Errigora

Ekonomia sozial eraldatzailea eta tokiko ekonomia Elikadura burujabetza eta tokiko elikadura Euskara Nafarroa Garaia
Hasiera data:
2012
Bukaera data:
abian da
Lurraldea:
Nafarroa Garaia

Errigora Euskal Herria lurzoru eta elkarlana lanabes dituen proiektu bat da. Nafarroa hegoaldeko “zonalde zigortua” du ardatz. Bertatik eta bertarako egiten du lan, Euskal Herri osoko elkarlan eta ikuspegiaz.

Eremu horretako berezko produktuak Euskal Herri osotik banatzen ditu. Esaterako, zainzuriak, orburuak, arroza, olioa… eta filosofia argia du: Zergatik kontsumitu urruneko produktuak, etxean bertan edukita?

Argazki galeria

Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea

2012an, Zazpiak Bat Harreman Sareak lan taldetxo bat osatu zuen bere ekimenez eta proiektu hau jarri zuen martxan. Kasu hartan Ikastolen Elkartearekin batera garatu zen proiektua; 1.500etik gora saski banatu ziren eta Argia Ikastolara 34.000 euro bideratzea lortu zen.

2013ari begira, hausnartu eta helburuetan zorrotzagoak izan gintezkeela konturatu ginen, bazegoela proiektuaren lorpenak hobetzeko tartea oraindik. Horrela bada, aldaketa batzuk planteatu genituen.

Hasteko, proiektuak nortasun eta antolakuntza propioa behar zituela ikusi genuen. Hori horrela, Zazpiak Bat Harreman Sarearen egitasmoari ERRIGORA izena jarri zitzaion, eta izenarekin batera, irudi korporatibo berri bat.

Horrez gain, egun ERRIGORA bere dinamika eta helburuekin bat egiten duen jende multzo batek ateratzen du aurrera. Sare erara funtzionatzen du, eta sare hori Euskal Herriko hainbat txokotako herritarrek osatzen dute, gure lagunek eta lagunen lagunek. Alegia, proiektuaren helburu eta filosofiarekin bat egiten duten boluntario multzo batek.

Errigorairudia2.jpg

Proiektuaren helburu orokorrak

  • Nafarroa hegoaldeko produktuei Euskal Herriko plazan bidea ematea, merkatu globalizatua eragiten ari den kalteei aurre egiteko eta produktu horiek bultzatzeko.
  • Nafarroa hegoaldeko “zonalde zigortua”ren alde aritzea. Horretarako, hango produktuak Euskal Herrian zabaltzen dira eta etekin ekonomikoen zati bat zonalde horretako euskalgintzara bideratzen da.
  • Herrigintza, auzolana, nazio eraikuntza… “betiko” lan kolektiboan oinarrituz ekarpentxo bat egitea, lan molde horren beharra aldarrikatuz.

Errigorairudia3.jpg

Ekimenaren helburu espezifikoak eta funtzionamendua

Batetik, ikasturte bakoitzean bi kanpaina nagusi ateratzen ditu Errigorak Ikastolen Elkartearekin, Sortzen-Ikasbatuazekin eta AEKrekin elkarlanean. Lehenengo kanpaina udazkenean izaten da, bigarrena, aldiz, udaberrian. Horien bitartez, Nafarroa hegoaldeko produktuekin osatutako saskiak banatzen dira, eta ateratako dirua, eremu horretako euskalgintzara bideratzen da.

Udazkeneko kanpaina

Udazkenekoa izaten da zabalena, eta hari eskaintzen zaio ahaleginik handiena.

Nafar Hegoaldeko produktuez osatutako saskiak banatzen dira Euskal Herrian zehar. Saski koloretsua izaten da, Nafarroako produktu ezberdinen erakusleiho.

  • Errigora: Errigorako kideak kanpaina dinamizatzeaz arduratzen dira, eta bitartekoak eskaintzen dituzte eskola, ikastola, euskaltegi, elkarte, enpresa eta udaletxeetan kanpaina haien eremuan hedatu edota saskia eskuratzeko.
  • Zazpiak Bat, AEK, Ikastolak eta Sortzen dira partaide nagusiak. Bakoitzak kanpaina bere esparruan garatzeko ardura du.
  • Udaletxe eta enpresak: Aukera eta gogoa dagoen herrietan langileei saskia eskuratzeko aukera eskaintzen zaie. Horretarako, zerrendak bideratzen dira eremu horietara.
  • Kanpainari hasiera emateko unean ERRIGORA arduratzen da leku bakoitzean (ikastola, eskola, euskaltegi, elkarte, udaletxe edota enpresa) erakusgarri izango den saski eta kartel bana banatzeaz.
  • Kanpainak irauten duen 3 asteetan saskia eskatu nahi dutenen zerrendak osatzen dira.
  • ERRIGORAri jakinarazi behar zaio zenbatekoa izan den eskaera leku bakoitzean.
  • Ostean, ERRIGORAk egiten du saskien banaketa.
  • Leku bakoitzetik ERRIGORArekin kontaktuan denak saskien dirua jaso eta horretarako sortutako kontu korrontean sartuko du.


