Hernaniko elikadura mahaia

telefonoa 688 824 467 | lokalizazioaFlorida auzoa 28, 20120 Hernani, Gipuzkoa | webguneawebgunea
Aholkularitza > Esperientzia eredugarriak > Hernaniko elikadura mahaia

Hasiera data: 2021
Lurraldea: Gipuzkoa
Herria: Hernani
Biztanle kopurua: 20.500
Kontaktua: elikadura@hernaniburujabe.eus

Elikadura Burujabetzak Hernaniko lehen sektoreko balio kate osoak elkar hartu du Hernaniko elikadura sistema iraunkor eta burujabea martxan jartzeko estrategia garatzeko. Hernaniar guztien elikatzeko eskubidea bermatze aldera, hainbat agentek parte hartzen dute dinamika honetan: HENASE (Nekazal abeltzainen sustapenerako elkartea), Herrilur (tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko elkartea), Bertatik (esku hartze komunitarioaren eta inklusio soziolaboralaren sektorean ari den kooperatiba, zeina tokiko produktuen prestaketan ere eraldaketan ere ari den), Berriak (Hernaniko merkatari eta ostalarien elkartea) eta Hernaniko Udala.

Helburuak

Estrategia horrek bi helburu nagusi dauzka: lehenengo sektorea sustatzea eta balio kate osoa sustatzea. Lehen sektorea enpleguaren eta ekonomiaren motor bihurtzeaz gain, laneratzeko eta gizarteratzeko lanpostuak sortzen ari dira estrategia horren baitan.
Gure Elikagai eta Zabalduz elkartu dira, eta Bertatik enpresa eratu dute, bazterkeria egoeran dauden pertsona eta kolektiboentzako lanpostuak sortzeko.

Inplementazioa

Bazterkeria egoeran dauden pertsonei sei hilabeteko formakuntzak eskaintzen ari zaizkie Nekazaritza Eskolan nekazaritza ekologikoan aritzeko, eta ondoren ordaindutako praktikak egiten dituzte HENASEko ekoizleen etxaldeetan.
Sukalde zentrala ere jarri da martxan plangintza horren baitan, merkaturatzeko aukerak handitu eta dibertsifikatzeko. Sukalde hori Bertatik Elikatuz enpresak kudeatzen du, eta bertan ere laneratzeko eta gizarteratzeko lanpostuak sortzen ari da. Haiek saltokietara eramateko banaketa sare bat ere martxan da, eta lanpostu gehiago sortu dira zeregin horretan ere. Herrilur kooperatibak Herri Lur denda martxan du Hernaniko Izpizua kalean, produktu horiek merkaturatzeko.

Aurrera begira

Bidenabar, pertsona horiek epe luzerako lan irtenbideak izan ditzaten, udalak borondatea du nekazaritzarako lurrak erosteko, euren esku uzteko asmoz. Lur horietan ekoitziko diren produktuak balio kate burujabean jarriko dira gizartearen esku, tokiko eta garaiko produktu ekologiko eta kalitatezkoak. Asmoa da herritarrek gero eta produktu gehiago kontsumitzea sare horretatik.
Elikadura burujabetza sustatzen ari den sare horrek marka komertzial bat sortuko du produktu guztietarako: HernaniKUA