Auzoko
- Hasiera data:
- 2008
- Bukaera data:
- abian
- Lurraldea:
- Euskal Herria
- Herria:
- Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Donostia, Eskoriatza, Gasteiz, Ibarra, Oñati, Soraluze (2018-19 ikasturtean)
Euskal Herrian hizkuntza aniztasuna errealitate bat da. Bestalde, herritarrok, hizkuntza behar dugu elkarren artean komunikatzeko, jendartea osatzeko. Horrekin lotuta, gure proposamena euskara balioan jartzea da, erdigunean, kohesio eta komunikazio hizkuntza gisa.
Gure egitasmoa horizontala eta parte hartzailea da, eta helburu du herrietako errealitate kultur anitza eta eleanitza ezagutzea eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzea guztion arteko komunikazioa euskaraz jorratuta.
Herritar orok hartu dezake parte bertan, euskaraz dakienak auzotar moduan, eta ez dakienak, auzokide gisa. Bigarren horiek hizkuntzarako ibilbidea lehenengoen eskutik egitea da gakoa. Dena dela, bi soslai horiek ez dira zurrunak, dinamikoak dira, likidoak. Euskaraz ez dakien auzokideak lehen ezagutzak barneratu orduko auzotar profila bete dezake lagun taldera datorren berriarekin. Biak dira beharrezkoak egitasmoak osotasuna izan dezan.
Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea
Topaguneak eta UEMAk genuen kezka bati erantzun nahian herri euskaldunetara zetozen etorri berriei hizkuntza harrera egiteko programa bat diseinatzea erabaki genuen 2008an. 2009rako txosten batean jaso genuen diseinua, eta urte bereko udazkenean lagun taldeen dinamikak frogatzeko 4 herritan hasi ginen lanean, lan boluntarioa oinarri nagusi izanda. Esperientzia horrek lagun taldeen baliagarritasuna erakutsi zigun.
2010eko udazkenetik, eta hainbat erakunderen sostenguari esker, Auzokon lan trinkoagoa egiteko aukera izaten ari gara, herri gehiagotan martxan jartzeaz gain, sentsibilizazio eta gizarteratze lana indartuta.
2013. urtea egitasmoaren sendotze urtea izan zen. Aurrez egitasmoa martxan zuten herriek proiektuarekiko apustua egiten jarraitu zuten, eta herri berriak batu ziren. Auzoko 7 herritan gauzatuz bukatu genuen urtea: Donostia, Bergara, Aretxabaleta, Azkoitia, Eskoriatza, Oñati eta Agurain. Azken horretan izan ezik, beste herri guztietan egitasmoari jarraipena emateko konpromisoa hartu zen 2014an, eta bi herri berri batu ziren, Arrasate eta Antzuola. Geroztik egitasmoan parte hartzen duten herrien kopuruak igotzen jarraitu du eta asko dira auzotar nahiz auzokide moduan jardun duten herritarrak.
Euskaltzaleen Topagunetik lehentasuna eman diegu diskurtsoaren lanketari eta herritarren sentsibilizazioan jorratu beharreko bideei. Gero eta gehiago dira aniztasunaren kudeaketaz hausnarketa egiten ari diren erakunde zein eragileak eta, guk ere, euskara ardatz hartuta, horietan gure ekarpena egiten jarraitzen dugu. Herrietan lagun taldeak eratu eta elikatzearen helburuari eutsiz, diskurtsoan eta herritarren sentsibilizazioan egin beharreko lanak lehentasunezkoa izaten jarraitzen du.
Zergatik Auzoko bezalako proiektu bat?
Herri euskaldunetan euskara da kohesio eta komunikazio hizkuntza, eta badira euskaraz gain hitz egiten diren beste hizkuntza batzuk ere. Auzoko egitasmoan kontuan hartzen dugu hizkuntzak pertsona baten gizarteratzean duen garrantzia, eta euskaratik urrun dauden herritarrei (auzokideak) euskarara hurbiltzeko lehen urratsak eman ahal izateko ibilbidea eskaintzen diegu, herritar euskaldunen (auzotarren) eskutik, horretarako propio sortutako lagun taldeen bidez. Talde horien funtzionamendua ludikotasunean, horizontaltasunean, elkar ezagutzan eta elkar aitortzan oinarritzen da.