Irizpidea argia da: saskian Nafarroa hegoaldeko berezko produktuak bakarrik sartuko dira. Ez da urazarik eramango Tuteratik Balmasedara, baina bai zainzuriak edo pikillo piperrak… Azaroko saskiaren helburua Nafarroako produktuen erakusleiho izatea da; Euskal Herrian ezagutaraztea zer ekoizten den Nafarroa hegoaldean. Elikagai batzuk ekologikoak dira, beste batzuk ohiko ekoizpen metodoekin landutakoak, baina guztiak kalitate onenekoak.

Udaberriko kanpaina

Udaberrikoari dagokionez, eguneroko kontsumora bideratutako produktuez osatuta dago.

Hau da, aniztasun gutxiago du, baina kantitate handiagoa. Esaterako, olio bidoia, orburu kaxa… Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko helburua du, beraz, ESKUTIK ESKURA eramandako produktuak dira. Herrietan kontsumitzaile arduratsuen komunitateak sortzeko saiakera bat ere badela esan genezake.

Bestetik, bi kanpaina nagusiez gain haiek sortutako giro eta sentsibilitatea aprobetxatuz, Nafarroa hegoaldeko nekazariekiko harreman iraunkorrago eta egunerokoagoak eraiki nahi ditu Errigorak. Hau da, nafar produktuei bide berriak irekitzea du helburu, Euskal Herriko txoko ezberdinetara irits daitezen. Esaterako, ikastola eta ikastetxeetako jantokietara, kontsumo taldeetara… zergatik ez kontsumitu bertako, Nafarroako produktuak, urruneko olio, arroz edo zainzuriak kontsumitu beharrean?

Zein herritar kopuru eta multzori eragiten dion proiektuak

Ekoizleez gain, kontsumitzen duten guztiei.

Parte hartu duten eragileak

Sortzen Ikasbatuaz, Ikastolen Elkartea, AEK eta boluntario ugari.

Baliabide ekonomikoak

  • Martxan jartzeko lehen inbertsio bat behar izan zenuten? Esperientzia gauzatzeko ez genuen hasierako inbertsiorik izan, bertan aritu ginen guztion poltsikotik ateratakoa baino ez.
  • Horretarako diru laguntzarik edo beste finantzaketa iturririk izan zenuten? Ez dugu sekula diru laguntzarik jaso.
  • Beste baliabideak: Boluntarioen lana ezinbestekoa da proiektu honetan.

Emaitzak

  • 24 ekoizlek hartzen dute parte.
  • 200 herritan, 700 banaketa gune.
  • 12.000 saski (2015. urtean).
  • 157.000 euro (2015. urtean).
  • 45.000 litro olio 50 herritan (2015. urtean).
  • 90.000 kontserba ontzi banatu dira (2015. urtean).

NAFARROA HEGOALDEKO UZTA EUSKARARI PUZKA KANPAINAREN EMAITZAK

errigora-taula1.png

NAFARROA HEGOALDEKO UZTA ESKUTIK ESKURA KANPAINAREN EMAITZAK

errigora-taula2.png

Praktikaren difusioa

Komunikazio kanpaina handiak egin dira eta sare zabala du herri askotan.

Praktikaren puntu fuerteak

Errigora komunitatea

Oso denbora gutxian komunitate sendo bat eratu dugu. Milaka familia gara urtez urte Errigora ekimenaren bidez urrunekoen produktuak kontsumitu ordez Nafarroa Hegoaldeko produktuak dastatu eta gure eguneroko kontsumo ohituretara ekarri ditugunak.

Eta ehunka luze bat modu boluntarioan Errigorako kanpainetan parte hartu eta ekimenaren sarea osatzen dugunak.

25 ekoizle enpresa inguruk parte hartzen dugun Errigoran.

Ekarpen ekonomikoa

800.000 € ingurukoa da dagoeneko Nafarroa Hegoaldeko euskalgintzari egindako ekarpen ekonomikoa. Esanguratsua benetan herritik eta herrirako sortutako ekimen batentzat.

Bide berriak

Kanpainatik kanpo, etengabe jaso ditugu produktu horiek merkaturatzeko proposamenak; halako ugari jaso ditugu kontsumo elkarte, denda txiki edota ikastetxeetako jangeletatik. Horrek herri ekimenetatik abiatuta elikadura burujabetzaren bidean urrats berriak emateko bidea irekitzen du. Alegia, Nafarroa hegoaldeko ekoizleen artean eta gainerako euskal merkatuaren artean egiturazko bide iraunkorragoak eraikitzeko aukera.

Praktikaren puntu ahulak

Herrigintzatik sortutako ekimen askotan bezala, lan boluntarioak beti ditu muga eta zailtasun batzuk.

Kontaktua:
Errigora
www:
info@errigora.eus