Antxaputzuko jabetza publikoko etxebizitzak

Etxebizitza eta hirigintza Gipuzkoa
Hasiera data:
2017
Bukaera data:
2020
Lurraldea:
Gipuzkoa
Herria:
Zerain
Biztanle kopurua:
280

Bioeraikuntza bidez eraikitako zortzi apartamentu sustatu ditu Zeraingo Udalak Zerain Dezagun Fundazioarekin batera, gazte eta adinekoei alokairu sozialean eskaintzeko.

Argazki galeria

1. Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea

XXI. gizaldia hasi denetik 2017ra Zeraingo gazte askok, zehazki 23k, udalerria utzi eta beste udalerri batera joan dira bizitzera emantzipatu direnean:

NORA JOAN DIREN BIZITZERA

EMAKUMEAK

GIZONAK

GUZTIRA

SEGURA

3

4

7

ZEGAMA

2

1

3

BEASAIN

0

2

2

ORDIZIA

1

0

1

ATAUN

0

2

2

GOIERRIKO BESTE UDALERRI BATZUK

6

9

15

GOIERRITIK KANPO

5

3

8

GUZTIRA

11

12

23


23 gazte horietatik 15 Goierrin bertan inguruko herrietan kokatu dira. Beste 8 eskualdetik irten dira. Gazte horietako askok herrian bizitzeko gogoa azaldu zuten arren, ez zuten etxebizitzarik lortu herrian. Urte horietan guztietan etxebizitzak lortzeko aukera oso mugatua izan da. Denbora epe horretan baserri zaharren salmenta urria izan da, eta salgai jarri direnean prezioak oso altuak izan dira eta ez dira gazteentzat eskuragarriak izan.

2009.urtean Zeraingo hirigintza plan orokorra onartu zen eta bertan kaskoko hiru lur eremu publiko zehaztu ziren etxebizitzak egiteko, hain zuzen 25 etxebizitza egiteko. 2009tik 2015era ez da inolako etxebizitza promozio publikorik bultzatu. 2025-2019 agintaldiko programan proiektu bat garatzea aurreikusi zen, etxebizitza arazoari irtenbide bat emateko helburuarekin.

   Proiektuaren helburu orokorrak

Gazteen emantzipazioa erraztu, gurasoen etxetik irtendakoan herrian alokairuan bizitzeko aukerak eskainiz.

Adineko pertsonei herrigunean irisgarritasuna bermatuz alokairuan bizitzeko aukera eskaini.

Belaunaldi arteko harremana eta elkarrekintza ahalbideratu egoiliarren artean.

2. Ekimenaren helburu espezifikoak

Zortzi apartamentu eraikitzea kaskoan, irizpide ekologikoekin.

Apartamentuak gazte eta adinekoei eskaintzea bertan bizitzeko, alokairu sozialean.

Gazte eta adinekoen harremanak sustatzea, elkar zaintza mota berriak sortuz.

3. Zein herritar kopuru edota multzori eragiten dion proiektuak

18 eta 35 urte arteko gazteak edo 70 urtetik gorako biztanleei zuzendutako etxebizitzak dira. Hasieran sartu zirenen artean, ez zen eskaririk egon helduen aldetik, eta zortzi apartamentuak gazteekin okupatu ziren. Jatorriari dagokionez, Zeraingo eta Goierriko gazteak ziren.

   Gazteek bete beharreko baldintzak:

  • 18-35 urte bitartean. 34 urterekin sar daiteke norbait, eta iraupena gazteen kasuan bost urtekoa da; beraz, 39 urtera arte bizi daiteke bertan praktikan.

  • Urteko diru-sarrerak 3.000 eta 25.000 euro artekoak izatea (zerga oinarria).

  • Etxebizitzarik ez edukitzea jabetzan.

   Adinekoek bete beharreko baldintzak:

  • 70 urte edo gehiago izatea.

  • Etxebizitzarik ez edukitzea jabetzan.

  • Urteko diru-sarrerak 3.000 eta 25.000 euro artekoak izatea (zerga oinarria).

  • Adinekoen kasuan ez dago bertan bizitzeko eperik.

Praktikan, hartzaile errealak:

Etxeak beti okupazioaren topean egon dira, izena eman duten gehienak gazteak izan dira. Adineko pertsonak gerturatu dira eta bi eskaera izan dira baina baldintzengatik edo arrazoi pertsonalengatik orain arte ez da adineko pertsonarik etorri bertara bizitzera.

