GALT / CLEJ

Ekonomia sozial eraldatzailea eta tokiko ekonomia Zuberoa
Hasiera data:
2000
Bukaera data:
Abian. Alabaina, 6 urteko bizia du GALT edo Gazteen Aurrezkirako Lekuko Talde batek, eta hiru bat urtean behin sortzen da GALT berri bat
Lurraldea:
Zuberoa
Herria:
Zuberoako 36 udalerriak
Biztanle kopurua:
12800

Aurrezki solidariorako bitartekoa da Comité Local d’Épargne pour les Jeunes edo Gazteen Aurrezkirako Lekuko Taldea eta Zuberoan lan edo jarduera bat sortu, berreskuratu edo garatu nahi duten gazteei dirua maileguan tasarik gabe uzteko aukera eskaintzen du, aurrezkiak sortzearen aldeko kanpaina baten ondoan.

Argazki galeria

Testuingurua: Zergatik gisa horretako proiektu bat aurrera eraman?

Konstatazio baten ondoan sortu zen 1988an Azia elkartea, GALT proiektuaren bultzatzailea: Zuberoako lurra uzten dute gazteek ikasketak egiteko eta, ondoren, lan egin ahal izateko. Elkartea sortzea erabaki zuten gazte batzuek lurraldearen gaineko diagnosia bururatzeko xedean, eta ekonomia eta enplegua lehenetsi zituzten hartan hasieratik. Horrenbestez identifikatu ahal izan zituzten lan aukerak, bai eta hainbat gogoeta mamitsu egin ere, gazteei enpresak sortzen laguntzeko moduen gainean. Frantzian aurrezki solidariorako dauden bitartekoak aztertu eta gero, bere bitartekoa sortu zuen Azia elkarteak, boluntario talde batek bideratu ahal izateko bezain erraza, alde batetik, eta lurraldeko biztanleak mugitzeko parada eskainiko zuena, bestetik.

Proiektuaren helburu nagusiak.

  • Tokiko garapenerako politikaren gaineko praktika eta gogoeta garatzea.
  • Tokiko aukerak bultzatzea, lurraldean ekimen ekonomikoak garatzeko.
  • Gazteei enpresa sortzeko proiektuetan laguntzea.
  • Zuberoan enpresak sortzeko ekimenak sustatzea eta erraztea.
  • Delako bitartekoari atxikitzea, tokiko garapena bultzatzeko eta guztiei lanerako ateak zabaltzeko.
  • Ekonomia Soziala eta Solidarioa garatzea, bertako herritarrek kontzientziatu eta lurraldearen etorkizunaren aldeko egitekoetan esku har dezaten.

Proiektuaren eragina herritar sail jakin baten baitan.

Proiektuaren arabera, lana eta enplegua sortzen lagundu nahi zaie gazteei. GALTen maileguak osatu ahal izango du bankuan mailegua kontratatu nahiko duen gaztearen ekarpena: horrenbestez eragingo duen palanka efektuaren arabera, errazago erdietsiko du gazteak bankuaren mailegua. Egun, guztiz onartzen dute Zuberoako bankuek GALTen mailegua, eta sinesgarritasuna ematen dio, beraz, gaztearen proiektuari.

Herritarrak lurraldeko ekonomiaren gainean sentsibilizatzen laguntzen du, halaber, GALTek. Gisa horretako talde berri bat sortzen den aldiro, gero eta pertsona gehiago arduratzen da tokiko aurrezkiaren kudeaketaz eta, hortaz, bere lurraldearen garapenaz.

Beste programa batzuekiko lotura.

GALT Zuberoako CLEFE, Club Local d’Épargne Pour les Femmes qui Entreprennent edo EETAE, Emakume Enpresarien Tokiko Aurrezki Elkartearekin lotzen da emakume proiektu bultzatzaile batek GALT eta EETAE elkarteekin mailegua kontratatu nahi duen orotan.

