Energia berdea sortzen duen zabortegia

Energia burujabetza eta deskarbonizazioa Lapurdi
Lurraldea:
Lapurdi
Herria:
Senpere
Biztanle kopurua:
6888

I-enerrek plaka fotovoltaikoak jarriko ditu dagoeneko erabiltzen ez diren zabortegietan energia sortu ahal izateko. 

Hamaika eztabaida iturriren abiapuntu izaten dira hondakinak. Udalerri askotan, gainera, zailtasunak izaten dituzte horien kudeaketarekin. Egoera ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Horregatik, klima aldaketak eskatzen dituen lehentasunezko neurrien aurrean, Ipar Euskal Herrian pausu bat haratago eman dute I-ener kooperatibak eta Biltagarbi Sindikatuak: itxita dauden zabortegietan eguzki plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte energia berriztagarria sortzeko. Proiektua zazpi gunetan garatzea aurreikusten dute, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Horien artean aurreratuen dagoen lanketa da Senperekoa; urtean 2,3 GWH ekoitziko ditu, 500 etxek erabiltzen duten energia adina.

Abiapuntua

Aspaldidanik ari da Biltagarbi sindikatua Ipar Euskal Herrian lanean, etxeko zikinak biltzen, sailkatzen eta eraldatzen. Halaber, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat zabortegiren kudeaketaz arduratzen da. Azpiegitura horiek, baina, ez dira betirako zabalik egoten; pilatzen duten zaborrak, ordea, betirako irauten du lurraren azpian. Hori dela eta, Frantziako legediak eskatzen die lur horien kudeaketaz arduratu behar direla zabortegia itxi eta 30 urte bitartez. Antza, hiru hamarraldiz jarraitzen dute lur horiek artifizializatuak izaten, eta trataera berezia behar izaten dute: tarteka-marteka analisiak egin behar izaten dituzte lurraren eta uraren egoera ezagutzeko.

2019an, sindikatuak deialdi bat egin zuen eremu horietan proiektuak garatzeko. I-ener kooperatibaren proposamenak irabazi zuen lehiaketa eta, horrenbestez, zazpi gunetan eguzki plaka fotovoltaikoak eraikitzeko aukera izango dute. Une honetan, espazio horien egoera gertutik ezagutzeko ikerketak garatzen ari dira. Horretarako, 5 urteko tartea dute; ostean, azken proposamena egin beharko dute, behin datu guztiak mahai gainean dituztela.

Erronka ez da makala, baina gainditzeko prest eta gogotsu daude. Zabortegiek arriskurik gabeko hondakinak biltzen dituzte, baina tentu handiz ibili behar dira instalazio fotovoltaikoak eraikitzen dituztenean, lurrazala ezin baitute zulatu. Izan ere, lurraren azpian mintz bat dago, eta hortik behera, zaborra pilatzen da; beraz, ezin da zulatu, eta kontu handiz ibili behar dira plakak jartzerakoan. Zenbait gunetan, gainera, lurra bera egokitu beharko dute; izan ere, sarritan, zabortegiek kono itxura hartzen dute, eta instalazio fotovoltaikoak ipintzeko, lurra apaldu beharko dute, maldak leuntzeko. Gasa ere ekoizten da lurraren azpian; ostean, erre egiten dute energia sortzeko. Beste leku batzuetan, berriz, zuzenean erre egiten dute airera ez isurtzeko.

Ingurumenari so

Amalurrak berehala berreskuratzen du lapurtzen zaion eremua. Hamaika urtez bizilagunek euren zikinak pilatzeko erabili duten gunea itxi ostean, naturak azkar berreskuratzen du bere txokoa, eta inguru horietan ekosistema ernatu egiten da berriro. Hori dela eta, ikerketa bat egin behar dute, eremu horretan bizi diren animaliak identifikatzeko, euren proposamenak ahalik eta kalterik txikiena egin diezaion eremuari. Senperen, adibidez, hegazti batzuk identifikatu dituzte; horregatik, konpentsazio guneak egin behar dituzte txori horientzako. Oreka bat bilatu behar dute, energia berriztagarriak sortzeko azpiegituren eta naturaren artean.


Proiektuaren xehetasunak

Lehen aldia da I-enerrek teilatuetatik lur azalera salto egiten duela. Kooperatibako kideek argi dute: pausu hau emango dute, lur horiek ez direlako laborantzarako egokiak, kutsatuta baitaude. Proiektuak aurreikusten dituen lanketen artean, Senperek hartu du aitzindaritza; izan ere, Herriko Etxeak dagoeneko argi berdea eman dio proiektuari. Zaluaga gunean eraikiko lukete lehen eguzki plaka fotovoltaiko parkea. Oro har, 3 hektareako hedadura izango luke, eta urtean 2,3GW ekoitziko ditu parkeak; 500 etxek erabiltzen duten energia kopurua, hots, Senpereko biztanleen %10.

Ipar Euskal Herriak aurrerapauso bat emanen du iraultza berdearen bidean. Gaur egun, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan kontsumitzen den energiaren %94 ez da bertan ekoizten. Elektrizitatea eta berotasunaren ekoizpena bertokiratzea da euren xedea, %100ean berriztagarria den modelo batera bideratuz.

Oro har, bi-hiru milioi euroko aurrekontua du Senpereko proiektuak, eta helburua da herritarren ekarpenekin lortzea finantziazioa. Guztia aurreikusi bezala badoa, 2024ko urtearen amaieran hasiko dira parkea eraikitzen. Gainerako proiektuak, Baionan, Urruñan, Maulen, Azkainen eta Behaslane-Laphizketan eraikiko dituzte, eta bakoitzak ditu bere ezaugarri propioak.

Energiaren sare zirkularra

Benetako eraldaketa gauzatzeko, eragile guztien arteko elkarlana ezinbestekoa da. Horregatik, energiaren zirkuitu labur bat sortzea du helburu I-enerrek Enargiarekin (argi-indar hornitzailea) batera. Epemuga 2030ean jarri dute, aurrerapausoak emateko: I-enerrek Enargiak saltzen duen energia berdea sortu nahi du Enargia, Ipar Euskal Herriko herritarrek tokian toki sortzen den energia kontsumi dezaten euren etxeetan. Bertatik eta bertakoa. Herritik eta herriarentzat.

Kontaktua:
Iener
Telefonoa:
0033(0)645755452 0033(0)645755452
Helbidea:
Iener: Lutxiborda, 64200, Donazaharre (Nafarroa Beherea)
www:
https://i-ener.eus/eu/