Segurako Aisialdi Taldea

telefonoa616 456 899 | lokalizazioaLardizabal 5, 20214 Segura, Gipuzkoa | webgunea www.segura.eus
Aholkularitza > Esperientzia eredugarriak > Segurako Aisialdi Taldea

Hasiera data: 2022
Lurraldea: Gipuzkoa
Herria: Segura
Biztanle kopurua: 1.483
Kontaktua: Izarra Urdalleta Iraola (alkatea)

Seguran, Aisialdi taldea sortzeko eginiko prozesuan zehar emaniko urratsak azaltzen dira. Hasiera batean, Udaletik modu zuzen batean nerabeentzako, herri mailan itxita zuten gaztelekua kudeatzea eskatu zitzaion Txatxilipurdi elkarteari; baina honek beste tipologia bateko prozesua proposatu zuen, prozesuaren oinarrian tokikotasuna eta 0km kontzeptuak erdigunean jarriz.

Testuingurua eta helburuak

Seguran, pandemiaren etorrerak sortutako paralisiaren edota gatazken ostean, aurrenerabeentzako aisialdi eskaintzan hutsune eta behar handi bat sumatu zen. Hasiera batean, Txatxilipurdi elkarteari gaztelekuaren kudeaketa eramateko eskari zuzena egin zitzaion. Eskaera horretatik, Txatxilipurdi elkartetik tokikotasuna indartzeko helburuaz, Seguran aisialdiaz arduratuko den gazte talde bat eratu eta indartzea izan zen helburu nagusia eta horretarako, prozesu hau babestuko duen talde eragilea sortzea izan zen lehenengo urratsa.
Helburu Nagusiak: Segurako aisialdian begirada izango duen eta sortu daitezkeen beharrez arduratuko den aisialdi talde egonkor bat eratzea; eta abiapuntu bezala balioko duen bi hilabeteko aisialdi eskaintza garatzea, aurrera begira hau iraunkorra izateko xedeaz.

Inplementazioa: faseak

1. Prozesuaren definizioa elkarlanean.
2. Talde eragilearen sorrera
3. Gazteekin kontrastea eta abiapuntuaren definizioa.
4. Aurre-nerabeentzako aisialdi eskaintzaren diseinua
5. Segurako Aisialdi Taldearen sorrera

Ebaluazioa, indarguneak eta ahulguneak

Bai udalak, bai erabiltzaileek, baita hezitzaileek ere balorazio positiboa egin dute prozesu orokorrari dagokionez eta bi hilabeteko aisialdi eskaintzaz.
Indarguneak: Prozesuaren hasierako hausnarketa, irteerak eta egindako ekintzak, kanpo zein barne espazioak, antolaketa eredua, asteroko koordinazio bilera finkoak, koordinatzailearen bide-laguntza, hezitzaileen errotazio sistema, hezitzaileen partetik izandako motibazioa eta jarrera, gaztetxoek izan duten zerbitzuarekiko zein hezitzaileekiko jarrera ona eta hezitzaile ordezkoak eskuragarri izatea.
Ahulguneak: egitasmoa denboran luzatu beharra dago; aurrenerabeekin mugak eta gatazkak kudeatzen jakiteko baliabide falta dago: ekintza espezifikoetan, hezitzaile gehiagoren beharra ikusi da; nerabeekin garbitasun eta txukuntasunaren inguruko lanketa egin beharra dago; barruko espazioa beraiekin batera sortu eta antolatzea beharrezkoa ikusten da. Bide batez, beraiekin batera arauak adostu beharra dago.

Info osagarria

Parte hartu duten eragileak: eskolatik eta familiatik harago joanda, herria osatzen duten eragileek hezkuntzaren ardura dutela sinesten dugulako. Horregatik, prozesu honetan, eskaera udaletik iritsi arren, herriko beste eragile batzuk inplikatuz talde eragilea/babes taldea sortu zen. Hasiera batean parte hartu zutenak; Udala, Guraso elkartea, euskara elkartea eta hezkuntza alorrean interesa duten herritarrak izan ziren.
Finantzazioa: prozesua aurrera eramateko 13.000€ behar izan dira eta saiatu garen arren ez dugu dirulaguntzarik lortu.