Irurtzungo energia lanketa

telefonoa 948 500 051 | lokalizazioaForu plaza, 31860 Irurtzun, Nafarroa garaia | webguneairurtzun.eus
Aholkularitza > Esperientzia eredugarriak > Irurtzungo energia lanketa

Lurraldea: Nafarroa garaia
Herria: Irurtzun
Biztanle kopurua: 2.296
Kontaktua: xzubialde@energia.eus

Irurtzungo Udalak udaletxearen eraikina elektrizitatez hornitzeko eguzki instalazio fotovoltaiko bat egiteko aukerak eta baldintzak aztertzeari ekin zion. Gutxi gorabeherako “urte tipoa” identifikatzea izan zen abiapuntua:
• 34.714 kWh/urte
• 22,5 tona CO2/urte
• 6.000 edo 7.000 €/urte

Testuingurua eta helburuak

Herriko etxean, autokontsumo fotovoltaikorako instalazio bat planteatzeko dauden soluzio posibleak aztertu zituzten. Eraikinean bertan, jada bazegoen instalazio bat Arakilgo Udalarena. Eta aurreneko hipotesi modura, plantea liteke beste instalazio bat eraikinaren teilatuaren hegoaldeko isurian. Aukera hori bideragarria zen, eta ez zuten baztertu; alabaina, gorabehera hori aztertzen ari zirela, beste posibilitate bat sortu zen, beharbada abantaila handiagoak zekartzana alderdi guztietatik: exekuzio tekniko errazagoa, irizpide estetikoekin hobeki integratua, instalazio handiagoa egiteko modua, eta abar. Ondoko eraikin publiko batean sandwich erako estalki bat egitea zen planteaturiko hipotesia, udal liburutegian (Gazte Txoko ere esaten dioten horretan).

Inplementazioa

Modulu fotovoltaiko planokideak planteatu ziren (sandwich erako estalkiaren paralelo), 5 modulu lerro bider 14 modulu lerro (70 modulu); horrela, 19,25 KWp-ko eremu fotovoltaikoko potentzia pikoa izango zen. Estalki osoa estaliko zen (19 m x 9 m), baina hein batean oreka estatikoa errespetatuta. Simulazioan ateratako ekoizpen datuek urteko 27.800 kWh ematen dute gutxi gorabehera, eta hori da praktikan herriko etxeak darabilen energia (kontuan izanda, gainera, barne argiztapena erreformatzen bada, gaur egungo kontsumoa apaldu egingo dela).
Instalazioa kaleko banaketa sare elektrikora konektatu zen, kontagailu espezifiko baten bitartez; horrela, sorrarazitako eguzki energia neurtu eta erregistratu ahal da, eta ondoren bi eraikinetara banatu.

Emaitzak

Instalazioa legeztatuta, bi eraikinetako fakturetan aldaketa izan da. Energia elektriko kopuru bat "desagertu" egin da fakturatik (kontsumitzen jarraitzen dute, baina eguzki instalaziotik dator, eta beraz ez da fakturetan ageri), badago energia elektrikoan beste zati bat sare elektrikotik kontsumitzen jarraitzen duena dagokion prezioarekin eta badago hirugarren kopuru bat soberan dagoen energia elektrikoarena, eguzki irradiazioa dagoenean sarera injektatzen dena (fakturetan konpentsazio ekonomiko gisa ageri da kanpo sare elektrikora injektatutako soberan dagoen energia hori).

Info osagarria

Exekuzioaren aurrekontu osoa 25.000 euro ingurukoa izan zen (BEZa barne), instalazio osoarena, barnean sartzen zirelarik batetik ingeniaritza proiektua eta bestetik exekuzio materiala.

Deskargatu esperientziaren fitxa

Gezia-berdea