Auzokoren bidez, euskaraz ez dakiena euskarara hurbiltzea lortu nahi da, eta, bide batez, hizkuntza desberdinetako herritarrak harremanetan jarri. Harreman zuzenaren eta hurbiltasunaren bidea dira beste hizkuntzetako hiztun helduak euskarara hurbiltzeko erarik onenak.
Egitasmoaren azken helburua ez da inor euskalduntzea, baina bai horretarako atea irekitzea; ikasi nahi izateko, hizkuntza ezagutzea baita lehen pausua.
Gainera, hizkuntza egitasmo honek elkarbizitzako helburu garrantzitsuak jorratzen ditu, hala nola, elkar ezagutza, hurbilketa, aurreiritziak gainditzea eta elkarren aitortza. Bide horretan, norberaren hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa bideratzen du egitasmoak, bai euskaldunengan, bai euskaratik urrun bizi diren herritarrengan. Hizkuntzaren normalizaziorako ezinbestekoa da egungo gure herrietako kultur eta hizkuntza aniztasunaz ohartzea eta bide horretan lan egitea.
Auzoko Jaia
Egitasmoan agerian jartzen den herrietako aniztasun hori ospatzeko eta ikusgarri egiteko, ikasturte amaieran Auzoko Jaia deritzoguna antolatzen dugu, urtero herri desberdin batean. Auzokon parte hartzen duten auzokide eta auzotarrak ez ezik, herritar oro dago gonbidatuta bertan parte hartzera. Egun horretan Auzokoko ohiko dinamikak egiteaz gain, musika, dantza eta janari dastatzeak ere egiten ditugu, herrialde desberdinetako ohiturak gure herrietako plazetara ekarriaz. Aniztasuna euskaraz eta elkarrekin gozatzeko unea izaten da Auzoko Jaia.
Proiektuaren helburuak
- Euskaratik urrun bizi direnak euskarara hurbildu nahi ditugu. Euskara guztien esku jarri nahi dugu, hizkuntza kalean, jende arten ikasteko aukerak sortuz, hori baita hizkuntza bat bereganatzeko modurik naturalena.
- Herritarrak gure herrietako hizkuntza aniztasunaz jabetzea: Gure herrietan gaur egun denetariko doinuak entzun ditzakegu. 20, 30, 40 hizkuntzen hiztunok partekatzen ditugu kale, eskola, denda, kiroldegi eta abarrak.
- Hizkuntza desberdinetako herritarrak harremanetan jarri nahi ditugu, norberarena aintzat hartuta, euskara kohesio hizkuntza izan dadin, etorkizunera begira bide horretan sakondu nahi dela oinarritzat hartuta.
Hiru helburu nagusiez gain, zeharkako helburu hauek bete nahi ditugu Auzokorekin:
- Herritarren parte hartze publiko aktiboa bultzatzea.
- Euskara eta gure herrietan bizi diren gainerako hizkuntzen arteko zubiak eraikitzea.
- Euskal hiztunak euskarari eustearen eta erabiltzearen garrantziaz ohartaraztea.
- Herritarren arteko harreman sare horizontalak landu eta osatzen laguntzea.
Zein herritar kopuru eta multzori eragiten dion proiektuak
Aipaturiko herrietan parte hartzen duten herritarrei, euskaratik gertu ala urrun sentitu. Izan ere, bi perfileko parte hartzaileak zehazten dira Auzoko taldeetan:
- Auzotarrak: euskaraz dakitenak (Euskal Herrian jaioak izan ala ez)
- Auzokideak: euskaraz ez dakitenak (Euskal Herritik kanpo jaioak izan ala ez)
Proiektua aurrera eraman ahal izateko, dinamizatzaile bat edo dinamizatzaile talde bat arduratuko da taldearen jarraipena egiteaz. Dinamizazio hori modu boluntarioan edo kontratupean egiteko aukerak proposatzen ditugu Topagunetik.
Lagun taldeak sortu eta dinamizatzeko Topagunek prestakuntza, aholkularitza eta talde saioetan egiteko dinamiketarako ideiak eta materiala eskaintzen dizkie dinamizatzaileei. Herri bakoitzean gutxienez lagun talde bat jartzen da martxan, eta beharren arabera, beste bat sortzeko aukera ematen da. Talde bakoitzean bi profiletako parte hartzaileak egotea bermatzen da, betiere auzokideen kopurua auzotarrena baino handiagoa izan daitekeela kontuan hartuz.
