Oñatiko energia plana

telefonoa 943 780 411 | lokalizazioaForuen enparantza 1, 20560 Oñati, Gipuzkoa | webguneaoñati.eus
Aholkularitza > Esperientzia eredugarriak > Oñatiko energia plana

Hasiera data: 2023
Lurraldea: Gipuzkoa
Herria: Oñati
Biztanle kopurua: 11.449

Duela 130 urte, Oñatiko Ur Jauziak zentral hidroelektrikoa zabaldu zuten lagunek energia eredu berri batekin amesten zuten: Araotz mendiaren magalean jaiotzen den Ubao ibaitik energia sortu eta oñatiarren behar energetikoak asetzeko aukera zegoen; urratsak ematen hasi ziren. Mende luze honetan, amets horretan sakondu eta harago egin guran, hamaika pausu eman ditu herriak, Euskal Herrian erreferente bilakatu arte. Berriki, energia burujabetzan aurrera egiteko pausu berriak eman ditu udalak, eta zortzi neurri barnebiltzen dituen Energia plana abiatu du. Lanketa horien artean dago, esaterako, 2023ko martxoan zabaldu zuen Energia Bulegoa, eta une honetan merkaturatzaile propioa izateko lanean ari da. Dagoeneko hasi dira energia burujabetza atzamar-puntekin ukitzen.

Testuingurua eta helburuak

Herria inguratzen duten mendietan jaiotzen diren sei ur-jauzietatik hartzen du ura Oñatiko Ur Jauziak enpresa publikoak argi-indarra sortzeko. Energia gehiena euriteen eta elurteen sasoian sortzen dute; udan, ordea, ekoizpena murriztu egiten da. Hori dela eta, Oñatiko Udala ikerketa bat garatzen ari da guztira 2MW potentziako berriztagarrien azpiegitura eraikitzeko; ziurrenik eguzki plakekin oinarrituta egongo litzatekeen azpiegitura izango litzateke, ingurumenari ahalik eta inpakturik txikiena sorraraziz, eta helburua da udaran herritarrek behar duten kontsumo adina energia ekoiztea. Horri esker, kanpotik argi-indarra ekartzearen dependentzia murriztuko litzateke.

Inplementazioa

Zortzi esku-hartze kontuan hartzen dituen proposamena egin du Udalak energia burujabetza egia bilakatzeko: “Herritarrek argindarra prezio justuagoan lor dezaten, merkatuko espekulazio ekintzekiko dependentzia murrizteko plana”, “gardentasunaren aldeko urratsak eginez, etxebizitzen argindar eta gas fakturak aztertzeko aholkularitza bulegoa”, "autosufizientziaren aldeko pausuak emanez, argindar sorkuntzarako gune berriak eraikitzea", "efizientzia energetikoa oinarri, eraikin publikoetan energia kontsumoa murrizteko aukeren azterketa eta ekintza plana garatzea", "autokontsumorako plaka fotovoltaiko berriak eraikin publikoetan ipintzea", "lankidetzan oinarritutako iraunkortasun sarea osatzen jarraitzea", "argindar kontsumoa murriztu dadin, kaleko argiterian teknologia berriak eta iraunkorrak jartzea" eta "mugikortasun iraunkorra erdigunean, herriko gune ezberdinetan auto elektrikoendako karga-puntuak ipintzea".

Emaitzak

Udalerri askoren ametsa egia bilakatzen ari da Oñati. Izan ere, herrian sortzen den energia berriztagarria %45 da. Iraultza berdearen aldeko konpromiso hori CO2 isuriak murrizten laguntzen ari da. Debagoieneko herrien artean txantxikuarrak dira CO2 isurketa gehien ekiditen ari direnak. PLaneko zortzi pauoak betez gero, aitaren batean lortuko dute oñatiarren ametsa egia bilakatzea

Deskargatu esperientziaren fitxa

Gezia-berdea