko behar dituzten tramite burokratikoak kudeatzen laguntzen die. Halaber, Hernaniko Udala Gizarte zerbitzuetako langileekin batera ari da koordinazioan, pobrezia energetikoari aurre egiteko beharrezkoak dituzten neurriak hartzeko.

2018an abiatu zuen bidea Hernanik Energia burujabetzarantz. Urte hartan argitaratu zuen Energia Plana, energia fosilekiko menpekotasuna gainditzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Enherkom kooperatiba eta Energiaren Udal Bulegoa bertan jaio ziren.

Kontaktua:
Hernaniko energia bulegoa
Telefonoa:
0034 943 337 022 0034 943 337 022
Helbidea:
Florida Auzoa, 28
www:
https://burujabe.hernani.eus/eu/energia