Auzozaintza sare publiko-komunitarioa

Zaintza Gipuzkoa
Hasiera data:
2022
Bukaera data:
Abian da
Lurraldea:
Gipuzkoa
Herria:
Hernani
Biztanle kopurua:
20588

Hernani Burujabe egitasmoaren baitan (tokiko garapen jasangarriaren inguruko plan estrategikoa), AUZOZAINTZA sare publiko-komunitarioa programa jarri du martxan Hernaniko Udalak. Proiektu honek hautatu gabeko bakardade egoera hauskorrean dauden adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzea eta hauen zaintzan ari diren langileen lan baldintzak duintzea du helburu.

1. Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea.

Herriko biztanleariaren datuei begiratuta, honen zahartze prozesu bat ematen ari dela ikusi eta biztanle asko bakardade egoera ez hautatuan bizi direla ondoriozta daiteke. Egoera horrek kezka sortzen zuen Hernaniko Udalean eta horri aurre egiteko ekimen desberdinak sortzen hasia zen herriko eragileekin batera.

Horri lotuta, 2016an Hernaniko Udalak beste hiru herrirekin batera emakume baten herentzia bat jaso zuen. Emakume horrek bere testamentuan argi utzi zuen udalek diru hori zertarako erabili behar zuten: bakardade egoeran dauden eta bitartekorik ez duten adinekoei laguntzeko ekimenak egiteko. Hernaniko Udalak enkargu horri proiektu berritzaile batekin erantzun nahi zion.

Bestetik, 2020an Beterri – Buruntza eskualdean Zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena egin ziren. Bertan, agerian geratzen zen zaintza lanetan dihardutenek bizi dituzten baldintza kaxkarrak. Horren aurrean ere Hernaniko Udalak esku hartu nahi zuen.

2. Helburu orokorrak

Programa honen helburu nagusia, alde batetik, bakardade egoera ez-hautatuan dauden Hernaniko adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzea da. Hortarako, harreman sozialak lantzea, autonomia lortzea eta herri mailako eragile eta dinamika anitzetan parte hartzea bilatuko da, beti ere, adineko pertsonen behar, nahi eta motibazioak zentroan jarrita. Helburua, beraz, adineko pertsonak bakardade egoeran bizitzetik, bere auzo edo komunitatean bere bizitza modu autonomoan garatzea izango da.

Bestetik, zaintzaren eta mendekotasunaren esparruan lan egiten duten emakume migranteen inklusio soziolaborala sustatzea.

3. Proiektuaren ezaugarri nagusiak

Proiektuak bi bloke nagusi ditu.

  • Adinekoen hautatu gabeko bakardade egoeretan eragitea. Bloke honetan 3 zati bereiz daitezke:

         1. Diagnosia: hautatu gabeko bakardadean dauden pertsonen identifikazioa. Gislan enpresaren “Teknoadineko” geolokalizazio tresna jarri da martxan. Tresna honek pertsonen inguruko datuak dituzten datu-base desberdinak gurutzatzea ahalbidetzen du. Erabiltzen diren datu-baseak zerbitzu sozialen irizpideen arabera hauskortasuna adieraz dezaketen datuak jasotzen dituztenak dira. Tresna honek datu eguneratuak izatea ahalbidetzen du eta gainera mapa batean geolokalizatuak. Datu hauek guztiak Udalaren serbidorean gordetzen dira.

         2. Esku hartzea: Udala harremanetan jartzen da detektatu den pertsonekin eta banakako esku-hartze bat proposatzen zaio. Borondatezkoa da partehartzea. Esku-hartze hori hezitzaileek diseinatzen dute eta pertsonaren araberako helburuak ezartzen dituzte. Adineko pertsonarekin zuzenean Bidelagun figurak egongo dira. Hauek izango dira adineko pertsonari komunitatean sartzeko akonpainamendua egingo diotenak, eskuz-esku lagunduko diotenak, astean ezartzen den maiztasunarekin egingo diren esku-hartze saioetan. Esku-hartze horren jarraipena egingo da eta helburuen lortze-maila neurtzen joan. Behin komunitatean integratua dagoela ikustean, eskuhartzea bukatutzat emango litzateke.

Bloke honen beste erpin bat, “Auzozain” figurarena izango litzateke. Auzozainak, auzo bakoitzeko gune erreferenteetako langileak (dendariak, tabernariak, etab.) eta auzokideak izan daitezke. Hauen parte hartzea borondatezkoa da eta ez dute erabiltzailearen zaintzarekiko erantzunkizun edo ardurarik. Beraien funtzioa, egunerokotasuneko harremana baliatuz, jarraipena egin eta erabiltzailearengan ezohiko zerbait nabarituz gero (beherakada animikoa edo fisikoa izan du, ez da kalera irtetzen, etxeko pertsianak ez ditu igotzen...), aplikazio teknologiko baten bidez, Gizarte zerbitzuei jakinaraziko lieke, beti ere, informazioa konfidentzialtasunez erabiliz. Hortik aurrera, inplikazio maila ezberdinak egon daitezke.

