Prozesuak urtebete iraungo du, eta Euskal Herriko energia komunitateek marraztuko dute euren etorkizuna.
Udalbiltza Partzuergoak Euskal Herriko energia komunitateak harremanetan jarriko dituen bigarren mailako sarea eraikitzeko prozesua aurkeztu du Donostiako Kursaal aretoan, azaroaren 22an. Proiektuaren helburua da bigarren mailako azpiegitura bat sortzea, azken urte hauetan sortu diren eta abiatze bidean dauden energia komunitateentzako baliagarria izango dena. Hala, sareak komunitateei lagunduko die izan ditzaketen beharrak asetzen, eta erronkak elkarrekin gainditzeko aukera eskainiko die, energia proiektu horiek sendotzeko. Aurkezpenean 70 lagun inguru bildu dira, hala nola energia komunitateak, energia munduko eragileak eta adituak, garapen agentzietako teknikariak eta Trantsizio Energetikorako Bulegoetako lagunak.
Udalbiltzako lehendakari Haritz Alberdi Arrillagak eman die ongietorria gerturatutakoei. Partzuergoak azken urte hauetan energia burujabetzaren inguruan egindako lanketak errepasatu ditu labur-labur, eta Legorretan iragan ekainean egin ziren “Energia komunitateak: harreman sareak ehuntzen” topaketetako ondorioak azpimarratu ditu:
”Udalbiltza martxan jartzera doan prozesu honek, batetik, energia komunitateetatik jaso dugun beharrari erantzuten dio. Bestetik, Udalbiltzak energia burujabetzaren lanketan daraman logikari ekarpen bat egiten dio eta azkenik, gure lurraldea praktika erreal eta naturalen bidez kohesionatzen laguntzeko bultzada bat ematen dio. Uste dugu Energia Komunitateak erdigunean eta protagonista izango dituen Euskal Herri mailako sarearen osaketak trantsizio energetikoa bezalako erronka kolektiboei erantzunik aproposena eman diezaiokeela. Lanketa hori egitera goaz.
Haritz Alberdi ArrillagaUdalbiltzako lehendakaria
Ondoren, saretzearen onurak azaldu asmoz, Hitzar Energia Komunitateko Jone Etxeberri Agirrek hartu du hitza. Proiektuak Itsasondon (Gipuzkoa) bota ditu sustraiak, eta komunitateari ezinbesteko garrantzia ematen diote:
”Energia komunitatea sortzerakoan konturatzen zara zeinen garrantzitsua den taldean, aipatutako komunitatean, elkarrekin lan egitea. Baliabide ekonomikoak izatea oso garrantzitsua bada ere, nekez egingo dugu aurrera komunitaterik gabe.
Jone Etxeberri AgirreHitzar Energia Komunitatea
Ideiak oso argi izan dituzte hasieratik. Itsasondorentzat onuragarria izan dena positiboa izan daiteke Goierri eskualdeko gainerako udalerrientzat ere. Indarrak batuz, indartsuagoak direla deritzote:
”Guk hiru mailatako saretzearen alde egiten dugu: kooperatibaren barruko saretzea, sail bakoitzaren ezaugarri eta erritmoak aintzat hartzea ezinbestekoa baita; Goierri mailako gainerako eragileekin aritzea, gure lana ikuspegi eta norantza zabalago batean kokatu behar baita; eta nazio mailan, eskualde gisa gainerakoekin aritzea ezinbesteko dugulako.
Jone Etxeberri AgirreHitzar Energia Komunitatea
Sarea ehuntzen
Ekitaldiko azken aurkezpena Oihana Lorea Zabalegik (Artelan) eta Idoia Zulet Galék (Arankoa abokatuak) egin dute. Biak eskarmentu handiko pertsonak dira, eta urteak daramatzate energia komunitateak sortzen Nafarroan, behetik gorako prozesuak bultzatuz, eta herritarrak erdigunean jarriz. Hala, bigarren mailako sarearen eraikitze lanen gidaritza eurek izanen dute.
Azaldu dutenez, prozesuak arrakasta izan dezan talde eragile sendo bat osatu beharko da. Horretan, Euskal Herriko hainbat txokotako energia komunitateak egonen dira erdigunean, gizarte ekonomia izanen dute ardatzean, eta jakintza teknikoen bidez ahaldunduko da taldea, erabakiak elkarrekin hartzeko, hala nola ildo estrategikoak finkatzeko, gobernantza ereduaz solasteko edo sarearen forma juridikoaz eztabaidatzeko.
Prozesuak urtebete iraunen du, 2024ko abenduaren eta 2025eko ekainaren artean garatuko da. Orotara 4 saio presentzial eta 7 online saio aurreikusten dituzte. Guztia aurreikusi bezala badoa, hurrengo urteko udarako prest egonen litzateke bigarren mailako sarea.