Proiektua gauzatzea

Faseak eta ekintza plana

GALT bat eratzeko, elkarte bat sortu behar da. Haren atxikitze kanpaina bururatuko du GALT elkarteak urte batez. Kide bakoitzak 180 €-ko ekarpena egingo du, mailegu gisa eginiko ekarpena nolanahi ere. Kideen artean hautatuko da zuzendaritza mahaia, GALTen administrazioaz arduratuko dena. Atxikitze kanpaina bukatu ondoan, tasarik gabe mailegatzen dira aurrezkiak, Zuberoan negozio bat sortu, berreskuratu edo garatu nahi duten gazteei emaniko mikrokreditu moduan (3.200 € batez beste). Gazteari ematen zaio zuzenean mailegua, ez enpresari.

Gazte batek GALT batera jo nahi badu, elkartearekin harremanetan jarri eta espediente bat betetzen du: hartan zehaztuko du bultzatu nahi duen lan edo jarduera zertan den, haren bideragarritasuna, finantzaketa eta aurreikuspenen plana… Zuzendaritza mahaiak esleitzen ditu kredituak, proiektuaren sustatzailearekin mintzatu eta profesionalek (kontulari aditu batek, bankari batek, LGZ, Laborantzako Gizarte Zaingoko gizarte laguntzaileak, enpresen aldeko ODACE elkarteak, Euskal Hirigune Elkargoko Soule Xiberoa Poloko proiektu zuzendariak) eta Azia elkarteko boluntario batek osaturiko batzorde teknikoaren aholkua hartu ondoan. Gaztearen motibazioa eta jarduera berriak lurralderako duen interesa ere hartuko ditu GALTeko zuzendaritza mahaiak aintzat. Izan ere, besoz beso ari da lanean garapen ekonomikoaren erakunde arduradunekin, gazteei proiektuari hasiera ematen laguntzeko eta finantzaketa bilatzeko (enpresen aldeko OCADE elkartea, Merkataritza eta Industria Ganbera, Lanbideen Ganbera, Euskal Hirigune Elkargoko Soule Xiberoa Poloko proiektu zuzendaria).

Jardunean hilabete batzuk egin ondoan hasten da proiektuaren bultzatzailea bere mailegua itzultzen. Proiektuaren bultzatzaile guztiek beren mailegua itzuli ondoren berreskuratzen ditu kide bakoitzak bere 180 euroak, eta desegin egiten da GALT. Beste GALT bat sortzen da gero, kide berriz eta beste zuzendaritza mahai batez. Oro har, bizpahiru urtez luzatzen da proiektuetara bideraturiko aurrezki guztien maileguak gauzatzeko, eta beste bizpahiru urte gehiago behar izaten dira mailegu guztia itzuli arte. GALT bakoitzarekiko maileguak behin baizik ez dira gauzatzen eta, beraz, “arriskua” behin baizik ez da hartzen. 2 GALT izaten dira eskuarki aldi berean eta, beraz, beti izaten dira maileguan uzteko moduko funtsak.

Azia elkarteko soldatapekoa arduratzen da GALTen dinamizazioaz: kideen miaketa, proiektu bultzatzaileen harrera, diru itzultzeen kudeaketa, desegitea, biltzar nagusiak, eta abar.

Proiektuan parte hartu duten eragileak

  • Azia Elkartea.
  • Odace Elkartea.
  • Kontabilitate alorreko adituen kabinetea.
  • Banka
  • Euskal Hirigune Elkargoa–Soule Xiberoa Poloa.
  • LGZ.
  • CCI.
  • Lurraldeko biztanleak.

Baliabide ekonomikoak

  1. GALTen bitartekoa koordinatzen duen Aziako dinamizatzailearen ordainsaria.
  2. Banku gastuak.
  3. Posta gastuak.
  4. Batzar Nagusiak antolatzeko gastuak.
  5. Komunikazio eta publizitate gastuak: atxikitze kanpaina, jingleak, iragarkiak…

Finantzaketa

Batzordekide/aurreztaileen ekarpenekin funtzionatzen du GALTek: 180 € pertsona bakoitzeko. Proiektuaren kudeaketarekin loturiko gastuak, goian aipatutakoak, Azia elkarteak ordaintzen ditu, hura arduratzen baita proiektua kudeatzeko finantzaketa bilatzeaz Eskualdean, Euskal Hirigune Elkargoan, Departamentuan, udalerrietan, fundazioetan eta abarretan.