Gazteak dira guztiak eta, kasu batean, familia bat egon da bizitzen. Etxeek ezaugarri desberdinak dituzte: batzuk logela bakarrekoak dira, besteak bikoak. Familiari (gurasoak eta haurra) bi logelako bat gorde zitzaien, eta beste guztien kasuan, bakarka bizi ziren gazteak izaki, zozketa egin zen etxe bakoitza nori eman erabakitzeko.

Jatorriari dagokionez, gaur egun bizi direnetatik, 2 herriko gazteak dira eta besteak ondoko herrietakoak (Zegama, Legazpi, Mutiloa, Ormaiztegi, Ordizia).

4. Inplementazioa

   4.1. Faseak eta ekintza planak

    • 2017an beharren identifikazioa eta finantzazioa bilatu, 2018an exekuzio proiektua egin eta diru-laguntzak jaso, 2019an etxebizitzak eraikitzen hasi ziren eta 2020ko uztailean bukatu. 2020ko abuztuan bete ziren 8 etxebizitzak.

    • Lekua: Zeraingo udalerrian dagoen, hain zuzen herri gunean, Antxaputxuko eraikina, Oreka enpresako diseinuarekin egina.

    • Jabegoa: publikoa. Zeraingo Udala eta Zerain Dezagun Fundazio publikoaren artean sustatu da proiektua. Bi erakundeen arteko hitzarmen baten bidez udalak alokairuak kudeatzen ditu, Fundazioa da eraikinaren jabea eta berak kudeatu ditu eraikitze lanak. 50 urte barru etxebizitza libreak izango dira, herrian egongo diren etorkizuneko beharretarako.

  • Beharren identifikazioa:

Egitasmoa martxan jarri aurretik galdeketa bat egin zen Zerainen eta inguruko herrietan, eta ondorioztatu zen gazteek bi behar nagusi zituztela etxebizitzaren inguruan: alokairuan bizi nahi zutela eta ezin zutela hilean 300 eurotik gorako errenta ordaindu.

  • Ezaugarriak:

Etxebizitzak diseinatzerakoan kontuan hartu zen ekonomikoki bideragarriak izatea eta bioeraikuntzaren irizpideak betetzea: eraikina energetikoki eraginkorra izatea, “espazio osasuntsuak” izatea eta aztarna ekologikoa murriztea. Gehien erabili den materiala egurra da.

Kontsumo txikiko eraikuntza da eta material ekologikoez egina. Lau apartamentu gela bakarrekoak eta beste lau bi gelakoak dira.

Alokairu publikoa 50 urtez babestua dago. Hau da, Udalak Eusko Jaurlaritzarekin duen hitzarmenaren bidez 50 urtez etxe horiek alokairu sozialean izateko konpromisoa du.

Bost urteko kontratua egiten zaie gazteei. Prezioak diru-sarreren eta etxebizitzaren neurriaren araberakoak dira. Edozein kasutan, gutxienez 96 euro eta gehienez 260 euro inguru ordainduko dira hilean.

  • Etxeak esleitzeko prozedura:

  • 8 etxebizitza daude alokatzeko, teorian planteatuta dago 6 gazteentzat eta 2 adinekoentzat, baina beharren arabera lau eta lau izatera iritsi daitezke.

  • Esleipen prozesua egin ondoren, gazteen etxeren bat hutsik geratzen denean adinekoei esleituko litzaieke edo alderantziz. Orain arteko kasu guztietan gazteei esleitu zaizkie.

  • Betebehar guztiak betetzen dituztenek 100 puntu jasoko dituzte.

  • Azken bi urtetan Zerainen erroldatuta egoteagatik 5 puntu jasoko dira.

  • Azken bi urtetan Mutiloa, Zegama, Segura edo Idiazabalen erroldatuta egoteagatik 3 puntu jasoko dira.

  • Azken bi urtetan Goierriko beste edozein herritan erroldatuta egoteagatik puntu 1 jasoko da.

  • Puntuazio berdina atera dutenen artean zozketa publikoa egingo da.

  • Etxea esleitu ondoren norbaitek atzera egingo balu zerrendan, hurrengoari eskainiko zaio.

  • Itxaron zerrendan izena emateko aukera zabalik dago modu iraunkorrean.

