Gazteentzako etxebizitza komunitarioak

Etxebizitza eta hirigintza Gipuzkoa
Lurraldea:
Gipuzkoa
Herria:
Errenteria
Biztanle kopurua:
39500

Errenterian, Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, 18-30 urte bitarteko gazteen kezka nabarmenena emantzipatzeko zailtasuna dela ondorioztatu da “Marea gora” prozesu parte hartzailean. Alegia, gure jendartean nagusi den etxebizitza politikaren aurrean alternatiba bat eskainiko duen eredu bat abian jarri du Udalak. Ondorioz, Katalunia, Holanda eta Danimarkako esperientziak oinarri hartuta, gurean aitzindaria den proiektu bat jarriko da martxan: gazteentzako etxebizitza komunitarioa.

Argazki galeria

Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea

Errenteriako Udaleko Gazteria azpisailak “Marea gora” prozesu parte hartzailea jarri zuen martxan 2016-2017 ikasturtean zehar, haur, nerabe eta gazteen iritziaren bitartez herriko behar, indargune eta ahulguneak identifikatzeko; finean, 0 eta 30 urte bitarteko herritarren ahotsa entzun eta balioan jartzeko. Prozesuan zehar 2.500 herritar inguruk hartu dute parte, espazio eta molde ezberdinetan.

18-30 urte bitarteko gazteen kezka nabarmenena emantzipatzeko zailtasuna dela ondorioztatu da. Izan ere, gazte ororentzat bizitzan aurrera egiteko pausu garrantzitsua da emantzipazio prozesua, norbere autonomian sakondu ahala eta bizitzan erabakiak hartzeko orduan beharrezko bilakatzen den errealitatea baita. Haren bi ardatz nagusiak etxebizitza eta lana dira.

Etxebizitzari dagokionez, jakina da Errenteriako gazte askok zailtasunak dituztela gurasoen etxea utzi eta beraien bizi proiektuak era autonomoan eraikitzeko. Besteak beste, merkatu libreko errentamenduen prezioak ez datozelako bat gazte (eta ez hain gazte) askoren ahalmen ekonomikoarekin.

Udalak irtenbide bat eman nahi dio horri, bere baliabideak mugatuak izanda ere. Baina ez soilik zenbait gazteri etxebizitza bat errentamenduan izatea erraztuz. Horrekin batera, ohiko errentamendutik aldenduko den eredu ezberdin bat sustatu nahi baita, komunitatean oinarritua eta epe luzera jende askoren egoera hobetzen lagunduko duena. Alegia, gure jendartean nagusi den etxebizitza politikaren aurrean alternatiba bat eskainiko duen eredu bat. Ondorioz, Katalunia, Holanda eta Danimarkako esperientziak oinarri hartuta, gurean aitzindaria den proiektu bat jarriko da martxan: gazteentzako etxebizitza komunitarioa.

Errenteriairudia2.jpg

Helburu orokorrak

Prozesuari esleitutako helburuak:

  • Herriko gazteen beharrak identifikatzea, gazteak herriaren eraikuntzan subjektu aktibo izatea ahalbidetuta.
  • Herriko gazteen artean sarea sortzea eta hori ahalbidetzeko espazio eta bitartekoak eskaintzea.

Proiektuari esleitutako helburuak:

  • Herriko gazteen behar emantzipatzaileei erantzuna ematea, etxebizitzarako sarbidea ahalbidetuta.
  • Etxebizitza politiken arloan alternatiba bat sortzea, eredu berriei zilegitasuna emanez eta haiek balioan jarriz.

Proiektuaren ezaugarri nagusiak

  • Etxearen jabetza publikoa: jabetzari dagokionez, eredu aldaketa bat planteatzen da; etxebizitzaren jabetza pribatua izan ordez, publikoa izango da (Udalarena). Horrek esan nahi du inork ezin duela etxe horietako baten jabe izan; alegia, etxebizitza eskubide bilakatzen da, ez jabetza pribatu.
  • Bizitzako fase bati erantzuna ematea: ez da luzera begirako bizi proiektu bat eraikitzeko etxebizitza, fase emantzipatzaile bati erantzuten dio, behar konkretu bati. Ondorioz, gaztea gehienez 3 urtez bizi ahalako da etxe horietako batean. Bi baldintza daude etxean sartu ahal izateko: 18 eta 30 urte bitarte izatea kontratua sinatzen den egunean, eta Errenterian erroldatua egotea, gutxienez kontratua sinatu baino 6 hilabete lehenagotik.
  • Bizitza komunitarioa erdigunean: izaera komunitarioa izango du etxeak, bai espazioaren antolakuntzari dagokionez, bai bertako bizitzari dagokionez. Hala, bi ezaugarri nagusi edukiko ditu:
    • Komunitarioa barnera begira, etxeari dagokionez: bizitza komunitarioa egiteko espazioak izango ditu; era berean, bitarteko materialak ere partekatu egingo dira (etxeko tresneria).
    • Komunitarioa kanpora begira, herriarekiko: bertan bizi direnek ekarpen bat egingo diote komunitateari (auzoari, herriari), bakarka edota taldean.
  • Ekarpena dirutan eta ordutan: errentamendu sozialaren ideia dago erdigunean; norberaren diru sarreren % 15 ordainduko du gazte bakoitzak (gutxieneko bat ezarrita: 90 € hilean). Diru kopuru horretan bilduta daude gastu guztiak. Era berean, denbora bankuaren filosofia oinarri hartuta, norberaren denbora eskainiko zaio herriari, eragile eta ekimen ezberdinetan ekarpena eginez (bakoitzak hilean 9 ordu / taldeak urtean 2 proiektu).
  • Eredu berri baten hazitegi: proiektua behar konkretu bati erantzuteko sortu bada ere, arrakasta izango balu, ate asko irekiko lizkieke filosofia horren baitan eraiki nahi diren bestelako proiektuei; bai etxebizitzarekin loturikoei, bai arlo sozioekonomikokoei. Era berean, etxebizitza politikan paradigma aldaketa bat ekar lezake, erakutsita posible dela beste eredu batzuen baitan bizitzea, eguneroko bizitza beste eredu baten gainean eraikitzea.