Elkarte batek eta haren boluntarioek kudeatu dezakete, soldatakorik gabe, GALT bat. Libretan biltzen diren aurrezkietatik sortutako interesekin ordaintzen dira posta, banku, publizitate… gastuak.

Emaitzak

2000. urtetik ehun enplegu inguru sortu dira, neurri batean bederen, GALTen laguntzari esker. Horrela, 64 gazteri lagundu zaie bere negozioa hasten edo beren negozioarekin jarraitzen.

Erabilitako lan dokumentuak

Proiektuaren eramaileak bete beharreko espedientea, bere proiektua, finantzaketa plana, aurrekontu zenbatetsia eta abar zehatz adierazita.

Proiektuaren hedapena

Ekonomia sozial eta solidarioarekin loturiko hainbat ekitalditan aurkezten da sortu zenetik GALT. Era berean, duen hedapen handiari esker, aldameneko lurraldeetako (Nafarroa Beherea eta Aspe bailara) 2 egiturari lagundu die beren aurrezki solidariorako bitartekoa sortzen.

Indarguneak

  • Lurraldeko biztanle asko mugiarazten dituen bitartekoa da.
  • Oso bitarteko zehatza da bazkideentzat, enpresa sorkuntza desberdinen bidez azkar asko ikusten baitute beren partaidetza zertarako erabiliko den. Badakite beren dirua non “jarriko” den eta egiaz zertarako erabiliko den.
  • Lurralde bateko ekonomia garatzeko eta, horrenbestez, dinamizatzeko aukera ematen duen bitartekoa da.
  • Lurralde batean elkartasuna eta elkar laguntza garatzeko aukera ematen duen tresna da, inplikatutako alderdi guztiek baitute beren egitekoa.

Ahuleziak

Proiektuaren hasieran, sare egokia behar da kide kopuru nahikoa mugitzeko eta beharreko aurrezkiak bildu ahal izateko. Horrenbestez, komunikazio lan handia egin behar da bitartekoa ezagutzera emateko.

Aurrezkien kudeaketari dagokionean: gerta liteke denboraldi batzuetan bultzatu beharreko proiekturik ez izatea, diru laguntza eskaerarik ez izatea, eta batzuetan urtebetean gerta daiteke hori. Aitzitik, beste denboraldi batzuetan eskaera ugari izan litezke. Beraz, beharrezkoa da dirua utzi ahal izatea jakinda agian 2-3 urte itxaron beharko direla beste GALT bat sortu arte. GALT baten bizitzan ezin dugu proiektuak noiz iritsiko diren aurreratu eta beti ez da erraza izaten utzitako zenbatekoak administratzea.

GALT bat sortu eta gero aldiro ezeztatzea, beste berri bat sortzeko, astuna izan daiteke, administrazio mailan bereziki. Baina GALT berri bat sortzen den bakoitzean, berriro mugitu daiteke biztanleria, beste pertsona batzuk, GALT berri hori kudeatzeko (GALT bakoitzak bere zuzendaritza mahaia du, kide desberdinek osatua).


Proiektu hau inplementatzeko aukerak beste eragile batzuentzat

Proiektu hau erraz eraman daiteke beste lurralde batzuetara ere, eta jada egin da La Souleko eremuan. Bitartekoa ongi garatua dago, GALT bakoitzak bere ezustekoak baditu ere administratzeko, proiektu bakoitzaren arabera, baina koordinazioa ona da. Aziren helburuetako bat horixe da, hain zuzen ere, proiektua beste lurralde batzuetan hedatzea eta egitura horiei laguntzea beren aurrezki solidariorako bitartekoa sortzeko prozesuan.

Kontaktua:
Étienne JALLADEAU
Telefonoa:
05 59 28 67 62 05 59 28 67 62
Helbidea:
Centre multiservices 64 470 Atharratze (Zuberoa)
www:
http://www.azia.xyz