IKO: Igeldoko Kooperatiba

telefonoa 943 310 896 | lokalizazioaKristobal Balentziaga 93, 20008 Igeldo, Gipuzkoa | webguneawww.iko.eus
Aholkularitza > Esperientzia eredugarriak > IKO: Igeldoko Kooperatiba

Hasiera data: 2010
Lurraldea: Gipuzkoa
Herria: Igeldo
Biztanle kopurua: 1.100
Kontaktua: info@iko.eus

Oinarrizko zerbitzuen faltan, Igeldoko bizilagunek kooperatiba bat sortu dute, herritarrei zerbitzua emango dien elikadura denda bat zabalduaz. Salguneak, batez ere, tokiko ekoizleei eskaintzen die aukera euren produktuak saltzeko, baita ekoizle ekologikoei ere KM 0-150 filosofiaren itzalean.

Testuingurua eta helburuak

Aspaldidanik, Igeldon hutsik zegoen eraikin bat zuten, eta horri irtenbide bat emateko helburuarekin, hausnarketa prozesu bat abiatu zuten bizilagunek, euren esku egongo zen proiektu bat eraikitzeko asmoarekin. Halaber, herrian gabezia handia zuten, erosketak egiteko gune bat falta zelako, eta, horrenbestez, bizilagun guztiak Donostiara jaisten ziren erosketak egitera. Puzzle baten antzera, pieza guztiak txertatzen hasi ziren, eta bizilagunei zerbitzua eskainiko zien denda bat zabaltzea erabaki zuten. Gune berriak bertako eta inguruko nekazaritzari bultzada bat ematea izan zuen iparrorratz.
Helburua: herritarrei zerbitzua eskaintzea; elikadura burujabetzan pausuak ematea

Inplementazioa: faseak

1 Fasea: Eraikina ongi jarri. Garai batean nekazaritza kooperatiba bat zen, eta proiektua abiatzeko, orduko kooperatibako kideen ondorengoekin jarri ziren harremanetan kooperatiba berria zabaltzeko. Aldi berean, bizilagunekin batzar informatiboak egin zituzten, kooperatiba berrirako jende berria aukeratzeko helburuarekin. Hasieratik ere Igeldoko Herri Kontseiluarekin egon dira harremanetan, proiektua garatu ahal izateko.
2 Fasea: Kapitala lortu, eta eraikina zaharberritzea.

Ebaluazioa, indarguneak eta ahulguneak

Indarguneak: Bazkideak oinarri sendoa dira edozein proiektu aurrera eramateko; herrian bertan ere kontsumitzeko aukera eskaintzea; nekazaritza ekologikoa eta tokiko produktuak bultzatzea; bazkideen artean kooperatiba bat zer den lantzea, kooperatiba baten egitura, funtzionamendua horrekin bat egiten duen jende asko gerturatzen ari da.
Ahulguneak: bazkideen artean kooperatiba bat zer den lantzea, kooperatiba baten egitura, funtzionamendua.

Finantzazioa

Hasieran elkartu ziren bazkideek ekarpen bat egin zuten: 300 euro, obrako gastu minimoei aurre egiteko. (25 laguneko talde iraunkorra) Igeldoko Herri Kontseiluak ere ekarpen ekonomikoa egin du. Mendi Nekazaritzatik ere diru-laguntza jaso dute. Kooperatiba eratzerakoan, bazkide bakoitzak 500 euro jarri ditu: 113 bazkide daude. Bi mailegu dituzte eskatuta: bata, 180.000 eurokoa eta bestea, 20.000 eurokoa. Landa Garapen agentzietan aurkeztu zuten proiektua, Nekazal Guneetako garapenerako lerro batean, hain zuzen ere.