Hernani Erabaki

Partehartzea eta gobernantza komunitarioa Gipuzkoa
Hasiera data:
otsaila
Bukaera data:
abendua
Lurraldea:
Gipuzkoa
Herria:
Hernani
Biztanle kopurua:
19744

Partaidetza Aurrekontuak tresna garrantzitsua dira herritarrek udal politika publikoetan eragiteko eta erabaki gaitasuna izateko. Mekanismo horren bidez, asmoa da erakunde publikoak eta herritarrak elkarrekin aritzea eta parte hartze kultura indartzea, nola eta Udal Aurrekontuan erabaki gaitasuna zuzenean emanez. Izan ere, herritarrak protagonista dira prozesu horretan, herritarrek Hernanirekiko duten ezagupenaren gainean egiten baita lan. Berak dira egunerokoan beharrizan eta arazoak gertuena bizi dituztenak, herriarekiko ezagupena dutenak, bakoitzak bere esparrutik, bizimodutik eta eragile askotarikoen ikuspegitik. Ezagupen hori jarri nahi dugu balioan prozesu honekin; gauzak horrela, herritarrak eurek egin dituzte proposamenak, eta eurek erabaki dute zein diren landu, lehenetsi eta Udal Aurrekontuan txertatu beharrekoak. Partaidetzazko prozesuan sortutako edukia oso baliagarria da, ikuspegi eta bizipen anitzen baitan osaturik baitago. Hernaniko askotariko elkarte eta norbanakoak dira lan honen benetako balioa, eta horren errekonozimendu osoa merezi dute. Aurkeztu den proposamen bakoitzak eragina izan du prozesuak izan duen ibilbidean, eta prozesuan hartutako azken erabakian.

Argazki galeria

Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea

Oso garrantzitsua da herritarrok izatea udal politiken protagonistak. Parte hartzea eraldaketarako tresna gisa ulertzen dugu, herritarrak ahalduntzeko tresna garrantzitsua da. Herritarren parte hartzeak aktiboa, eraikitzailea, kalitatezkoa eta eraldatzailea izatea nahitaezkoa ikusten dugu, eta bide horretan urratsak egin nahian sortu zen Hernani Erabaki proiektua.

Proiektuaren helburu orokorrak

Helburuei dagokienez, hemen zerrendatzen direnak bilatu dira prozesuan zehar:

  • Erakunde publikoak eta herritarrak elkarrekin aritzea eta parte-hartze kultura indartzea.
  • Herriko eragileak eta elkartegintza sendotzen laguntzea eta herrigintzan ari diren sektoreen lankidetza sustatzea, hau da, bakoitzaren esparrutik abiatuta sinergiak lortzea.
  • Partaide bakoitzaren eta denen berdintasuna eta garrantzia indartzea: edozein dela herrian duen rola, funtzioa, ardura; edozein dela duen generoa; edozein dela ordezkatzen duen subjektua, eta abar.
  • Talde lanerako espazioak sortuz, eragile eta pertsona bakoitzaren interesen ikuspegi zehatzetik, eta auziaren inguruko ikuspegi desberdinak mahai gaineratuz, talde eta komunitate ikuspegia lantzea.
  • Kultura politikoaren eraldaketa sustatzea, norberaren ikuspegi eta bizipen indibidualetatik abiatuta ikuspegi komunitarioaren sorkuntzan urratsak egitea.

Ekimenaren helburu espezifikoak

  • Hernaniko Udalaren 2018ko aurrekontuen atal zehatz bat herritarrekin batera eztabaidatu eta erabakitzea.
  • Udal ordezkari tekniko eta politikoekin batera, herritarrek gaikako edo sektorekako egoerak eta beharrizanak identifikatzea.
  • Hernaniko udal diru publikoa eta herri interes orokorra uztartzearen inguruko gogoeta egitea.
  • Udal ordezkari tekniko eta politikoekin batera, herritarrek auzokako edo lurraldearen araberako egoera eta beharrizanak identifikatzea.
  • Hernaniko udal aurrekontuetan txertatzeko gaikako proposamenak jasotzea, eztabaidatzea eta erabakitzea.
  • Hernaniko udal aurrekontuetan txertatzeko auzo zein herri mailako proposamenak jasotzea, eztabaidatzea eta erabakitzea.
  • Gogoeten eta beharren identifikazioarekin batera lan komunitarioa balioan jarri eta herri ikuspegia sozializatzea.

