Aholkularitza > Esperientzia eredugarriak > Usurbil Herri Zaintzailea
Hasiera data: 2021
Lurraldea: Gipuzkoa
Herria: Usurbil
Biztanle kopurua: 6.438
Kontaktua: Usurbilgo Gizarte Zerbitzuak
Usurbilgo udalak azken hamarkadan eginiko hainbat ekimen barnebiltzen ditu Herri Zaintzailea izenburuak. Hainbat parte-hartze prozesu desberdinetan hausnartutakoak, udalaren egituran eta bereiziki gizarte zerbitzuen sailean egindako aldaketak, zaintzera bideratutako hainbat eraikinen definizio prozesuak, HAPOaren berritzeak, erantzunkidetasunean eginiko lanak… Hau guztia jasotzen du izenburuak, zaintzaren norabidean Usurbilen eginiko ekintzak dira. Hainbeste urtetako lana laburbildu ezin den arren, hemen zertzelada batzuk.
Testuingurua eta helburuak
Horretarako, Udaleko eremu guztietan ari dira norabide horretan lanean, besteak beste:
— Pertsona ardatz duen arreta eredua jarri dute martxan, eta zaintza ekosistema oso bat antolatu dute horren bueltan.
— Zaintzari lotutako lizitazio publikoak eredu berriaren arabera egokitzen ari dira, zaintza lanetan ari diren langileen lan baldintzak duindu eta zaintza behar duten pertsonen ongizate komunitarioa bermatzeko.
— Usurbilgo Plan orokorrean zaintzari eta eguneroko bizitzari erantzungo dion herri antolamendua eta hirigintza feminista txertatu dute.
— Mugikortasun aktibo eta jasangarria sustatzen ari dira, trantsizio ekosozialaren ikuspegitik ez ezik, baita zaintzaren ikuspegitik ere, besteak beste, oinezkoak lehenesten dituzten kaleak bultzatzen, harremanak sustatzen eta zaintza behar duten pertsonen eta adinekoen autonomia eta segurtasuna sustatzen.
Inplementazioa
Pertsona ardatz duen arreta eredua garatu dute. Norberarentzat bizigarria eta duina den bizitza definitu eta garatzen laguntzen duen tresna sortu dute, Bizi Plana: pertsona bakoitzari egokituta eta modu parte- hartzailean osatzen dira, zaintza behar duen pertsonari erabakimena emanda. Planak pertsona bere osotasunean ikusten du, eta bere bizitzako hainbat alor hartzen ditu kontuan. Alor horietako asko beste pertsonekin harremanetan eta herriko testuinguruan eman daitezke. Beraz, herritar oro eta herria bera ere, neurri batean, pertsona horren zaintzaren arduradun izan daitezke.
Usurbilgo zaintza ekosistema
Hortaz, ekosistema ikuspegia aintzat hartuta aritzen diren hainbat lantalde sortu dira. Talde horiek guztiak lotuta daude euren artean, eta denen arteko koordinazioaz arduratzen da erreferentziazko gizarte langilea.
Era berean, beharrezkoa da zaintza zerbitzuek ekosistemaren arabera lan egitea: udalak eskaintzen dituen zaintza zerbitzuen lizitazio berriak ekosistemaren edukietara eta lan egiteko moduetara egokituko ditu. Orain arte enpresen borondateak eta atxikimenduak egin du posible, eta aurrerantzean, betebehar gisa eskatuko zaie.
Garrantzitsua da, halaber, etxeko arretan eragitea: prestazio ekonomiko bidez etxeko arretan lanean ari diren langileak ekosistemaren antolaketa berrira ekarri eta ekosistemaren parte bihurtu nahi dituzte. Horretarako, ezinbestekoa da familien konplizitatea eta elkarlana.

