Hernani Burujabe

Udal antolamendua Gipuzkoa
Hasiera data:
2021eko urria
Bukaera data:
Abian da
Lurraldea:
Gipuzkoa
Herria:
Hernani
Biztanle kopurua:
20.516

Hernani Burujabe herri proiektuak sektore estrategikoak tokiko mailatik antolatu nahi ditu, justizia soziala, iraunkortasuna eta parekidetasuna ardatz hartuta. Sektore estrategiko horietako baliabideen sustapen publikoa, planifikazio komunitarioa eta kudeaketa kooperatiboa sustatuko ditu: elikadura, energia, zaintza lana, telekomunikazioa, kultura, etxebizitza, moneta..., lurraldean artikulatu, eta, planifikazio estrategiko parte hartzailearen bidez lurralde burujabetza bilatuko du.

Horretarako, Hernani Burujaberen baitan erabakimenerako arkitektura berri bat gauzatuko da, eta udala-herritarren-enpresen arteko harremana eredu berri batetan oinarrituko da.

1. Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea.

Asko dira jendarte bezala ditugun erronkak: trantsizio energetikoa, erregai fosilen akabera, krisi ekologikoa, pobrezia eta bazterketa soziala desagerraraztea, zaintza sistema duin bat eraikitzea, sistema publikoa indartzea, demokrazian sakontzea etab...

Herri bezala Hernanik badu esperientzia, borondatea eta potentziala erronka horiei guztiei erantzuteko. Hernanik badu gaitasuna konplexuak diren erronka horietako askori maila lokaletik erantzunak eman eta eredu sozial berri, bizigarri eta jasangarri bat erdituko duten esperientzia publiko-herritarrak abiarazteko. Hernanik partaidetzazko demokrazian duen esperientzia eta herrigintzan duen potentziala izango dira abiapuntua.

Horixe da hain zuzen ere Hernani Burujabe: erronka globalei tokiko mailatik erantzun ahal izateko abiatu dugun trantsizio prozesua. Herri gisa burujabetza kota handiagoak dituen egoera bateranzko trantsizioa; justizia sozial eta ekologikoa ardatz edukiko dituen trantsizioa alegia.

2. Helburu orokorrak

Alde batetik, herritarren bizi baldintzak hobetzea; betiere, eraldaketa sozialean eta prozesu demokratikoetan sakonduz.

Bestetik, erabaki estrategikoak hartu eta inplementatzeko gaitasuna herritarren, eragile ekonomikoen eta udalaren artean partekatzea.

Epe ertaineko herri-estrategia bat definitzen hasi gara. Gaur-gaurkoz 10 burujabetza sektore identifikatu ditugu eta hauek proiektu zehatzen bidez hasi gara garatzen: elikadura, zaintza, energia, merkataritza, lana, tokiko moneta, telekomunikazioak, etxebizitza, kultura, bioaniztasuna/basogintza. Edonola ere, prozesu ireki bat izanik, helburua da ahalik eta sektore gehien eredu horren baitan garatzea eta, modu horretara, lurralde burujabetzan sakontzea.

Helburu espezifikoak sektore bakoitzaren beharrak asetzea izango lirateke.

3. Proiektuaren ezaugarri nagusiak

Eredu honek espezializazio ekonomikoa alde batetara utzi eta eredu dibertsifikatuena eraiki nahi du. Horretarako, bizitza posible egiten duten sektore estrategikoetako baliabideen (elikadura, energia, finantzak, lana, teknologia, kultura…) gaineko jabetza publikoa berreskuratu, baliabide hauen planifikazio komunitarioa ahalbidetu eta ekonomiaren kudeaketa kooperatiboa sustatzen ditu.

Horrenbestez, eredu honek herrien auto-eraketa sozial, ekonomiko, kultural, politiko eta territoriala hauspotzen du, eta, herri mailako eskalan burujabetza materialki gauzatzeko aukera irekitzen digu.

Esku artean duzuen proposamen honetan lurraldea 3 agente multzoren elkar-ekintza gisa ulertuko dugu:

  • 1. Erpin herritarra (eragile, elkarte edota norbanakoak): objektu eta subjektu, helmuga eta bide, komunitatea dago proposamenaren erdigunean. Lurralde garapenaren abiapuntua komunitateak markatzen dituen behar eta desirak dira. Horrela bada, demokratikoak izango diren erabaki markoak eraikiko dira.