Etxeak egin zirenerako, zazpi bizitza dagoeneko eskatuak zeuden eta eraikitzen amaitzerako beste bospasei pertsonako zerrenda egina zegoen. Etxe bat libre gelditzen denean hurrengoari esleitzen zaio (maizterrak utzi egin duelako, baldintzak dagoeneko ez dituelako betetzen, etab.). Urtero berrikusten da gazteek baldintzak betetzen dituzten.

   4.2. Parte hartu duten eragileak

Zeraingo bi erakundek bultzatutako proiektua izan da. Udala eta Zerain Dezagun Fundazioa. Honekin batera Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak eta Ihobek proiektua finantzatu dute eta Fiare Banka Etikoak mailegu bat eman du.

   4.3. Finantzazioa

Proiektuak guztira 600.000 euroko kostua izan du.

Horietatik 369.000 euro diru-laguntzetan jaso dugu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailetik eta Ihobetik, honela banatuta:

Eusko Jaurlaritzak etxe bakoitzagatik 40.000 euro eman ditu (320.000 euro guztira) eta proiektua idazteko 24.000 euro. Beraz, guztira 344.000 €.

Ihobek berriz, urbanizaziorako material berri bat probatzeko 25.000 € eman zituen.

Mailegu bat lortu genuen ia 230.000 eurokoa Fiare Banku Etikoaren eskutik. Mailegu hori etxebizitzan bizi diren pertsonek, hilero ordaintzen duten errentaren bidez ordaintzen ari gara, 15 urteko epean dena ordainduta geratuko delarik. Behin mailegua ordainduta, alokairuetatik eratorritako diru-sarrerak herriko beste proiektuetan inbertitzeko izango dira.

    4.4. Bestelako baliabideak

UEMAko kidea da Zeraingo Udala eta ondorioz, proiektu hau martxan jarri aurretik ELE ebaluazioa martxan jarri genuen jakiteko zein eragin izan zezakeen proiektuak herriko euskararen erabileran. Eragin kaltegarririk izango ez zuela ondorioztatu zuen ebaluazioak. Praktikan bertan bizi diren eta bizi izan diren gazteak euskaldunak izan dira, salbuespen bakarra egon delarik.

   4.5. Emaitzak:

Proiektuaren emaitza fisikoa zortzi apartamentu izan dira, bioeraikuntza bidez eraikitakoak. Bertan 14 gazte bizi dira.

5. Eragindako dokumentuak

  • Hasieran gazteei egindako inkesta
  • Lizitazioa
  • Diru laguntza deialdia
  • Eskaera
  • Ebazpena
  • Obra bukaerako txostena
  • Eragin linguistikoaren ebaluazioa (UEMA)

6. Balorazioa

Udalak egiten duen balorazioa oso positiboa da. Udalean, sartu zirenetik, bazegoen programan eta beren lan-ildoen baitan gazteak herrian mantentzeko saiakera, herrian gelditzeko aukera izan zezaten behintzat. Norabide horretan, balorazio oso positiboa egiten da proiektu honen inguruan.

Etxebizitzan bertan, bizilagun diren gazteen artean harreman oso ona dute. Elkarbizitzari dagokionez, ez da inongo arazorik egon. Oraindik ezin izan dira martxan jarri belaunaldi arteko ekintzak, adinekorik ez delako bertan bizi. Helburu batzuk ezin izan dira landu baina etorkizunean lantzeko baldintzak sortuko direla uste dugu.

Proiektua bere horretan oso polita, egingarria eta erraza izan dela baloratzen da, eta animatuko genituzke beste udalak ere gisa horretako zerbait egitera. Zerainen egin ahal izan badugu, edozein herri txikitan egin daitekeela frogatuta geratu da. Zerainek ez duelako aparteko baliabiderik, eta aurretik esan bezala, proiektu hau baliabide propioak erabili gabe gauzatu dugulako.

Udalaren aldetik, abiapuntua markatu zuen eta proiektua egingarri bilakatu duen faktore oso garrantzitsu bat izan zen, hain justu, bazegoela dagoeneko udalaren jabetzakoa zen lursail bat, zuzenean eraikitzeko modukoa zena. Horrek erraztu du proiektua horren denbora gutxian garatzea, bestela, hirigintza prozesuak oso luzeak baitira (lurrak erosi, kalifikazioa aldatu, plan partziala egin).