Beste programa batzuekin izan dezakeen harremana

Gazte planetik eratorritako proiektua izanagatik ere, zeharka bestelako adin tarte eta jendarteko esparruetara hedatu daitekeen proiektua da. Ezaugarriak gorabehera, ez da soilik gazteekin egikaritu daitekeen proiektua.

Era berean, etxebizitzaren problematika zabalari erantzuna emateko bestelako programekin bateragarria izan daiteke erabat. Esaterako, emantzipaziorako diru laguntza lerroekin.

Gazte politiken ikuspegitik, proiektuak ekarpen garrantzitsua egin dezake gazteen ahalduntzean eta herrian parte hartze aktibo bat sustatze bidean; bai hezkuntzaren ikuspegitik, baita baliabide eta espazioen aldetik ere. Izan ere, etxeak eskaintzen dituen zenbait espazio baliagarri izan daitezke auzolana eta elkarkidetza oinarri duten proiektuak garatzeko.

Faseak

Proiektu hau parte hartze prozesu baten ondorio den heinean, bere osotasunean denbora tarte luzea hartu du. 2016an hasi zen, gazte planaren egikaritzearekin, eta 2019ko urtarrilera arte luzatuko da.

  • Gazte plana: gazteekin diagnostiko partekatua osatzea: 2016ko azaroan hasi eta 2017ko martxoan amaitu (behar nagusiak identifikatzea eta proiektuak lehenestea).
  • Etxebizitza komunitarioa: definizio fasea: 2017ko martxoan hasi eta ekainean amaitu (jardunaldi bat, hiru lan saio eta prozesuaren aurkezpena).
  • Etxebizitza komunitarioa: garapena: 2017ko uztailean hasi eta 2018ko urrian amaitu (lanketa tekniko administratiboa eta etxearen egokitze lanak).
  • Etxebizitza komunitarioa: abiatzea: 2018ko urrian hasi eta 2019ko urtarrilean amaitu (bidelagunaren kontratazioa, proiektuaren sozializazioa, herriko elkartegintzarekin lanketa eta izen ematea irekitzea).

Parte hartzaileak

Gazte planaren egikaritzean, guztira, Errenteriako 2.500 haur eta gaztek eta arlo horretan lan egiten duten 30 eragilek hartu dute parte.
18-30 adin tarteari dagokionez, 180 gaztek parte hartu dute modu aktiboan. Eta zuzenean proiektuari dagozkion lan saio ezberdinetan Errenteriako 80 gaztek hartu dute parte.

Finantzaketa

Proiektua Udalak finantzatu du bere osotasunean. Bai proiektuaren egikaritzeko dinamizazio lanei dagokien kontratazioa, baita etxearen egokitzapenei dagokien kostua ere.

Eragindako dokumentuak

  • Proiektuaren definizio prozesuaren ondorioak jasotzen dituen txostena.
  • Etxebizitza komunitarioak arautzen dituen Udal ordenantza.
  • Baldintza administratiboen agiria, Urbia plazako 2. zenbakiko gazteentzako etxebizitza komunitarioetan logelak errentatzeko kontratuak esleitzeko zozketa arautuko duena (2018).

Ebaluazioa

Proiektua oraindik abiatu ez denez, zaila da ebaluatzea. Prozesua interesgarria eta aberatsa izan da oso; aldiz, ez dakigu zer nolako arrakasta izango duen eta ondorengo funtzionamenduan zer hutsune eta indargune azaleratuko diren.

Kontaktua:
Itziar Ostolaza Galdos, Errenteriako Udaleko gazteria zinegotzia
Telefonoa:
943 449 600 – 1203 943 449 600 – 1203
Helbidea:
Herriko Plaza, s/n, 20100 Errenteria, Gipuzkoa
www:
http://gazteria.errenteria.eus