Lagun taldeetako parte hartzaileengan eragiteko gaitasunaz gain, egitasmoak herriko beste eremu batzuetan ere eragin dezake. Sentsibilizazio ekintzen bidez, eragile eta pertsona ezberdinetara zabaltzen da proiektua, herritarren eta Auzokoko parte hartzaileen arteko harremanak sustatuz: ikastetxeak, kultur eragileak, gastronomia elkarteak, gaztetxeak, merkatariak, kirol elkarteak, eta abar.
Beste programa batzuekin izan dezakeen harremana
Auzoko interesgarria izan daiteke harrera plan integralak martxan jarri dituzten edo jartzeko prozesuan dauden herrientzat. Izan ere, egitasmoak euskaratik urrun dauden iritsi berriei harrera egiteko eta harreman sareak sortzeko laguntza eskaintzen du, betiere euskara ardatz hartuta.
Eragindako dokumentuak
Urteroko memoriak, kudeaketa planak, berrikuntza txostenak…
Praktikaren difusioa
Ikusi bideo eta argazkiak.
- Auzokoak dokumentalaren trailerra (goiburuan itsatsita baita)
- Auzoko Jaia Eskoriatzan (2015)
- Auzoko Jaia Oñatin (2016)
- Argazki galeria (Topagunea)
Ebaluazioa
Auzoko egitasmo dinamikoa da eta garatzen joan da hasi zenetik gaurdaino. Hainbat herritatik pasa da, eta batzuetan errepikatzen jarraitzen denez, urte luzetako esperientzia metatu da. Tokian tokiko ezaugarrietara eta herritarren beharretara moldatu daitekeen egitasmoa da gainera. Pertsonen mugimendua betidanik gertatu da, eta hala izaten jarraituko duenez, Auzoko bezalako egitasmoak oso garrantzitsuak dira herri batera iritsi berriei harrera positibo bat egiten eta harreman sareak indartzen laguntzeko, euskara erdigunean jarriz.
Praktikaren puntu fuerteak
Zer bilatzen dugu?
- Zubiak eraikitzea (pertsonen artean, hizkuntzen artean).
- Tresnak eskaintzea (elkarren hizkuntzetara hurbiltzeko).
- Euskal hiztuna hizkuntzari eustearen garrantziaz ohartaraztea.
- Beste hizkuntzekiko onarpena lantzea, gurearekiko onura ekarriko duelakoan.
- Harreman sare horizontalak sortzea.
Zer ez dugu nahi?
- Etorri berrientzat soilik egindako egitasmoa izatea.
- Etorri berriak euskararen egoeraren erantzule egiten dituen egitasmoa izatea.
- Udalarena soilik izango den egitasmoa izatea.
- Egitasmo estatiko bat izatea.
- Ezinezkoak lortu nahi dituen egitasmoa izatea.
Auzoko lankidetzarako, elkartrukerako eta borondatezko parte hartzea bideratzeko hizkuntza egitasmoa bat da. Herritarrak daude oinarrian, eta euskara erdian. Auzoko herritar guztiei irekita dagoen egitasmoa da, euskara gero eta guztionagoa egiteko bokazioa duena.
Praktikaren puntu ahulak
Pertsonekin ari garen momentutik eta harremanak erdigunean jartzen ditugun unetik, egitasmoak aurrera egingo du bakarrik harreman horiek garatzen badira. Praktikaren puntu ahula baino fuertea dela deritzogu pertsonekin lan egitea, baina egia da, egoerak egoera, partaidetza berritzea eta mantentzea izan ohi dela dinamizatzaileen zailtasunik handiena.
- Kontaktua:
- Jurdana Martin Retegi, aniztasun lantaldea, Euskaltzaleen Topagunea
- Telefonoa:
- 656702651 656702651
- Helbidea:
- Euskaltzaleen Topagunea (Martin Ugalde Parkea. Gudarien etorbidea z/g, 20140 Andoain, Gipuzkoa)
- www:
- http://topagunea.eus/auzoko/