  • 2. Erpin publikoa (Udala): ondare komunaren babesle, interes orokorraren defendatzaile eta eskubideen unibertsaltasunaren berme. Sektore publikoak eremu estrategikoetan bitartekoen jabetza eduki behar du eta horiekiko irismen unibertsala ahalbidetu. Herritar guztiek eduki behar dute sustatuko diren prozesuetan inplikatzeko eskubidea eta aukera. Gainera udalak beharrezkoak diren mekanismo berdintzaileak jarri beharko ditu ekitate soziala bermatze aldera.

  • 3. erpin ekonomikoa (tokiko garapenarekin konprometitua dagoen ehun ekonomikoa): sistema ekonomikoak jendartearen beharrak ase behar ditu. Horretarako, ehun ekonomikoak bitartekoak dinamizatuko ditu herritarrak egindako plangintza demokratikoaren arabera. Kasuan kasu, egitasmo ekonomiko berriak sortu beharko dira aipatu terminoetan, akaso udala eta herritarrak bilduko dituen egitasmo kooperatibo publiko/komunitario zabaletan. “Herri kooperatibak”, zeinak gehiengoen behar sozialak modu demokratikoan asetzera bideratuko diren.

Beraz, herritarrek behar eta desio ekonomikoen identifikazioa eta horien plangintza estrategikoa egiteko zeregina edukiko dute; Udalak plangintza estrategiko hori gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskuragarri jarriko ditu, eta, sektore bakoitzeko eragile ekonomikoek udalak eskainitako baliabideak dinamizatuko dituzte herritarrek egindako planifikazio estrategikoaren arabera.

Sektore burujabe horiek guztiak tokiko Ekhi monetaren bidez artikulatuko dira lurralde burujabetzan sakontzera bidean, beti ere parekidetasuna, kulturartekotasuna, jasangarritasuna eta euskararen sustapena eginez.

4. Beste programa batzuekin izan dezakeen harremana

Esan bezala, Hernani Burujabek herriko 10 burujabetza sektore garatzea du helburu. Bakoitzari lotutako programa horiekiko harremana zuzena da.

  • Elikadura burujabetza: Herrilur

  • Energia burujabetza: Enherkom

  • Zaintza: Auzozaintza sare publiko-komunitarioa

  • Merkataritza: Hernanin

  • Lana: Iturola; kooperatiben mahaia

  • Tokiko moneta: Ekhi, Hernaniko moneta

  • Telekomunikazioak: EHKom

  • Etxebizitza: Etxebizitza mahaia

  • Bioaniztasuna/basogintza: Sagarreta

5. Faseak

  • Diagnostikoa. Herrian eta sektore zehatzetan ase behar diren beharren identifikazioa

  • Diseinua. Hernani Burujabe plan osoaren diseinua. Tartean landuko diren sektore estrategikoak aukeratu eta bakoitzaren plan estrategikoa diseinatu

  • Exekuzioa. Plan sektorial bakoitzak jasotako neurri eta proiektuak gauzatu.

  • Ebaluazioa

6. Parte hartzaileak

  • Burujabetza sektorialen guneak

Sektore bakoitzeko sustatzaileak eta bertan lanean diharduten eragile ekonomiko eta norbanakoek osatutako eta modu autonomoan biltzen diren guneak dira: Elikadura; Energia, Zaintza, Telekomunikazioak, Energia, Etxebizitza, Basogintza, Kultura...

Beraien funtzioa sektore bakoitzaren behar eta aukerak identifikatu eta burujabetza sektorial bakoitzean sakontzeko egin beharreko zereginak burutzea da.

  • Burujabetzen mahaiak

Sektore bakoitzeko burujabetza prozesuan sakontzeko erpin publiko eta erpin ekonomikoaren arteko lankidetzarako esparrua da. Honako hauek osatuko dute: saileko zinegotzia eta teknikaria, sektore bakoitzeko ekimen ekonomikoak, tokiko garapeneko teknikariak eta aholkularitza enpresak.

Beraien egitekoa, proiektuak diseinatu eta baliabideen kopurua eta kudeaketa adostea da. Sektorearen planifikazio estrategikoa proposatuko da eta onartutako planaren jarraipena eta ekintza plana betetzearen ardura izango du.

  • Burujabetzen foroa

Burujabetza sektorialak (erpin ekonomikoa) eta ehun komunitarioa (erpin soziala) bildu eta planifikazio ekonomiko-komunitarioa egingo duen gunea da. Sektore ekonomiko burujabeak eraldaketa soziala sustatzen duten eragileen mesedetan jarri eta herriko eraldaketa sozial eta ekonomikoa sustatuko duen espazioa da.