Zein herritar kopuru eta multzori eragiten dion proiektuak

Hernanin erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako herritar orori. 16.928 biztanleri, zehazki.

Inplementazioa

Prozesuaren Faseak

hernani-erabaki-faseak.png
Parte hartu duten eragileak / lantaldeak

Prozesuaren jarraipena egiteko hiru egitura osatu dira: (1) Koordinazio taldea, eguneroko lan teknikoak egiteko, eta (2) Talde Eragilea, prozesuaren erabakigunea izateko eta prozesu ikuspegi guztia bermatzeko, eta (3) Jarraipen batzordea.

  • Koordinazio taldea. Prozesua egunean eramateaz arduratu da bereziki; beste guneetan hartutako erabakiak egikaritzea izan du funtzio nagusia (Talde Eragilean hartutakoak, bereziki). Osaera hauxe izan da: arduradun politikoa, udal teknikaria eta kontratutako parte hartze teknikaria.
  • Talde eragilea. Herritarrez osatutako erabakigunea dugu Talde Eragilea: prozesuaren gidaritza eta antolaketa markatu duen lantaldea izan da. Prozesuaren diseinua egiteaz gain, urrats guztiak definitu ditu banan-banan eta sortutako errealitate eta testuinguruetara moldatzeko saialdia egin du. Horrez gain, prozesuaren jarraipen eta balorazio iraunkorra egitea izan da haren funtzioetako bat.
  • Jarraipen batzordea. Herritarrez osatutako erabakigunea dugu Jarraipen Batzordea: aurreko urteetan bozkatutako proposamenen jarraipenaz arduratzen da lantalde hau.

Baliabide ekonomikoak

  • 500.000 euro prozesuko proposamenak garatzeko
  • 23.000 euro prozesua gidatuko duen enpresaren esleipena egiteko
  • 12.000 euro komunikaziorako
  • 1.000 euro kale dinamizaziorako

Finantzaketa: Publikoa.

Emaitzak

Emaitzez hitz egiteko orduan, kontuan hartu behar dira datu kuantitatiboak eta kualitatiboak. Orain arte, gure kasuan, datu kuantitatiboetan bakarrik oinarritu gara, baina 2019ko aurrekontu parte hartzaileen prozesurako, azterketa kualitatibo bat ere egin dugu. Hala ere, hemen 2018ko aurrekontu parte hartzaile prozesuaren informazioa jarriko dugunez, soilik datu kuantitatiboak ikus daitezke.
Baina esan bezala ezin da emaitza kuantitatiboetan oinarritu soilik.

Datu kuantitatiboak

Proposamenak egiteko fasearen datuak:

hernani-erabaki-taula1.png

Proposamenak. Bozkatze fasearen datuak:

hernani-erabaki-taula2.png

Eragindako dokumentuak

www.erabaki.hernani.eus helbidean aurki daiteke urtez urte prozesuan zehar sortutako dokumentazioa.

Praktikaren difusioa

Komunikazioaren eta prozesuaren ezagutza beharrezkoa da herritarrak parte har dezaten; beraz, aurten ahalegin berezia egin dugu komunikazio zabalagoa eta pluralagoa egiteko; horretarako, hainbat bide erabiltzen ditugu.

Baditugu tresnak momentu puntualetan erabiltzeko, hau da, informazio zehatza eta hurbilekoa eman nahi dugunean.

Horien artean, hauek aurkitzen dira:

  • Prentsaurrekoak
  • Auzoetako bilerak
  • Informazio panelak kaleetan zehar
  • Kale dinamizazioa
  • Diptikoen etxez etxeko banaketa

Prozesu guztian informazioa eta jarraipena egon dadin, beste hauek erabiltzen ditugu:

Kontaktua:
Esti Aldeiturriaga Amuriza
Helbidea:
Hernaniko udaletxea, Gudarien Plaza, 1, 20120 Hernani, Gipuzkoa
www:
http://erabaki.hernani.eus/