Markina-Xemeinen egin zuen urteko azken Kontseilu Nagusia Udalbiltzak pasa den ostiralean. Bertan, 2025erako kudeaketa-plana eta aurrekontuak onartu ziren, eta lau herri gehiago sartu ziren Partzuergoan.
KONTSEILU NAGUSIA
2024ko azken Ez Ohiko Kontseilu nagusia izan zen pasa den ostiralean, hilak 25, Markina-Xemeinen, Bizkaian. Udalbiltzako udalerri Partzuergokideetako ordezkariak elkartu ziren bertan, eta hainbat puntu landu zituzten. Gainera, tokiko bi esperientzia ezagutu zituzten bertatik bertara: Berriatuako basogintza proiektua eta Lea-Artibaiko “Kortaun” test gunea proiektua.
KUDEAKETA-PLANA ETA AURREKONTUAK
2025. urtera begira, kudeaketa-plana eta aurrekontuak onartu ziren Kontseiluan. Datorren urterako helburuen artean, aurten markatutako pausoei jarraituko du Udalbiltzak: herri jasangarria lortzeko bidean, energia burujabetzaren bidea urratzen segituko du, energia komunitateen sarearen garapenarekin, eta elikadura burujabetzan sakonduko du; herri zaintzaile eta hezitzailea izateko helburuarekin, hezkuntzan eta zaintzan hasitako lanketei jarraipena emango die; amaitzeko, memoria duen herri euskalduna eta askotarikoari dagokionez, Geuretik Sortuak bekaren hirugarren edizioari ekin dio dagoeneko, eta 2025 eta 2026 urteetan zehar garatuko da.
Aurrekontuen zatirik handiena Geuretik Sortuak proiektuak eta langileriak eramango dute.
PARTZUERGOKIDE BERRIAK
Partzuergoa hazten doa, eta bi udalerri Partzuergotik irten baziren ere, hiru udalerriren eta bailara baten eskaera onartu zen Kontseilu Nagusian: Aezkoa, Arakil, Arrankudiaga-Zollo eta Arruazu, hain zuzen ere. Beraz, 2025etik aurrera, hazten eta lanean jarraituko du Udalbiltza Partzuergoak.