Horretaz gain, zeharlerrotasunak landuko ditu (feminismoa, antiarrazismoa, euskara, iraunkortasuna), burujabetza sektorialen artikulazio politikoa ziurtatuko du eta lurraldearen eskalak eta ezaugarriak (auzoak, landa inguruneak...) kontuan hartuko ditu.

  • Udala

Udalak sektore bakoitzerako dituen helburuak identifikatu eta horiek betetzeko jarri behar dituen baliabideak zehaztu behar ditu. Horretarako lan sail bakoitzeko teknikariak eta zinegotziak urteroko planifikazio estrategiko propioa egingo dute. Planifikazio honetan zehaztu behar da ere zer egingo den sektore bakoitzean sustatzen ari diren ekimen ekonomikoekin elkarlanean eta zer egingo den udalak propio dituen baliabideekin.

Horrenbestez udalaren zeregin nagusia izango da sektore bakoitzean burujabetza maila handitzen joateko beharrezkoak izango diren baliabideak sektoreko eragileei eskuragarri jarrtzea, eta, bertatik sortzen den balioa eta onurak biztanle guztiengana iritsiko direla eta unibertsalak izango direla bermatzea.

Azkenik udalak demokrazian sakontzea ahalbidetuko duen irekiera prozesua egin behar du, orain arte udaleko egituretan hartzen ziren erabakiak ehun ekonomiko eta partekatu eta eredu publiko-komunitario-ekonomiko berri eta parte-hartzailea gauzatzen joateko prozesua abiaraziko du.

  • Burujabetzen kontseilua

Tokiko Garapenerako Planifikazio Orokorra eztabaidatu, adostu eta erabakitzen den espazioa: aurrekontuaren banaketa, lehentasunen identifikazioa, estrategia sektorial guztien bateratzea etab. landuko den espazio gorena da.

Erpin guztiek (publiko-ekonomiko-komunitarioak) eta sektore guztiek hartuko dute parte: herritarrek, sektore ekonomiko burujabeetako eragile ekonomikoek eta udal ordezkariek.

Bere zeregin nagusia garapen ekonomikorako plana diseinatu, adostu eta erabakitzea izango da.

Urtean hirutan bilduko da: 1. Planifikazio orokorra; 2. Planifikazioaren jarraipena eta egokitzapena; 3. Balorazioa.

7. Finantzaketa

Ez da aparteko partidarik zehaztu. Ez du udal aurrekontuetan aldaketarik ekarri. Sektore bakoitzeko lanketak izan dezakeen gastua (hitzarmenek suposatzen duten gastua, komunikazioa, diseinua, dinamizazioa, etab.) sailetako ohiko aurrekontuetan jasotzen da.

- Auzozaintza. Josefina Rubia donostiarrak Hernaniko Udalari utzitako herentzia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Departamendua

- Koordinazio eta dinamizazioa. Gipuzkoako Foru Aldundia

- Elikadura. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxa Fundazioa

8. Eragindako dokumentuak

9. Ebaluazioa

Oso garrantzitsutzat jotzen da egiten denaren gaineko jarraipen iraunkorra egitea. Egindakoak xedeen arabera baloratu ahal izateko, ikasteko, eraginkorragoak izan eta gardentasun osoz jokatzeko helburuz. Adierazle sistemak egindakoa baloratzeko ez ezik, egitekoak norabidetzeko ere dira baliagarriak.

10. Ahulguneak

  • 100 herritar inguru daude antolatuak aktiboki. Nola egin jauzi, planteamendua 20.000 herritarrengana iristeko? Nola ulertarazi Hernaniko biztanleria osoari?

  • Espektatiben kudeaketa egokia egitea zaila da.

  • Egun zaharkitua dagoen udal egituraren baitan nola lan egin?

  • Administrazioaren denborak kudeatu beharra. Horrek, momentu batzuetan gorabeherak sortu eta prozesua hiltzeko arriskura eraman.

  • Lurrak erosteko zailtasunak.

  • Hastapenetan, planteamendu abstraktutzat ulertzen zen. Horrek jendea urduritu.

11. Indarguneak

  • Proiektua marko ideologiko baten baitan egikaritzen ari da. Biztanleen (ber)aktibazioa ekartzen ari da.

  • Udal proiektu bat baino zabalagoa dela ulertu du jendeak.

  • Hasierako talde sustatzaileetatik egungo taldeetara, aldaketa. Horrek, zentralitatea, espazioa, garrantzia, baliabideak era erabakitzeko ahalmena eman dizkio.