Urduñako herri sukaldea

telefonoa 945 384 050 | lokalizazioaBurdin kalea 2, 1. ezk. 48460 Urduña, Bizkaia | webguneawww.regresandoalfuturo.org
Aholkularitza > Esperientzia eredugarriak > Urduñako herri sukaldea

Hasiera data: 2006
Lurraldea: Bizkaia
Herriak: Urduña
Biztanle kopurua: 4.163

Elikadura burujabetzaren bidean herrian egiten ari diren lanketaren barruan, herri sukalde bat zabaldu dute, eskolako haurrei eta zahar egoitzako pertsona adinduei jaten emateko. Produktuak tokikoak erabiltzen dituzte; bertako dendatan eta ekoizleei erosten dizkiete. Aurrerago, etxez etxeko zerbitzua edo banaketarekin hasiko dira, pertsona adinduei begira.

Testuingurua eta helburuak

Krisi ekonomikoak gogor jo zuen herria, 2008tik aurrera. Lantegiak itxi ziren, eta langabezia tasak gora egin zuen. Testuinguru horretan, lehenengo sektorearen aldeko apustua egin zuten udalerrian. Hainbat dinamika eraman zituzten aurrera nekazaritza eta abeltzaintza indartzeko, eta, batez ere, belaunaldi aldaketa bermatzeko; hots, gazteak lehenengo sektorean hasteko. Testuinguru horretan, tokiko nekazariek eta abeltzainek ekoizten zituzten produktuak kontsumitzeko gune baten beharra ikusi zuten; hots, zikloa itxiko zuen proiektu bat. Hori horrela, herri sukalde bat eraikitzeko ideia garatzen hasi ziren, herriko eskolan eta zahar egoitzan zerbitzua eskainiko zuena.
Helburuak: tokiko garapena bultzatzea, elikadura burujabetzaren bidean; trantsizio ekologikoan pausoak ematea; elikadura sistema sortu eta garatzea.

Inplementazioa

Aurretik lanketa bat egon zen bertako abeltzainekin eta nekazariekin. Diagnostiko bat egin zen, baina, batez ere, estrategia garatzen eman zuten denbora. Tartean, formakuntza saioak eman zituzten. Produktuen komertzializazioa lantzen hasi zirenean sortu zen sukaldearen beharra. Sektoreak berak proposatu zuen. Ostean, garatzen hasi ziren: eraiki egin zuten, lekua aurretik identifikatuta zeukaten, eta tramite burokratikoetan sartu ziren. Zahar Egoitzaren sukaldea 2012an zabaldu zuten, Haur Eskolakoa, 2018ko irailean.

Ebaluazioa, indarguneak eta ahulguneak

Sukaldea zabaldu dute. Erabiltzaileek tokiko produktuak kontsumitzen dituzte, eta etxeko sukaldaritza lantzen da. Gainera, lanpostuak sortu dira, zerbitzua emateko (sukaldaria kontratatu da). Halaber, zahar egoitzaren kasuan, elikadura ohiturak aldatu dituzte. Urtero, 80.000 euro herrian geratzea lortu dute, eta arrautzak, barazkiak, lekariak, ogia, esnea, txerrikia… Ekologikoan jaten ari dira pertsona adinduak.
Indarguneak: bide honetan lortu dituzten aliantzak eta herritarren konpromisoa ezinbestekoak izan dira horrelako proiektu bat garatzeko.
Ahulguneak: finantzaketa edo errekurtso falta; erresistentzia, barruan eta kanpoan; aldaketa politikoak: beti daude 4 urterako perspektibarekin, eta gisa honetako proiektuek denbora gehiago eskatzen dute.

Info osagarria

Baliabide ekonomikoak eta finantzaketa: Orotara, proiektuak 300.000 euroko kostua izan du. Eusko Jaurlaritzak %80tik gorako ekarpena egin du, Europako Feader diru-laguntzen deialdiaren bitartez. Urduñako Udalak ere ekarpena egin du.