          3. Komunitatea: komunitatea eta honekiko inklusioa izango luke ardatz. Herriko eta auzoetako eragileekin lanketa egin eta hauek inplikatu, erabiltzaileei zuzendutako ekintzak antolatu eta proiektuaren parte izan daitezen (babesgabetasun detekziorako tresna ere badira) animatu. Jubilatuen elkarteak, anbulategia, Auzo elkarteak, etab. Helburua, erabiltzaileak komunitatearen parte bilakatzea da. Horretarako, harreman sozialak saretzea, parte hartze soziala sustatzea; kultura, aisialdi eta kirol jardueretan parte hartzea eta zerbitzu publikoak eskuragarri izatea ahalbideratu behar da.

  • Zaintza lanetara dedikatzen diren emakume migratuen inklusioa bultzatzea. Adinekoen eskuhartze blokean Bidelagun figura Hernanin sortua den Maitelan kooperatibako kideek egingo dute. Maitelan kooperatiba irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da , Hernanin zaintza lanetara dedikatzen diren emakumen migratu batzuen artean sortu dutena. Langile hauek jardunaldi osoko lanaldia izango dute eta horren barruan, jardunaldiaren %15a formaziora dedikatua. Lehen fase honetan euskara klaseak jasoko dituzte, horrek aurrera begira lan inklusioan lagunduko dietelako. Langile hauek Gipuzkoako eskuhartze sozialeko lan-hitzarmenaren araberako baldintzak izango dituzte.

4. Beste programa batzuekin izan dezkeen harremana.

Herriko beste eragile eta zerbitzu batzuekin saretuta dagoen egitasmoa izanik, hauekin duen harremana estua izango litzateke. Zerbitzu publikoak (udal liburutegia, anbulategia, gizarte zerbitzuak, etab.), Auzo Elkarteak, Jubilatuen Elkartea, kultur eragileak, kirol taldeak, etab. Egitasmo honek lotura zuzena dauka urte batzuk lehenago Hernaniko Udala eta Hernaniko Osasun Zentroa elkarlanean osatzen hasi ziren Osasun Aktiboen Mapeoarekin.

5. Faseak

  • 2015-2019 legegintzaldian Hernaniko Udala auzo elkarteekin elkarlanean hasi zen adineko pertsonentzat zuzendutako prebentzio ekintzak martxan jartzeko auzoetan bertan.

  • 2016an Hernaniko Udalak herentzia bat jaso zuen, bakardadean dauden eta bitartekorik ez duten adineko pertsonentzat programa bat martxan jartzeko.

  • 2015-2019 legegintzaldian zehar Maitelan kooperatiba sortu zen Hernanin, eskualdeko programa baten bitartez.

  • 2020an Beterri – Buruntza eskualdeko zaintza erregimenaren diagnostikoa burutu zen.

  • Lan- saio desberdinak egin ziren ordezkari politiko, teknikari eta adituekin gaiaz hausnartzeko. Bertan sortu zen adinekoekin banakako esku-hartze hezitzaileak egiteko ideia.

  • Egitasmoa diseinatu (Hernaniko Udala + Maitelan kooperatiba + Zabalduz kooperatiba).

  • 4 urterako hitzarmena sinatzen da Maitelan eta Zabalduzekin.

  • 2022ko urtarrila: froga pilotua. 3 auzotan, 12 erabiltzailerekin.

  • 2022an zehar auzo gehiagotara zabaltzen joateko asmoa.

6. Parte hartzaileak

  • Udal Gobernuko kideak

  • Sail desberdinetako udal teknikariak: Zerbitzu Sozialak, Berdintasuna eta Kulturartekotasuna, Adinekoen Atala

  • Zaintza mahaia osatu da: Emagin, udal teknikari eta politikariak

  • Zabalduz kooperatiba

  • Maitelan kooperatiba.

  • Hernaniko Osasun Zentroarekin lanketa beraiek parte aktibo izan daitezen detekzioan

  • Eragileei aurkezpenak: Adinekoen Kontseilua, froga pilotua egin den auzoak

7. Finantzaketa

Proiektua Udalak finantzatu du bere osotasunean. Alde batetik, herentziatik jasotako dirua, diagnosi eta esku hartze blokeak finantziatzeko erabiliko da (250.000/urteko) eta bloke komunitarioa, Udalak asumituko du.

8. Eragindako dokumentuak

  • Maitelan eta Zabalduz kooperatibekin hitzarmenak

9. Ebaluazioa

Proiektua oraindik froga pilotuaren fasean dagoenez, zaila da ebaluatzea. Hala ere, egitasmoa martxan egon den hilabete hauetan zehar, emaitza batzuk ikusteko balio izan du. Alde batetik langileak enpoderatu egiten dira. Bestetik, epe motzean aldaketak nabaritzen hasi dira erabiltzaileengan eta azkenik, erakunde eta eragileen artean lan egiteko beste modu bat ipini da praktikan. Gainera, biztanlegoaren osasuna sustatu eta mendekotasunak ekidin edo atzeratu egiten dira.

Helbidea:
Gudarien Plaza, 1, 20120 Hernani, Gipuzkoa
www:
https://burujabe.hernani.eus/eu/zaintza